Akitaniako Alienor eta askatasunaren oihua

Akitaniako Alienor eta askatasunaren oihua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/akitaniako-alienor--eta-askatasunaren-oihua/@@download/image/pastorala_00_1396529105.jpg
2014/04/07
erreportajea
Testua: Saioa Baleztena. Argazkiak: Allande Socarros
Akitaniako Alienor  eta askatasunaren oihua
Apirilaren 30ean aurkeztuko dute Mauleko Jai Alai kiroldegian Jean Mixel Beraxagarrek zuzendutako ‘Akitaniako Alienor’ pastorala. Hogei emakumek parte hartuko dute Erdi Aroko Akitaniako Alienor boteretsuaren bizitza taularatzen duen lanean.


Zuberoako pastoralen memoria errekuperatu asmoz, emakumezkoen pastorala suspertu nahi izan du aurten Jean Mixel Beraxagarre kantari ezagunak. Akitaniako Alienoren bizitzan oinarritu du lana, eta antzerki-genero honi azken urteetan aitortu zaizkion ezaugarriak astindu ditu "pastoralaren berezko arima berreskuratzeko".  Izan ere, emakumezkoek soilik hartu dute parte. Dirudienez, XX. mendean zehar ohikoak ziren emakumezkoek soilik kantatutako pastoralak, eta Pierre Bordazarre Etxahun-Irurik idatzi zuen azkenekoa 1979an. Orduan ehortzi zen ohitura berpizteko aukera ikusi du Beraxagarrek.

Akitaniako Alienoren bigarren senarra –Ingalaterrako erregea– gorpuztu du, bertzeak bertze, Maika Etxekoparrek. "Kasu honetan, ez da gure nahikundea izan emakumezkoen pastorala egitea. 1979an emakume talde bat gerturatu zitzaion errejentari –pastoralaren zuzendariari– andrazkoen pastorala egiteko eskatuz". Akitaniako Alienor Bedaxagarren ideia izan zela nabarmendu du. 

Rolak aldatuz
Alienoren istorioa aukeratzea, hala ere, ez da kasualitatea izan, askatasunaren aldeko aldarrikapenak bereizgarritu baitzuen andrazkoa. Estimu berezia dio errejentak, eta arretaz zaindu du pastoralaren ezaugarri bakoitza. Hasieratik baztertu zuen ohikoak diren ehunka kantarik osaturiko pastorala egitea, eta adin desberdinetako hogei neska aukeratu zituen soilik. Ez hori bakarrik, ekitaldien artean oholtzara igoko diren dantzariak emakumeak beharrean, 45 eta 55 urte bitarteko gizonezkoak izango dira.

Maider Beraxagarrek –errejentaren alabak– ere parte hartuko du emanaldian. Berak estreinatuko du lehen predikua, kantuan. Ondoren, Maikak gorpuzten duen Henri II.aren aitaren paperean sartuko da. Berak ere estimuz baloratzen du emakumezkoen pastoralak berreskuratzea: "Musikalki, nesken artean kantatzea errazagoa da, denak antzeko tonuan mugitzen garelako, eta ez dugulako gizonezkoen tonura egokitu beharrik". Maikak bezala, berak ere, ilusioz hartu du Alienoren istorioa zabaltzeko ideia, "garrantzitsua baita oroitzea hark etengabe aldarrikatu zuela emakumeon libertatea".

Taularatzea
2013ko urrian osatu zuen errejentak pastoraleko parte hartzaileen taldea, eta orduz geroztik, astebururo elkartu dira. 27 eszenako emanaldia apirilaren 30ean, 20:30ean, eta maiatzaren 5ean, 15:00etan, aurkeztuko dute Mauleko Jai Alai kiroldegian. Protagonistek bertaratzeko gonbita luzatu dute, "Zuberoako ahotsak entzuteko paradaz, gazteen motibazioaz eta patrimonioaren goraipatzeaz gozatzeko". Obra honez gain, iaz bezala, bigarren pastoral bat aurkeztuko dute uztailaren amaieran: Pier-Pol Berzaitzek idatzitako buhameen –maskaradako pertsonaia– inguruko lana.

Nor zen Akitaniako Alienor?


Emakume boteretsu eta berezia estimu handiz oroitzen dute Ipar Euskal Herrian. Frantziako eta Ingalaterrako erregina izan zen, eta Gurutzadetan parte hartu zuen 1147an. Boteretsua izan arren, ez zuen bizitza samurra izan, eta Ingalaterrako erregealdiaren amaieran, 1173an, Henri II.ak –haren bigarren senarra–, giltzaperatu zuen 1189ra bitarte. Bizitzako azken urteak, aldiz, bakearen aldeko borrokan eman zituen, 1204ko martxoaren 31n zendu zen arte.

Hitzorduak


• Apirilak 30, asteazkena: Mauleko Jai Alai kiroldegian, 20:30ean.
• Maiatzak 5, astelehena: Mauleko Jai Alai kiroldegian, 15:00etan.