Alicia Ochandategui: "Gorakada bizi du BAD Bilbao jaialdiak"

Alicia Ochandategui: "Gorakada bizi du BAD Bilbao jaialdiak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alicia-ochandategui-gorakada-bizi-du-bad-bilbao-jaialdiak/@@download/image/alicia1_1414606398.jpg
2014/10/30
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB
Alicia Ochandategui: "Gorakada bizi du BAD Bilbao jaialdiak"
2010ean hartu zuen Alicia Ochandateguik (Bilbo, 1966) BAD Bilbao jaialdiaren zuzendaritzaren ardura. Antzerki eta Dantza Garaikidiearen topagunearen 16. edizioa amaitzeko lau egun gelditzen direnean hitz egin dugu jaialdiaren antolatzaileekin, aurtengo edizioaren balorazioa ezagutzeko.


Azken txanpan murgildu zarete. Oraingoz, zein da aurtengo edizioaren inguruan egiten duzun balorazioa?
Atzo bete genuen aste bat aurtengo edizioa hasi zenetik eta oso ongi baloratzen dut orain arteko guztia. Publikoaren parte hartzeari dagokionez oso pozik gaude, emanaldi guztietan jende dezente biltzen ari da, eta kualitatiboki ere analisi positiboa egiten dugu.

Zer da aurtengo edizioaren baitan azpimarratuko zenukeena?
Aurtengo jaialdia bi ardatz nagusitan oinarritu dela. Batetik, euskal sortzaile berrien lanen aurkezpena egin dugu, egitaraua osatzen duten 20 konpainietatik 9 izan dira bertakoak eta horietatik 6, orain arte estreinatu gabeak. Bestalde, nazioarteko programazioa ere azpimarragarria da, aurten apostu berezia egin baitugu, antzerki dokumental eta autobiografikoen inguruko lanak erakutsita.

BAD Bilbao jaialdiak, ikuskizunak eskaintzeaz aparte, sorkuntzaren topagune ere bilakatu nahi du. Lortu al duzute?
Duela bost urte zuzendari lanetan hasi nintzenean, profesionalen arteko lotura ahulago zegoela esango nuke nik, baina urtetik urtera sendotzen joan da, eta aurten, bereziki, saiakera egin dugu profesionalen arteko topagune bilakatzeko eta, edizioa amaitzear den honetan esango nuke, lortu dugula!

Espero al zenuten ikusleen aldetik aurtengo edizioak izan duen parte-hartzea?
Egia esan, antolakuntzan beti izaten dugu beldur hori gorputzean sartuta. Egia da aurtengo programazioa nahiko potentea zenez, jendearen interesa sustatuko zuela aurreikusten genuela baina beldurrak bere horretan jarraitzen zuen. Bertako sorkuntzak sustatzea eta kanpotik ekarri ditugun lanak ekartzea batetik, eta Euskal Herriko beste inon estreinatu ez diren obrak erakustea bestetik, izan dira, nire ustez, edizio honen arrakasta nagusiak. Ezustekoa izan da ekitaldi guztietan, partaidetzari dagokionez, egon den oreka, eta oso pozik gaude!

Aurtengoa 16. edizioa da. Zein izan da jaialdiak urte hauetan guztietan izan duen bilakaera?
Gorakada bizi du BAD Bilbao jaialdiak. Ni hasi nintzenerak erreferentea zen, Euskal Herriko dantza eta antzerki garaikidearen inguruan dagoen jaialdi bakarra delako, eta nazioartean ere gutxi gelditzen dira. Urteetako esperientziari esker sare sendo bat sortu dugu eta hori oso garrantzitsua da, programazioan islatzen baita azkenean.

Etorkizunari begira zein dira Bad Bilbaoren erronka nagusiak?
Bertako ekoizpenak sustatzea, eta kanpoko jaialdien arteko elkarlana sendotzea dira gure erronka nagusiak. Orain arte egin dugun jarraitu nahi dugu, jaialdiak kualitatiboki irabazten duen bitartean.

Gelditzen diren hitzorduen artean gomendioren bat ematerik baduzu?
Batetik, Bilbao Eszenako Artistak Ekoitzak dirulaguntza lortu duten bi konpainien lanak erakutsiko dira Working Progressean Errekalde aretoan, doan. 18:30etan Igor Urzelai eta Modelo Solinasen dantza erakusketa egingo dute, oso konpainia interesgarria dira, eta ondoren,1 9:30an maya biyotek performance bat egingo du eta oso aberasgarria izango da.

Eta asteburuan?
Batetik, bihar –ostirala–, La Merced ikastetxean izango da ikusgai, Olga Mesa eta Francisco Ruiz de Infanteren ‘Carmen Shakespeare’. Eurek egiten dituzten birak eta Bilbon sekula egon ez direla kontutan hartuta, bereziki gomendatzen dudan hitzordua da, ez bakarrik dantza eta antzerki garaikidearen maitaleentzat, baizik eta, baita artearen gainontzeko adarretan murgilduta dagoen jendearentzat ere diziplina desberdinak dituen ikuskizuna izango baita. Bestalde, igandean, BAD Bilbao jaialdiaren itxierara ere animatuko nuke jendea, Marco Canale argentinarrak itxiko baitu 20:30etan, ‘El futuro empezó ayer’ lanaren estreinaldiarekin.

Amaitzeko, azken hitzorduetara joateko zalantzan dagoenari zer erranen zenioke?
Oraindik etorri ez badira, jaialdiaren azken txanpan, gauza berriak ikustera animatzen ditut GAZTEZULOko irakurle guztiak. Ez baita inor damutuko!