Ane Irazabal: "Kazetariok sistemaren txotxongilo hutsak ez ote garen beldur naiz"

Ane Irazabal: "Kazetariok sistemaren txotxongilo hutsak ez ote garen beldur naiz" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ane-irazabal-kazetariok-sistemaren-txotxongilo-hutsak-ez-ote-garen-beldur-naiz/@@download/image/ane_irazabal_1_1361454881.jpg
2013/03/04
elkarrizketa

Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena Argazkiak: Vivien Sansour

Ane Irazabal: "Kazetariok sistemaren txotxongilo hutsak ez ote garen beldur naiz"

Arrasatearra, historian eta ikus-entzunezkoetan lizentziaduna, eta Ekialde Hurbiletik tokiko informazioa dakarkigun ahotsa. 2010az geroztik, Ane Irazabal kazetaria bere kontura lanean dabil, batez ere, Palestinan. Betleemdik ari zaigu oraingoan.



GAZTEZULOn ez ezik, besteak beste, Berrian, Argian, ETBn eta Euskadi Irratian ematen du Euskal Herritik urrun gertatzen denaren berri. Arabiar Iraultza bizi izan du bertatik bertara, eta palestinarren egunerokoa gertutik ezagutzen du, berak ere goizero ikusten baitu murrua. "Freelance journalist based in the Middle East. Working from arabic speaking countries, for Spanish-Basque language media" dio bere Twitterreko aurkezpenak.

Zergatik aukeratu duzu freelance bidea?
Freelance izatea ez da aukera bat izan, aukera bakarra baizik. Hasiberriak garen kazetariontzat gure bidea hasteko modu bakarra da. Egia da badituela bere alde positiboak, nahi duzunean nahi duzun tokira joateko askatasuna ematen duelako, baita toki horretan nahi beste denbora egoteko libertatea ere. Aldiz, breaking news delakoari jarraitzen diogu batik bat, eta hedabideek albistetzat jotzen dituzten tokietara joaten amaitzen dugu. Prekarioa ere bada, eta esango nuke urtez urte egoera okertzen ari dela. Hedabideek tarifak jaitsi dituzte eta kalitatezko kazetaritza egiteko baliabide gero eta gutxiago ditugu.

Eta zergatik "Middle East"?
Txiki-txikitatik atentzioa eman didalako. Baina historiako karrera ikasten ari nintzela piztu zitzaidan Islama eta Ekialde Hurbila gertutik ezagutzeko kuriositatea. Palestina izan zen lehen geltokia, eta geroztik eskualde honetan bizi naiz, herrialde batetik bestera saltoka.

Herrialde arabiarretan aritzeak ba al du berezitasun aipagarriren bat munduko beste bazter batzuetako herrialde gatazkatsuetan aritzearekin alderatuta?
Euskal Herriaz gain, Ekialde Hurbilean baino ez dut lan egin. Ezin dut konparatu. Baina eskualde honetan aritzeak egundoko talka kulturala dakar. Oso polita da hori. Askok galdetzen didate zergatik dagoen beti gori-gori munduko txoko hau eta, historiari erreparatzen badiogu, beti horrela izan dela jabetzen gara. Eskualde honek osagarri guztiak ditu: erlijio desberdinen arteko elkargunea da, baliabide natural anitzeko tokia, deskolonizazio prozesu trakets eta amaitugabeak bizi izan ditu, nahitaezko interes geoestrategikoa... Eta ezin ahaztu eguzkia; Ekialde Hurbilak energia berezia du.

Lehenagotik bazenekien arabieraz ala lanean ikasi duzu?
Palestinara lehen aldiz iritsi nintzenean bi hitz besterik ez nekizkien arabieraz: marhaba –kaixo– eta shukran –eskerrik asko–. Laster, barkatu –asef/asfe– esaten ere ikasi nuen, hasieran hanka sartze galantak egiten nituen! Arabiera ikasten jarraitzen dut, baina herrialde batetik bestera saltoka ari naizenez, eta toki batetik bestera arabiera dezente aldatzen denez, iruditzen zait ez naizela gehiegi hobetzen ari. Dena dela, ingelesa erabiltzen dut lanerako. Horregatik da garrantzitsua fixer edo itzultzaile on bat bilatzea. Nik oraindik ez dut sarerik osatu, baina horretan nabil.

