Adam Ondra: "Baliteke datorren urtean Euskal Herrian egonaldi luzeago bat egitea"

Adam Ondra: "Baliteke datorren urtean Euskal Herrian egonaldi luzeago bat egitea" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/adam-ondra-quotbaliteke-datorren-urtean-euskal-herrian-egonaldi-luzeago-bat-egiteaquot/@@download/image/adam_ondra4_1399535365.jpg
2014/05/08
erreportajea
Argazkiak: Patxi Usobiaga. Testua: Aitor Abaroa
Adam Ondra: "Baliteke datorren urtean Euskal Herrian egonaldi luzeago bat egitea"
Momentuko eskalatzailerik onenetakoa, Adam Ondra (Brno, Txekia, 1993), Patxi Usobiagarekin (Eibar, 1980) entrenatzen ari da egunotan Euskal Herrian. Eta entrenatzetik aparte, lorpen azpimarragarri bat ere burutu du: 9a zailtasuneko bide bat bistara egitea, Baltzolako kobako (Dima, Bizkaia) 'Il domani' bidea. Munduan bera eta Alex Megos bakarrik izan dira horretarako gai.


Gurasoak eskalatzaileak izanik, umetatik izan du paretak igotzeko zaletasuna Adam Ondrak. Sei urterekin 6a zailtasuneko lehen bidea egin zuen, eta ordutik, 8a eta 9b+ zailtasunen arteko mila bide baino gehiago egin ditu. Munduko Kopa (2009, 2010) eta Munduko Txapelketa (2011) ere irabazi ditu. Bere lorpenen artean, aipatzekoa da 9a zailtasuneko bidea bistara egin duten bi eskalatzaileetako bat dela. Bitan lortu du, lehena Suitzan, La cabane au Canada, eta bigarrena, iragan igandean, Il domani, Baltzolako koban, Diman (Bizkaia). Patxi Usobiagarekin entrenatzen ari da inguruotan.
   
Bigarren aldiz lortu duzu 9a zailatsuneko bide bat bistara egitea. Nolatan aukeratu duzu Baltzolako 'Il domani' saiakera horretarako?
Bide hori probatzeko gogoa izan dut orain hiru urte 8c+ zailtasuneko bide bat lehenengoz bistara egin nuenean (Kidetasunaren balio erantsia, Etxauri, Nafarroa) Baltzolakoa ezagutu nuenetik. Gainera, Patxik esan zidan 9a zailtasuneko bat bistara egitekotan, Il domani niretzako perfektua zela. Baina momentu hartan ez nengoen ziur egin ote nezakeen, eta itxarotea erabaki nuen, indartsuago egon arte. Duela urtebete prestatuta sentitu nintzen, eta bertaratu egin nintzen, baina egun bakarra gera nintekeen eta baldintzak ez ziren onak, pareta oso hezea zegoen. Dilema handia izan zen, gogotsu bainengoen, baina azkenean ez saiatzeko erabakia hartu nuen. Orain konturatzen naiz erabaki zuzena izan zela. Izan ere, orduan baino indartsuago nengoen igandean, pareta egoera oso onean zegoen, lehorra, ukipenera perfektua... eta baldintza horietan ere, katea txapatzeko momentura gaitasunen oso mugan iritsi nintzen. Bide bat horrela txapatzeak sekulako poztasuna ematen du.

Gogotsu izan arren, momentu egokiaren zain geratzea zaila bezain garrantzitsua izango da, ezta?
Bistara eskalatzerakoan saiakera bakarra duzu, eta denbora luzez egin nahian zabiltzan bide batek presio handia eragiten dizu. Bidean zehar, puntu askotan akatsak egin ditzakezu, eta saiakera zapuztu. Momentu egokia aukeratzea garrantzitsua da. Igandean oso erlaxatuta nengoen, gogotsu, baina egia da eskalatzen hasi aurreko hamar minutuetan oso urduri jarri nintzela. Zortez, eskalatzen hasitakoan urduritasunak joan zitzaizkidan, bidean giltzarria den puntura heldu arte. Ondorengo zatia, goikaldea, pixka bat bustita zegoen, eta berez oso zaila ez den arren, zalantzak sortu zitzaizkidan; oso urduri jarri nintzen. Azkenean, zorte handia izan nuen, baina lorpena lorpena da.

