Argitaletxea… edo gehiago!

Argitaletxea… edo gehiago! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/argitaletxea-edo-gehiago/@@download/image/20121045816edo__1360230857.jpg
2012/10/05
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Argitaletxea… edo gehiago!
Literatur zaleak dira; zaletasun hori dute motibazio, eta horri esker lortu dute dozenaka lagunen babesa eta lankidetza. Edo! Argitaletxeak martxan du motorra, ibilbideari ekiteko prest.

Modu informalean sortu zen Edo! orain bi urte. Hainbat saltsatan topo egiten zuten lauzpabost lagun literaturzale iritziak trukatzen hasi ziren, eta lehen unean ideia zoroa, jolasa, ametsa zena pixkanaka erotasun puntua galduz joan zen. Hamabi bildu ziren orduan, eta mahai gainean balizko proiektu baten zirriborroa jarri zuen taldekideetako batek; hortik aurrera, ahoz aho, literatura hurbileko sentitzen duen jendearengana zabaldu zen ideia, eta lagun multzo periferiko bat jarraikortasunez batu zitzaien. Egun, hogei inguru joaten dira hilabetean behin egiten dituzten bileretara.

Talde haren lan nagusia egitasmoaren filosofia finkatzea izan zen, argitaletxearen oinarriak zehaztea barne kohesioa mantendu eta bazkideekin nahiz harpidedunekin hartzen zuten konpromisoari eutsi ahal izateko. Eztabaida luzeen garaia izan zen, prozesu amaigabea, baina borondatezko lana izanik, presarik gabe eta txukun jardungo zutela ebatzi zuten. Ez zen proba makala izan, baina denborak aurrera, gogotsu mantendu dira.

Proiektua gauzatzeko 50 bazkideko eta 85 harpideduneko muga jarri zioten beren buruari 2012ko ekainean, argitaletxea ekonomikoki bideragarria izan zedin gutxieneko finantzaketa gaitasuna zehaztu ostean. Kopuruak gora egin du tantaka, eta uneotan 59 bazkideren eta 112 harpidedunen babesa du. Harpidedun izateko kuota 100 eurokoa da, eta bazkideena 50 eurokoa.

Harpidedunek, azken batean, proiektua diru bidez sustengatzen dute, eta lanik egin gabe argitalpenak jasotzeko aukera dute. Bazkideek, aldiz, ekonomikoki babesteaz gain, zuzenean lan egin eta parte hartzen dute. Baina Edo!-ren baitan badago egitura osoa kontraesankorra bihur ez dadin ezinbestekoa den figura bat, lankidearena, alegia, diru ekarpenik gabe, soilik borondatezko lana egitera hurbiltzen direnak.

Literaturan nolabait inplikaturik dagoen jende asko hurbildu da: beste argitaletxeetako lagunak, idazleak… Letren mundua modu aktiboan bizi dutenek babestu dute egitasmoa, azken batean. Baina zale eta irakurle aktiboak ere asko dira, euskal literatura oso modu partehartzailean bizi dutenak.

Printzipio filosofikoak

Hasiera-hasieratik euskarazko argitaletxea sortzea izan zen helburua, euskaraz sortutako lanak edota euskaraturikoak irakurleen eskura jartzeko. Horretarako autofinantzaketaren bidea baliatu dute, diru irabazi asmorik gabeko eta borondatezko lanean oinarritutako egitasmoa baita.

Adostasunez hartzen dituzte erabakiak, baina asistentzia iraunkor eta konstantea beharrezkoa dela ebatzita, Sareko zerrendak baino gehiago, aurrez aurreko bilerak bilakatu dira kideen elkargune. Gizarte-eragile izateko asmoa ere badu Edo!-k. Izan ere, euskarazko literaturan atzeman zuten hutsunea betetzeko kezkatik sortu zen, eta irakurleengan pentsamendu kritikoa sustatu nahi dute argitara emango dituzten obren bidez.

Kalitatezko eduki serioak ezagutarazteko bitartekoa izan nahi du, halaber; kalitatezko lanak, taldea osatzen dutenen ikuspegitik begiratuta, noski, eta seriotasuna, sortzaileekiko tratuari dagokionean. Enpresa dinamikatik aparte, egileekiko harremana mimatzea eta hartutako ardurari zuzen erantzutea da kideen asmoa.

Galera asmorik gabe

Edo! merkatuaren legeetatik at ote dagoen esatea zaila da zinez. Azken batean, argitaletxea aurrera ateratzeko dirua eskatu diete harpidedun eta bazkideei, eta helburua liburuak kaleratzea da. Baina era berean, galera asmorik gabeko proiektua izanik, eragileei diru kostu pertsonalak suposatzen badizkie bertan behera geratuko da. Dena den, ohiko argitaletxeen azpiegiturarik ez izateak salmenten zurrunbilotik kanpo jarduteko aukera eman die.