Baina, hizkuntza ez ezik, beste gauza asko ere ikasi behar izango zenituen eta ikasten ariko zara han bizi eta lan egin ahal izateko.

Entzuten ikastea da erabilgarriena, eta haien bizitza erritmora ohitzea zailena. Askoz mantsoagoak dira eta, batzuetan, gure modu azkarrak bortitzak iruditzen zaizkie. Bestetik, Ekialde Hurbilean garrantzia handia ematen diete keinuei eta begiradei, beraz, kontuz ibili behar dugu. Batzuetan, garrantzirik gabeko detailea dirudiena errespetu falta ikaragarria izan daiteke haientzat. Kode sozial horiek, jakina, tokian bertan bizi edo denboraldi bat pasa ostean barneratzen dira.
 
Orain arteko esperientziatik hitz eginda: zein edo zeintzuk esango zenuke direla kazetari batentzat informazio iturri fidagarrienak? 
Jendearen testigantzak eta bizipenak beharrezkoak dira. Ni kuxkuxera hutsa naiz. Ezinbestekoa da koaderno edo grabagailu bat hartu eta bertakoen iritziak entzutea. Bestela, zertarako balio du tokian izateak? Bilbotik edo Londresetik idatzitako albiste baten antzekoak izango lirateke kronikak: robotikoak. Begiek ere asko esaten dute. Oro har, buruko argazki bat atera eta hori ahalik eta zintzoen azaltzen saiatzen naiz. Ondoren, albiste agentziak datoz, eta haiekin zenbakiak eta estatistikak. Sare sozialak ere izugarrizko informazio iturria dira, agian gehiegizkoa, baina, ondo kudeatuz gero, oso erabilgarriak izan daitezke. Kontuz ibili behar da, ordea. Adibidez, Palestinan edo Egipton nork erabiltzen du Twitter? Oro har, ingelesa ondo dakitenek edo kanpoan bizi izan direnek. Baina twitlari edo blogari horiek haien gizarte osoa ordezkatzen al dute? Inolaz ere ez.

Horrelako herrialde eferbeszenteetan, susmoei edo igartzen duzun horri ere kasu egin beharko zaio tarteka... gertaerei aurrea hartzeko, ezta?
Zaila da gertaerei aurrea hartzea, batez ere egutegi politikoak markaturiko zerbait ez denean. 2011ko abenduan Tunisian hasitako protestak esaten dizudan honen adibide garbia dira. Edonola ere, intuizioari kasu egiten diot istorioak bilatzeko orduan. Pasarte bat kontatuko dizut: iragan azaroan, Gazaren aurkako erasoa jarraitzen ari ginela, su etena sinatu ostean kalera atera ginen ze giro zegoen ikustera. Bat-batean, gizonezko bat ikusi genuen rukulaz beteriko gurdi bat zeraman asto bat gidatzen. Gizonak agurtu egin gintuen eta guk hari jarraitu genion, nora zihoan ikusteko. Yussef du izena, eta haren atzean egundoko istorioa aurkitu genuen, gazatar arrunt batek eraso militarrari nola aurre egiten dion ezagutzeko.

Pluralean hitz egiten duzu...
Gure ogibidea oso bakartia da baina, aldi berean, beste kazetari batzuekin lan egiten duzunean, aberasgarria suertatzen da. Gazaren kontrako azken erasoa izan zenean, adibidez, kazetariz lepo zegoen tokia, eta ni bezala Ekialde Hurbilean dabiltzan mundu osoko lagunekin egin nuen topo. Maiz, ideiak trukatu eta elkarrekin egiten dugu lan.

[Hilabete hauetan hauteskunde agendak markatu du Ane Irazabalen agenda ere. Urtarrila eta otsaila Palestinan eman zituen, Israelgo Gobernurako hauteskundeak kubritzen. Ondoren Italiara, gero Libanora eta udaberrian, aldiz, buelta Cairora.]