Patxi Usobiagarekin ari zara entrenatzen. Nolatan?
Aurten nire helburua txapelketak dira. Orain arte, nire entrenamenduak oso amateurrak izan dira, oso indibidualista bainaiz, beti nik nahi dudana egitea dut gustuko. Baina modu horretan ezinezkoa da egun eta ordu jakin batean burutu beharreko txapelketetara formarik egokienean heltzea. Orain arte bezala entrenatuta, baliteke txapelketa baino bi aste lehenago oso indartsu egotea, baina gero txapelketa egunean oso gaizki sentitzea. Patxi eskalatzaile izugarria da, eta txapelketak irabazteko asko entrenatu eta sufritu du, esperientzia handia du. Txapelketak prestatzeko coach bat hartzea erabaki nuenean, buruan izan nuen aukera bakarra Patxirena izan zen. Niretzako coach bat izatea jada oso gauza arraroa da, baina konfiantza handia dut Patxirengan, esaten didan guztia zentzuduna da. Euskal Herrira egin dudan bidaia hau test bat izan da, proba bat, eta ondo lan egin dugu.

2009an Munduko Kopa irabazi zenuen, eta Usobiaga bigarrena izan zen. Egun hartan zera esan zuen: "Adamekin azken momentura arte borrokatu dut, buruz buruko ikusgarria izan da; ez dakit horrelakorik errepikatuko den".
2009a urte oso berezia izan zen niretzat. Egin nuen lehen txapelketa Munduko Txakelketa izan zen, Patxik irabazi zuen eta ni bigarrena izan nintzen. Gero, Munduko Kopan, amaieran, ni izan nintzen garaile eta Patxi bigarren. Garai hartan lehiakide handiak ginen, baina isolamendu guneetan beti asko hitz egin izan dugu, harreman estua izan dugu, eta lagun egin gara. Patxik lehiaketak eta eskalatzea uztea erabaki ostean ere bat egin izan dugu, eta uste dut duela urtebete Baltzolara Il domani egiteko asmoz etorri nintzenean, berari ere berriz eskalatzen hasteko harra nolabait piztu zitzaiola. Niretzako oso pozgarria da berriro eskalatzen ari dela ikustea, bere benetako pasioa eskalada baita.

Baltzolara bueltatuz, bistara egin duzun bigarren 9a zailtasuneko bidea izan da 'Il domani'; lehena 'La cabane au Canada' izan zen, Suitzan. Mundu guztiak espero zuen zu izatea zailtasun hori bistara gainditzen lehena, baina Alex Megos alemaniarra aurreratu zitzaizun, 'Estado crítico' (Siurana, Herrialde Katalanak) eginda. Lehia horiei garrantzia ematen diezu ala kanpotik sustatutako kontuak dira?
Uste dut kontu horiek ez didatela askorik eragiten, nire presiorik handiena neure buruari jartzen diodana izan baita beti. Bide bat egin nahi izateak eragiten dit presioa, ez jendeak nik hori egitea espero izateak. Egia da kanpoko presioak ere zertxobait eragiten duela, baina ez da garrantzitsua.

9a zailtasuneko bideak bistara zein flashean egin dituzu, eta aldiz, zure bigarren 9b+ zailtasuneko bidea ('Change', Norvegia) egiteko bederatzi asteko lana behar izan zenuen. 9b+ zailtasunean dago zure eta gainontzeko eskalatzaileen muga?
Ziurrenik ez. Kontuan izan behar da graduazioa subjektiboa dela. Gure esku dago 9b+ eta 9c graduen artean diferentzia handia edo txikia ezartzea. Nik uste dut diferentzia nabarmena markatu behar dugula, bidea zenbat eta zailagoa izan, orduan eta espezializatuagoa eta morfologikoagoa izan baitaiteke. Eskalatzaile bakoitzak bere alde indartsuak eta alde ahulak ditu, baina ziur nago kirol eskaladak oraindik garapen handia duela, kirol gaztea baita oraindik. Ez dago oso masifikatuta eta entrenamendu metodologiak ez dira oraindik oso zientifikoak. Nire ustez etorkizun osasuntsua du eskaladak.

