Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez: Arrakastaren aparrean

Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez: Arrakastaren aparrean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asier-illarramendi-eta-inigo-martinez-arrakastaren-aparrean/@@download/image/reala_1_1370516553.jpg
2013/06/10
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Galder Izagirre
Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez: Arrakastaren aparrean
Futbolak batu zituen Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugaren alde banatan jaiotako bi gazteak, eta futbolak, baita ere, eraman ditu kirolari profesionalen dimentsio esklusibo bezain iragankorrera.


Gazterik iritsi zaie arrakasta Asier Illarramendi (Mutriku, 1990) eta Iñigo Martinezi (Ondarroa, 1991). Realeko harrobian hazi eta heziak, Bigarren Mailatik Lehenera igotzen ikusi zuten taldea 2010ean, eta hiru urte geroago, Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatzea espero dute –maiatza amaieran elkarrizketatu genituen–, orain bai, hamaikakoaren pieza garrantzitsu bilakaturik. Denboraldi bikaina egin dute biek, eta proiekzio handieneko jokalari zuri-urdintzat dituzte adituek.

Mutrikun egin dugu hitzordua, Illarramendiren jaioterrian, Martinezen bigarren etxean. Berandu iritsi dira, baina umoretsu, argazkiak egiteko eta edozeri erantzuteko prest. Ongi ezagutzen dute elkar, gehiegi agian, eta anaiak bailiran hitz egiten dute; azken batean, elkarrengandik 5,5 kilometrora bizi dira, nor bere gurasoen etxean bada ere. Lasai hitz egiteko leku bat eskatuta, Goiti-Behera tabernara eraman gaituzte, herriaren goiko partean eta itsasora begira dagoen lokalera; "Mutrikuko parrandak hemen amaitzen dira", argitu digu Illarramendik. Eta hantxe eseri ditugu, mahaiaren bueltan eta zerbeza bana eskuan dutela, goi mailako futbolari ospetsuen bizimoduaren nondik norakoak kontatuko dizkigutelakoan.

Egidazue denboraldiaren balorazio orokor bat, mutilak.
Iñigo Martinez: Balorazioa oso positiboa da, 10ekoa baldin eta Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatzen bagara. Urte hasieran inork ez zuen halakorik espero, ezta guk ere.

Inoizko denboraldirik onena egin duzue biek.
Asier Illarramendi: Tira, ez daramatzagu urte gehiegi ere… –barre egiten du–, baina bai, baietz esango nuke. Baita taldearena ere! Orain hamar urte Txapeldunen Liga jokatu zuenetik ekipoa ez da horren ongi aritu, eta guk ere maila txukuna eman dugunez, denok gustura.

Aurtengo denboraldiak ez du iazkoarekin zerikusirik. Zein izan da sekretua?
I.M.: Talde sentimendua, esango nuke nik. Lagunak garela ikaragarri nabaritzen da aldagelan eta zelaian, eta entrenatzaileak ere konfiantza handia eman digu denoi. Momentu on nahiz txarretan lagundu digu, helduleku bat izan da.
A.I.: Gainera, jokalari asko harrobitik gatoz, eta aspalditik ezagutzen dugu elkar. Talde gaztea gara eta, urteekin hazten goazen heinean, hobetzen ari garela igartzen da. Pausu bat eman dugu.

Diozun talde sentimendu hori indartu egin da aurten, beraz?
I.M.: Bai, eta gainera jokalari guztiok, hazi ahala, hobetu eta elkar ezagutu dugu, gure artean egokitu gara.

Esan dezakegu taldeak jokatzeko modu berri bat eratu duela, teknika lehenetsiz, tokea darabilena; eta emaitza onak eman ditu, hasieran zaleen pazientzia agortu bazuen ere.
I.M.: Aurreko denboraldian hasi ginen horrela funtzionatzen, tokeka, eta aurten emaitzak ematen hasi da. Iaz denboraldia salbatzea lortu genuen, momentu latzak pasa ostean, eta aurten, aldiz, guztiz kontrakoa gertatu da: urte polita egin dugu, konfiantza hartu eta, partida onak egin ez arren, puntuak gehitzen joan gara.