Baina ez dute lehian sartu nahi, inondik ere, faltan bota duten hori eskaintzera eta dagoena osatzera baitator proiektua. Ez dira argitaletxe "alternatiboa", eta horregatik, gertuko sentitzen dituzten horiengana jo dute aholku, babes eta laguntza eske.

Hiru bildumatan

Talde eragileko kideek, irakurle diren aldetik, euskaraz aurkitzen ez zituzten lanen hutsunea betetzeko nahia izan zuten hasieratik. Poesia liburuak, olerkiak, saiakerak, arteari loturiko bilduma eta artista liburuak… Horietako asko ez dira errentagarriak euskal literaturgintzan, baina ikuspegi kulturaletik begiratuta ondare aberatsa dira.

Liburu oso baterako balio ez duten testu motekin Xortak bilduma osatu dute; antzerki obrak, saiakerak, hitzaldiak, itzulpenak, antologia txikiak eta halakoak argitaratuko dituzte. Begikoak izena izango du bigarren bildumak; lan grafikoak, ilustrazio bildumak, argazki liburuak, etab. barneratuko dituenak. Eta hirugarrenak Literola, edozein generotako lan luzeek osatuko dutena. Urtean gutxienez sei lan argitaratuko dituzte, eta lehen txandakoekin buru-belarri dabiltza orain.

Edukiei dagokienez, lantaldeak ez du inolako mugarik ezarri. Dagoeneko proposamen ugari iritsi zaizkie, baina proiektu txikiak emaitza kopurua murritza onartzen du; aurtengoak abendurako pilatu zaizkien arren, datorren urtetik aurrera argitalpenak bi txandatan banatzeko xedea dute.

Talde lana

Lehen urratsek izan ohi duten kulunka nabari da oraindik Edo!-n. Hastapen fasea froga aldia da, eta horretan murgildurik daude. Orain artekoa ez da eredua, oinarria baizik, eta datorren urtera begira talde lana finkatzeko asmoa du argitaletxeak. Bi egiteko nagusi bereizi dituzte: liburuak jaso eta onartuak diren ala ez ebatzi, eta hautatuak direnen edizio prozesua gauzatu.

Lehen fasean hainbat lagunek hartuko dute jasotako obra irakurtzeko, irizpideak komunean jartzeko eta erabakitakoaren berri sortzaileari emateko ardura; artistak beti jasoko du erantzuna, lana onartua izan ala ez. Bigarren fasean, zuzenketa, edizio eta diseinu lantaldeek hartuko dute lekukoa. Orain arte, hainbat artistari eman diete obren azalak egiteko enkargua, eta hitzaurreak ere erantsi zaizkie kasu gehienetan. Dena den, egitura maila teorikoan baino ez dago finkaturik, praktikan inprobisazioa izan baitute bidelagun, eta egindako akatsetatik ikasteko prest daude. Azken batean, obra bakoitzak bere abentura du.

Adostasuna lortzea ez da erraza izaten askotan, eta ibilbide guztia erabaki asanblearioetan oinarriturik duen argitaletxearen jarduera asko moteldu dezake talde mailako onarpena behar izateak. Edo!-ren baitan, ordea, ez dira horren beldur, eztabaidek aberastasuna eta iritzi trukaketa eskaintzen dutela sinetsita baitaude; dakienak badaki, eta ez dakienak hobe du dakienari egiten uztea.

Banaketa

Obra bakoitzetik argitaratuko duten ale kopurua harpidedun eta bazkideen araberakoa izango da, haiek lan guztiak jasoko baitituzte postaz. Baina ezinezkoa izango da liburutegi eta saltoki guztietan eskuragarri jartzea, ekonomikoki suposatzen duen kostua dela eta; horregatik Euskal Herriko hainbat puntu estrategikotan jarriko dituzte, hala nola, Iruñeko La Hormiga Atomica liburu dendan, Donostiako Kaxilda-n eta abar. Pixkanaka osatuko dute zerrenda.
Baina zabalkundea ez da helburua, interesa duena hurbilduko dela argi baitute. Uneotan gehiena hitz eginda dute; gutxi, ostera, erabat itxita, bizitakotik lortuko baitituzte erantzunak, ebatzi gabekoak esperientziatik ikasi eta etorkizunean doitzeko asmoz.

Samara Velte (kazetari eta idazlea): "Elkarrizketa absurduak edonon daude"



Xortak bildumaren baitan kaleratuko dute "Eta Karmele?" antzezlana. Sormen gaitasunik, behintzat, ez du falta 22 urteko zarauztarrak.