9tik gorako zailtasunetan zabiltzatenon lanak txunditzen du oro har jendea, eta badirudi, maila apalagoetan baina sufrimendu handiz eta lan asko eginda euren helburuak lortzen ari diren eskalatzaileen lorpenak hutsalak direla, ez duzu uste?
Uste dut eskalada perfektua dela ondorengo zentzuan: eskalatzailea beti dibertitzen da bere mugetan dabilenean. Gutako batzuen mugak 9tik gora daude, baina beste batzuek 5 edo 6ko zailtasunetan dute muga. Hala ere, eskalatzea beti da oso dibertigarria, berdin dio zein gradutan, bakoitzak bere mugan disfrutatzen baitu. Dibertitzeko eskalatzen duenak ez du zertan zailtasun maila bat helburu izan behar.

Esan duzunez, aurten txapelketak dira zure helburua. Bi aste barru Boulderreko Munduko Kopan lehiatuko zara. Zein helbururekin joango zara?

Hasteko, helburua ondo pasatzea da. Baina uste dut ondo aritzeko aukera ere izan dezakedala, eta agian, batek daki, irabazteko aukera ere bai. Nire ezaugarriengatik, bide horiek ondo egiteko indartsu egon behar naiz, eta boulderrerako asko entrenatu ez dudan arren, uste dut nahiko forma onean nagoela. Dena dela, presiorik gabe noa, eta ondo ateratzen ez bada, ez da ezer gertatzen, helburu nagusia Munduko Kopa izango baita.
 
Munduko Kopak zazpi proba izango ditu, Txinan lehena, ekainean, eta irailean Gijonen (Espainia) Munduko Txapelketa jokatuko da. Zure helburua txapelketak irabaztea izango da?
Bai, zalantzarik gabe.

Euskal Herrira bueltatuz, Etxaurin, Baltzolan... goi mailako hainbat bide eskalatu dituzu. Nolakoak dira Euskal Herriko bideak?

Txundigarriak! Nire ustez, uumm... esan dezagun Espainiako... zonalde honetako paretak ez dira atzerritarrentzako oso ezagunak, eta jendea Espainiara eskalatzera doanean Kataluniara edo Andaluziara joaten da, ia inor ez da Euskal Herrira etortzen. Nik hiru zonalde horietako paretak alderatuta esan dezaket, Euskal Herrikoak besteak bezain onak, edo agian hobeak direla. Niretzat behintzat, potentzial handiagoa dute bide berriak eta maila handikoak ekipatzerako orduan. Eta jendea ere ezberdina da, oso lasaia, nik oso gustuko dut. Baliteke datorren urtean Euskal Herrian egonaldi luzeago bat egitea, furgonetarekin eta zulagailua hartuta etorriko naiz, bide berri batzuk irekitzera

Euskal Herrian zer nolako eskalatzaile harrobia dugu?
Ez zarete herrialde handia, eta hala ere oso eskalatzaile indartsuak eta jatorrak dituzue. Hemengo eskalada eskoletan oso gustura egoten naiz, batez ere oso jende atsegina duzuelako, eta hori ere oso garrantzitsua da.

Gure irakurleetako asko agian eskalada probatzeko asmotan dabiltza. Zer esango zenieke?
Pentsa dezatela eskalatzean soilik. Nik entrenatzen dudanean ez dut entrenatzen ari naizela pentsatzen. Eskalatzea asko gustatzen zaidan zerbait da, eta entrenatu hitzak, aldiz, badu min egiten duen zerbait. Zure buruari soilik eskalatzera zoazela esaten badiozu, ziurrenik gehiago dibertituko zara eta hobeto eskalatuko duzu.