Eta zein esango zenukete izan dela denboraldi honetako momenturik bereziena?
I.M.: Tira… ba. –duda egiten du, esan ala ez, nola esan…– Athletici bere zelaian irabazi genionekoa. Azken batean, gure etsai zuzenak dira, bereziki ni bizkaitarra izanik, eta han irabaztea… –barrez hasten da–. Gainera nire herrian gehienak Athleticeko jarraitzaileak dira, eta garaipenak indarra eman zidan herrira morala altu nuela itzultzeko.
A.I.: Nik ere berbera esango nuke… –barrez–.

Barçari San Sebastian egunean irabaztea baino gehiago?
I.M.: Barçarena ere oso polita izan zen… gutako inork ez baitzion sekula irabazi. Baina oro har esango nuke partidu polit asko izan ditugula.

Eta zuen ibilbideko unerik garrantzitsuena?
I.M.: Denboraldiaurrea lehen aldiz goi mailako taldearekin egingo nuela esan zidatenekoa. Italiatik bueltan gentozela, entrenatzaileak aireportuan hartu ninduen eta albistea eman. Eta ezin erreakzionatu geratu nintzen… Ondoren etxean, patxadaz, pentsatzen hasten zara, eta azken urteetako borrokak merezi izan duela sentitzen duzu. Oso pozgarria izan zen.
A.I.: Ba nire kasuan, ez nuke bakar bat esaten jakingo… —pentsatzen jartzen da—. Beharbada Sporting taldearen aurka jokatu genuenekoa, Montanier entrenatzaile lanetan aritu zen lehena. Berak eman dit uneotan nire buruarengan dudan konfiantza, eta hori oso esanguratsua izan da niretzat. Une horretan hasi nintzen jokalari moduan hazten.

Eta ze iritzi duzue bi harrobien arteko lehiaz?
A.I.: Athleticek, bere politikari jarraiki, Euskal Herriko jokalariak baino ez ditu fitxatzen, eta horregatik, garrantzia handiagoa ematen dio harrobiari, horren menpe dagoelako. Realak, aldiz, kanpoko jokalariak ekar ditzake baina, era berean, azken urteetan argi erakutsi du harrobia sendotzen ari dela.

Harrobiak zigilu bat dakar, joko molde bat?
I.M.: Baietz esango nuke… Taldearen zuzendaritzak asko baldintzatzen du harrobia, eta entrenatzaileak ere zerikusi handia du. Harrobiko jokalariengan pentsatzen badu eta denei aukera berdinak ematen badizkie, belaunaldi berriak indartsu sartuko dira, eta lana umiltasunez eginda helduko dira gorenera.

Hain zuzen aipatu berri duzun apaltasun hori da Realaren ezaugarri nagusienetako bat...
A.I.: Bai, taldea Bigarren Mailara jaitsi zenean aldatu egin zen, ordura arte kanpoko jokalari askoren menpe baitzegoen; baina beheko mailan harrobia indartzearen aldeko apustua egin zuten, eta bertatik datozen jokalariak Lehen Mailara igotakoan nabaritu egin da umiltasun puntu hori.

Eta nolakoak esango zenukete direla Anoetako zaleak? Askotan aipatzen da Athleticekoak askoz sutsuagoak direla…
I.M.: Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak oso ezberdinak gara, baita zelaiak ere: Anoetak atletismoko pista du, eta jendea urrutiago dago; San Mames, aldiz, askoz itxiagoa da, eta horrek zaleen oihuak ozenago entzunarazten ditu. Dena den, realzaleek meritu handia dute, Rayo Vallecanoren aurka jokatu genuen partidan dozenaka joan ziren Madrilera, eta gu ere harrituta geratu ginen!

Zein harreman duzue atzerriko punta-puntako taldeetan ari diren euskal jokalariekin? Adibidez, Xabi Alonsorekin.
I.M.:
Beti izaten da afinitate puntu bat, eta elkarren artean kamisetak trukatzen ditugu zenbaitetan, berba pixka bat egin... bereziki selekzioen arteko partiduak jokatzeko deitzen gaituztenetan ezagutzen dugu elkar.
A.I.: Baina nik esaterako Alonsorekin ez dut sekula jokatu, beraz, harremanik ez.