Ze beste irizpideren arabera aukeratzen duzu norakoa?
Beno, pixka bat intuizioaren eta egutegi politikoaren artean mugitzen naiz. Momentu honetan ez dut baserik, beraz, gertatzen denaren arabera aldatzen dut tokia. Batzuetan asmatu egiten dut eta beste batzuetan, berriz, ez. Egia da hauteskunde agenda jarraitzeak breaking news delakoen gaineko mendekotasuna dakarrela, baina, aldi berean, lan asko egiteko aukera ematen du. Finean, honetatik bizi behar dugu. Baina gertakizun mediatiko horiek jarraitu ostean, luzexeago geratzen naiz lekuetan, eta horrek beste gai batzuk sakonago lantzeko aukera eskaintzen dit. Egipton, adibidez, iraultzaren osteko krisi politiko luzeak Anaia Musulmanen eta oposizioaren arteko talkari buruz hitz egitera mugatu gaitu, baina gizartearen baitan nagusi den etsipena ikusteko manifestazioetatik atera eta hiritarren egunerokotasuna ezagutu behar duzu.
 
Oraintxe baserik ez duzula diozu. Zu bezalako kazetari batek non egiten du lo? Non jan? Non gordetzen ditu bere gauzak?

Beno, maleta batekin nabil alde batetik bestera. Tokiaren arabera, logela bat alokatzen dut edota lagunen etxean geratu ohi naiz, egonaldiaren iraupenaren araberakoa da! Adibidez, Palestinara itzultzen naizen bakoitzean etxe berera joaten naiz, lagun palestinar bat bertan bizi delako. Baina gero eta gehiago mugitzen naizenez, base izateari utzi dio.

Gaztelerazko nahiz euskarazko hedabideentzat egiten duzu lan. Alde handia al dago medio batzuek eta besteek eskatzen dizuten horretan?
Bereziki Euskal Herriko hedabideentzat egiten dut lan, diozun moduan euskarazkoentzat nahiz gaztelerazkoentzat, eta ez batzuek ezta besteek ere ez didate inoiz ezer zentsuratu. Euskarriaren araberakoa izaten da desberdintasuna. Irratia eta telebista oso berehalakoak dira, eta beraz, ondo aukeratu behar duzu eman nahi duzun mezua. Ez dago hausnarketarako paradarik, mezu argi bat utzi behar diezu ikus-entzuleei. Oro har, mainstream-a dira biak ala biak, beraz, egunean edo momentuan albistetzat jotzen dena azaldu behar da. Prentsa idatziak, ordea, hausnartzeko tartea ematen du, ikuspegi desberdinak erakusteko beta. Era batean, askoz askeagoa da.

Inoiz izan duzu arazorik nahi zenuena nahi zenuen moduan argitaratzeko?
Gazaren kontrako azken erasoari buruz, esaldi bat artikulutik kendu zidan Txileko egunkari batek. Su etenaren osteko testuingurua oinarritzat zuen erreportajea zen, eta Israelek 2007an hasitako blokeoa aipatzen zuen esaldia kendu zidaten, ustez, espazio faltagatik. Nola uler daiteke Gazako egungo egoera blokeoa aipatu gabe?

Kontatuko diguzu Arabiar Iraultzari buruz oraindik esan ez diguten egiren bat?

Agian, ‘Udaberri arabiarra’ esapidea erabiltzeari utzi beharko geniokeela. Bi urte pasatu dira erreboltak hasi zirenetik eta eskualdean nagusi den ezegonkortasunak argi erakusten du udaberria iristeko asko falta dela oraindik. Hala ere, nahitaez pasatu behar duten prozesu bat dela uste dut.

Eta Palestinari buruz?
Gai horren inguruan maiz hitz egin dut Palestinan lan egin duten beste kazetari batzuekin. Tamalez, gatazka honen nondik-norakoei buruz ia dena esanda dago. Hori da tristeena, informazio gehiena mahai gainean izanda ere ez dela status quo-a aldatzen. Kazetarion rolaz hausnartzera derrigortu behar gaitu horrek. Nik biziki sinesten dut gure funtzio sozialean, eta horretan jarraitu behar dugula argi daukat. Baina sistema osoaren txotxongilo bat besterik ez garen beldur naiz.