Amarauna, aisialdi taldeek osatutako sarea

Amarauna, aisialdi taldeek osatutako sarea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amarauna-aisialdi-taldeek-osatutako-sarea/@@download/image/amaraunatalde1_1403178998.jpg
2014/06/19
erreportajea
Amarauna, aisialdi taldeek osatutako sarea
Euskal Herriko hainbat aisialdi talde lotzen ditu Amarauna sareak. Elkarteak haur eta gazteen aisialdia kalitatezkoa eta euskal kulturan oinarritua izatea du helburu.

Bizkaiko Urtxintxa eskolaren baitan sortutako proiektu gisa hasi zen Amarauna Sarea. Aisialdi talde ezberdinen arteko ezagutza eta elkarlana sustatzea eta eskolako hezitzaile berriak herrigintzako proiektuen adibideekin heztea zuten helburu. Amaraunak, sarea osatzen zuten elkarteen arteko harreman iraunkor bat mantentzea lortu zuen, hiru hilabetean behin elkarteen arteko topaketak  eginez, eta bertan proiektuak egin beharreko urratsak erabakitzen zituzten.

2010. urtean Amarauna proiektuaren inguruko hausnarketa egin zuten. Horretarako, egitasmoak zituen ezaugarri eraginkor eta esanguratsuak kontuan hartu ziren, eta Euskal Herriko errealitatearen gaineko diagnostikoan oinarrituta, Amaraunako elkarteen arteko sare bezala definitu zuten. Federazioen aurrean izaera propio eta legala izan behar zuela erabaki zuten, eta hortaz,  aisialdi taldeen federazio modura erregistratu zen Eusko Jaurlaritzaren erregistro orokorrean 2012ko urtarrilean.

Hala, gaur egun, Euskal Herrian hezkuntza ez-formaleko aisialdian, euskara eta euskal kultura ardatz izanik, balioen hezkuntza sustatzeko lan egiten duten aisialdi talde, elkarte, edo bestelako eragileen arteko sarea da Amarauna.
Proiektuak eskaintzen dituen baliabide, ekimen eta eskaintza guztiak, sarea osatzen duten elkarte guztien beharrak diagnostikatu eta hauek asetzeko antolatzen dira, talde bakoitzak bere dinamika propioaren baitan lan egiten jarraitzen duen bitartean. Amaraunak barne hartzen dituen taldeen arteko harremanak indartu eta horien helburu komunak egikaritzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta dinamikak sortzen ditu. Proiektuaren helburu nagusia, elkarteek sare lanarekin erraztasunak, irtenbideak eta onurak jaso ditzatela da, noski, saretzeak suposatzen duen lan karga gehigarri horri errentagarritasuna ateratzeko. Amarauna sareko elkarteak errotuta dauden herri eta eskualdeetan balioen hezkuntza sustatzeagatik egiten dute lana. Modu horretan, Amaraunak Euskal Herri euskaldun, kritiko, aske eta aktibo batetan sinesten du, eta horretarako lantzen dute hezkuntza ez-formalaren baitako haur eta gazteen aisialdi esparrua.

Amarauna sare ireki eta parte hartzailea da. Hezitzaile izateko grina sentitzen duen oro animatu egiten du sareak, haur eta gazteen aisialdiarekin zerikusia duten proiektuak posible egitera. Izan ere, diotenez, "hasierak izaten dira gogorrenak. Jendartean gutxietsia dago arlo honetan egiten den lana." Hala ere, esfortzuak merezi duela eta saiatu nahi duena ez dutela bakarrik utziko argi dute: "emaitza oso polit eta aberasgarriak ematen ditu epe motzean, eta gauzak horrela, hezitzaile izan nahi duen orori beharrezko laguntza emateko dago Amarauna Sarea". Era berean, lantaldean dauden kideen heziketan ere laguntzen dute; aurreko ikasturtean aisialdiko begirale eta zuzendari ikastaroak antolatu zituzten, eta ikasleei euren ordutegiak antolatzeko aukera eman zieten. Hortaz aparte, aisialdi taldeetan haur eta gazteen parte hartzea nola sustatu hausnartzeko saioak antolatu dituzte, edo udalekuetan kontsumo arduratsua sustatzeko bide ezberdinak aztertzeko.

Amarauna sareak lotzen dituen elkarteak


Araba: Kimuak-atarrabi (Gasteiz), Kirikiño (Laudio)
Bizkaia: Gazte Alai (Deustu), Intxorta (Elorrio), Kar-Kabia (Lekeitio), Kimuak (Iurreta), Marixurrike (Atxondo), Txantxiku (Deustu), Urtxintxa (Bizkaia), Xat (Markina-Xemein), Ximelgorri (Santutxu), Zaztaparrak (Arratia)
Gipuzkoa: Kukumixo (Soraluze), Txipristin (Zarautz), Hara!no (Donostia), Txatxilipurdi (Arrasate)
Euskal Herria: Euskal Udalekuetako Goñiko Etxea

Euskal Herriko aterpetxeen mapa interaktiboa


Amaraunaren egitasmo ezagunenen artean Euskal Herriko aterpetxeen mapa interaktiboa dago

Aisialdi taldeentzat berebizikoa da aterpetxeen gida eguneratua izatea, horregatik sortu zuen Amaraunak Aterpetxeen gida birtuala. Beti oztopo berari aurre egin behar izaten zioten: udaleku edo asteburu pasa bat antolatzerako orduan amesgaizto bilakatzen zitzaien aterpetxe bat lotzea, beste arazo askoren artean, aterpetxe horietako kontaktuak lortzea ezinezkoa zitzaielako.

Mapa interaktiboa webgune irekia da, alegia, edozeinek du bertan aterpetxe, kanpin edo zelai berri bat sartzeko aukera. Helburua mapa osatu eta aberatsa sortzea da. Gainera, taldearen beharretara egokitutako aukera ezberdinak hautatu daitezke, eta horren araberako bilaketa egin.