Kuriositatez… zer egiten duzue zelairatu aurretik? Jakin dut, Asier, taldekideak zain edukitzen dituzula...

A.I.: –Iñigo barrez hasten da, eta Asierrek kostata eusten dio– Bai, tira… besteek baino gehixeago tardatzen dut...
I.M.: Asierregaz trankil, gauzak patxadaz eta lasai hartu, bestela…
A.I.: Zelaira irten baino lehen, aldagelan, "Bat, bi, hiru, Real" garrasi egiten dugu guztiok elkarrekin, eta ondoren gorantz abiatzen dira denak. Ni, aldiz, komunera joaten naiz eta aurpegia eta ilea bustitzen ditut urarekin… horregatik atzeratzen naiz!

Eta beste ohitura berezirik?
I.M.: Ezkerreko hankarekin sartzen naiz beti zelaira.
A.I.: Eta ni eskuinekoarekin.

Asier, nola definituko zenuke zure burua?
A.I.: Lagunkoia naiz, umoretsua, baina era berean isila… Iñigo baino isilagoa behintzat bai!

Eta nola definituko zenuke Iñigo?
A.I.: Hau igual…
I.M.: Ea zer esaten duzun e!
A.I.: –Barrez hasten da– Ni baino ausartagoa, egoera berrien aurrean kikiltzen ez den horietakoa, baina mutil ona.

Eta nolakoa zara zu, Iñigo?
I.M.: Normala! Pixka bat ondarrutarra, malaostia handikoa… –biak barrez–. Baina sinplea naiz.

Sinplea, ze zentzutan?
I.M.: Ba lagunekin ibiltzen naiz beti, nire herrian, familiarekin… Jende askok galdetzen dit Lehen Mailara igo aurretik nintzen pertsona berbera izaten jarraitzen ote dudan, eta nik baietz erantzuten diet, herrikoa naizela eta niretzat ez dela ezertxo ere aldatu.

Eta Asier, nolakoa da?
I.M.: Asier? Ba… –barrez–, futboletik haratago, potrohandi samarra da… –biak barrez–. Ez, baina mutil ona da, sinplea hau ere, eta naturala, nire moduan.

Egunero autoan elkarrekin joaten zarete entrenatzera, ezta?
A.I.: Batzuetan… gero eta gutxiago, egia esan. Azken aldian Iñigo entrenamendua amaitu orduko dutxan dago, eta ni lasaiago ibiltzen naiz.

Nor da biotan ordenatuagoa?
I.M.: —Biak isilik geratzen dira—. Antzera…
A.I.: Bai, ez dugu mania gehiegirik.

Eta festazaleagoa?
A.I.: —Biak barrez— Antzerakoak honetan ere…
I.M.: Azkenaldian bera! —biak barrez, Asier lotxatuta—.

Futbolariak izango ez bazinate, zer izango zinatekete?
I.M.: Ni portura joango nintzateke lanera. Batxilergoko ikasketak amaitu gabe utzi nituen, eta futbolean jarraitzea erabaki nuen ahal bezain urrun iritsi arte; eta amaitutakoan portura joatea, aitarekin lan egitera.
A.I.: Nik Magisteritza ikasi nuen, baina uste dut futbolaria izango ez banintz beste zerbait ikasiko nukeela, Fisioterapia beharbada.

Futbolariak jendartean oso figura preziatuak zarete, baina zeintzuk dira lanbide honen alderdi ilunak?
I.M.: Zenbait gauza galtzea, esaterako, herriko jaiak, parrandak… Lagunak disfrutatzen ikusten dituzu, eta zuk etxean geratu behar duzu hurrengo egunean partida duzulako. Baina tira, futbolean gauzak ondo badoaz, gainerakoan ere ondo joaten dira; jendearen presioa eta hori guztia, emaitzak ondo doazen bitartean, ez dituzu nabaritzen.
A.I.: Jende askok uste du kristoren bizitza daukagula, egunen bi ordu entrenatu eta gainerakoa libre izaten dugula. Baina ez da hori bakarrik, horren atzean gauza asko daude: gure burua zaindu behar dugu, baita elikadurari dagokionean ere, ezin dugu edozein egunetan lagunekin berandu arte geratu, astebururo partida dugu eta deskantsatuta iritsi behar dugu… Gauza txikiak dira, baina egunerokotasuna asko mugatzen dutenak.