Nola sortu zen "Eta Karmele?"?
2008ko udazkenean idatzi nuen Karmeleren lehen zirriborroa, Ainhoa Alberdik eskatuta; “A. Absurdua. Bale”. Nire inguruko elkarrizketa absurdoak biltzeari ekin nion orduan eta edonon aurki daitezkeela ohartu nintzen.

Zergatik absurdoa?
Funtsean, Ainhoak eskatu zidalako. Neure kontura ez dakit halako zerbait idatziko nukeen, kosta egin zitzaidan absurdoan eroso sentitzea.

Emakumeen aurkako indarkeriak berezko duen trataera serio eta arduratsutik haratago iristen saiatu zara obraren bidez…
Egia esan, Karmeleren jaiotza guztiz funtzionala izan zen. Hasieran, Usurbilgo Mugikortasunaren Egunerako antzezlan bat eskatu ziguten, eta erraustegiaren gaia sartu genion. Gero azaroaren 25a etorri zen, emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna, eta erraustegia atera eta hura sartu genuen. Arrain Tropikalen Nazioarteko Egunerako eskatu izan baligute ere asmatuko genukeen zerbait!

Noiz ikusi zenuen zure obra lehen aldiz taula gainean? Zer sentitu zenuen?
2008ko azaroaren 25 hartan. Ondo pasatu nuen: herriko taberna bateko emanaldi txikia zen, lagunak bertan ziren... Lau urte geroago antzezlan horrekin ariko ginela jakin izan banu, ez dakit hainbesteko graziarik egingo lidakeen!

Edo! borondatezko lanean oinarritutako argitaletxea denez, zuk ere edizio prozesuan parte hartu duzula pentsatzen dut…
Irailean elkartu nintzen haiekin zuzenketak eta halakoak egiteko, eta egia esan ez dut oso ondo kontrolatzen orain zer datorren; azala egiteko dago, eta beharbada beste konturen bat... baina haiek ari dira horretan!

Ba al duzu esku artean beste lan ala obrarik?
Idazmahaiko tiraderan dago idatzitako apurra. Dena den, gustura idatziko nuke publikatzea merezi duen zerbait, idaztea bera gustatzen zaidalako, baina horretarako gogoa dudanetan zer esanik ez dudala sentitzen dut; eta zer esana badudala sentitzen dudanetan, beste zerbait falta izaten zait.

Gari Garaialde (argazkilaria): "Prentsa da nire argazkien helburu naturala"



Begikoak bildumaren baitan, Gari Garaialderen argazki liburua argitaratuko du Edo! Argitaletxeak abenduan. Prentsatik literatur mundura eginiko lehen urratsa da hondarribiarrarena.

Zeri buruzko argazki bilduma osatu duzu?
Urrutiko kartzeletan dispertsatuta dauden euskal presoen senideek egiten duten bidea ezagutzeko 2005 eta 2009 urteen artean Herrera de la Manchako presondegirako bidaian egindako irudiz osaturik dago Zu ikusteko bidean liburua.

Suposatzen dut barruan zirrara eragingo duela argazkiak hedabideetan argitaratu ordez, obra oso bat haiei eskaintzen zaiela ikusteak…
Bai, izugarri; baina nik argi daukat nire argazkien helburu naturala prentsa dela. Ez bakarrik egunkari formatua, baina bai prentsa.

Nola hartu duzu parte liburuaren edizio prozesuan?
Hasieratik Edo!-k liburuaren formatu estandar zehatz bat aurkeztu zidan, kostu jakin batekin kaleratu behar baitira liburuak; baina nire kasuan, haiekin elkarlanean aritu naizen arren, produkzioa garestitu gabeko formatu aldaketa batzuk egin ditut, eta itxuraren 100% ere nire esku egon da.

Oro har argazki liburuetan, baina bereziki euskarazko lanen alorrean, hutsune nabarmenak daude merkatuan.
Argazki liburuek, kalitatez inprimatutakoek, kostu handia dute, eta euskarazko merkatua oso ttikia da. Ez dakit horri bueltarik eman dakiokeen... Baina badaude aukerak: crowfunding edo dena delako sistema horrekin dirua biltzea, edota gauza ttikiak eta apalak egitea.

Zerk egiten du argazkilari bat ezberdin, aparteko?
Buruak. Argazkilaria buruak egiten du, ez makinak.

Zein motako argazkiak gustatzen zaizkizu gehien?
Jendea erakusten duten argazkiak. Niretzat, argazkilaritza inguratzen nauen jendea eta jendartea ezagutzen laguntzeko bitartekoa da.