Eta anonimotasuna galtze hori, nola daramazue egunerokoan?
I.M.: Hasieran konplikatua da, arraroa. Gure kasuan, bereziki Gipuzkoan ezagutzen gaituzte; baina ohitzen joan gara, eta azkenerako gauza normaltzat ikusten dugu.
A.I.: Futbolari nazka pixka bat hartzen diozu, denek horri buruz galdegiten dizutelako… Baina gure lana da eta agoantatu behar!

Bereziki festetan nabarituko dituzue ezagun izatearen ondorioak, ezta? Gazte jende asko pilatzen den lekuetan…
I.M.: Bai, esaterako iaz Zumaiko festetara joan nintzen lagunekin, eta etxera bueltatu behar izan nuen taxiz, ezin nuelako bertan egon. Ordura arte firmak eta argazkiak eskatu izan zizkidaten, baina hango hura gehiegizkoa zen, jendeak ez ninduen bakean uzten!
A.I.: Onena inauteriak! –biek barre egiten dute–.

[Grabagailua itzalitakoan aitortu digute hippiez jantzita joan zirela iaz Tolosako inauterietara, peluka luzea buruan, eta mozorroari esker oharkabean pasatzea lortu zutela.]

Eta kontaidazue, nola ikusten dira krisi ekonomikoa eta beronen ondorioak futbolarien leiho pribilegiatu horretatik?
I.M.: Jendea nola dagoen ikusteak eta egoera okerrera doala jakiteak mina ematen digu, noski, ez zaigu batere gustatzen. Egia da gu une honetan pribilegiatuak garela, Lehen Mailara ez baita oraindik krisirik heldu, eta momentua aprobetxatu behar dugu.

Zeri aterako zeniokete txartel gorria?
I.M.: Epaile guztiei. Kanpora denak! –barrez–.
A.I.: Nik hegazkinei, ez zaizkit batere gustatzen –biek egiten dute barre–.

Zerk uzten zaituzte jokoz kanpo?
A.I.: –Isiltasuna– Gauza askok…
I.M.: Norbaitek Illarra deitzeak! Dagoeneko ohitu gara, baina Lehen Mailara igo ginenean zaleek    nahastu egiten gintuzten.
A.I.: Bai, niri ere haurrak etortzen zitzaizkidan eta "Iñigo sinatu mesedez!" esaten zidaten.

Eta zertaz hitz egiten duzue dutxan?
A.I.: Edozertaz.
I.M.: Partida galduz gero, atsekabetuta egoten gara eta ez dugu berba egiteko gogorik izaten. Baina entrenamenduen ostean edozeri buruz aritzen gara…
A.I.: Kuadrilakoak bagina bezala.
I.M.: Ez gara aspertzen, ez!

Noizbait probetxua atera al diozue Realeko jokalari izateari? Multak kentzeko, jatetxeetan sartzeko…
A.I.: Bai, igartzen da errazago uzten digutela pasatzen.
I.M.: Gauza askotan gainera, eta herritik kanpo bereziki. Norabaitera joan eta futbolariak garelako zer edo zer doan ematen digute, edo diskoteketan zuzenean barrura sartzen uzten digute.

Nola moldatzen zarete futbolari jarduna bizitzako gainerako alorrekin uztartzeko? Nola lortzen duzue oreka?
A.I.: Ez da horren zaila. Azken batean, goizetan entrenatzen dugu, eta gure adineko jendeak ere goizetan ikasi ala lan egiten duenez, arratsaldetan denok elkartzen gara. Etxean bizitzen jarraitzen dugu, lagunak ere bertan ditugu, eta ez digu aldaketa handiegirik suposatu.

Hori lagungarria izango da oinak lurrean mantentzeko, ezta?
A.I.: Argi dago. Familia apaletatik gatozenez, haiei lotuta mantentzeak asko laguntzen digu.

Jar gaitezen orain etorkizunari begira. Datorren denboraldian Izarren Liga jokatzeko sailkatu daiteke taldea. Amets bat beteko duzue?
A.I.: Gure ametsa beti izan da Lehen Mailara iristea, baina behin hori lortuta, eta Realak azken urteetan zenbat sufritu duen ikusita, Izarren Liga bihurtu da ametsa. Ilusio handia egiten digu!

Baina argi hitz eginda, zer suposatzen du Realarentzat Izarren Liga jokatzeak?
I.M.: Harrobiarengan sinesten duen eta gazte jendez osatuta dagoen talde bat Europa mailan aritzea ikaragarria da. Eta ekonomikoki ere oso garrantzitsua izango litzateke.
A.I.: Bereziki azken urteetako desastrea kontuan hartzen badugu… Izan ere, zor asko izan ditu taldeak, eta kontseilukoek egonkortasuna lortu badute ere, Txapeldunen Liga jokatzeak pauso handiago bat ematen lagunduko liguke. Baina dena ez da ona izango, Reala jokalariak saltzen dituen taldea baita, eta horren denboraldi ona egin ostean beste klubek gugan jarriko dituzte begiak. Nik argi dut ez dudala kanpora joan nahi, baina baliteke beste norbaitek eskaintzaren bat onartzea… ez da zertan pasatu  behar, baina gerta liteke!

Horixe galdegin nahi nizuen, ea zuen sabaia Realean dagoen, ala kanpora joateko beharra sentitzen duzuen.
I.M.: Inork ez daki non amaituko duen, baina momentuz Realarekin dugun kontratua aprobetxatu behar dugu, eta bizitzen ari garenaz gozatu, garai okerragoak helduko dira eta!

Baina Barça eta Real Madrid bezalako puntako taldeek dagoeneko zuen izenak aipatu dituzte.
I.M.: Hori guztia gezurra da.
A.I.: Zurrumurru asko dabil hortik… baina ez diegu kasurik egiten! Nire helburua, behintzat, bost urteko kontratua betetzea da, eta ondoren beste bost egiteko aukera izango banu, asko poztuko nintzateke.

Eta futbola utzitakoan, zer? Izan ere, futbolariak goiz jubilatzen zarete…
I.M.: Futbola utzitakoan, bizi.

Airetik?
I.M.: –Barrez hasten da–. Tira, batera joan, bestera… Mikel Aranburu bezala: lehen urteak familiarekin pasatu eta semearekin disfrutatu, eta ondoren futbolarekin zerikusia duen zerbaitetik bizi, hori baita gehien gustatzen zaiguna.
A.I.: Nik, aldiz, kontrakoa esango nuke: hamar urte barru jubilatzen banaiz, horrenbeste urte futbolean pasatu ostean atseden hartu nahiko dut. Entrenatzaile moduan beharbada bai, baina ez profesional mailan.

Hasi al zarete zuen irabaziak etorkizunean pentsatuz gestionatzen? Badaezpada diot, horiek ongi kudeatu ez eta ezer gabe geratu denik badelako…
I.M.: Bai, buru gutxiko asko dago. Baina gure kasuan gurasoak hortxe ditugu, gu bideratzeko eta laguntzeko, eta haiek baino gomendio hobeagorik ez digu inork emango. Beraz, duguna gorde eta zerbaitetan inbertitu beharko dugu.

Asier Illarramendiren kuttunak:


Musika talde bat: Berri Txarrak.
Jokalari bat: Mikel Aranburu.
Miresten duzu: Familia.
Ez duzu sekula ahaztuko… Lehen gola, sartzen dudanean!
Desio bat: Izarren Ligarako sailkatzea.

Iñigo Martinezen kuttunak:


Musika talde bat: Talderik ez, parrandako musika edo reggaetona.
Jokalari bat: Nire postuan, Sergio Ramos.
Miresten duzu: Gurasoak.
Ez duzu sekula ahaztuko… Sportingen aurkako debuta, tatuajea egin nuen oroitzeko.
Desio bat: Lesiorik ez izatea.