Atal berriak

Atal berriak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/atal-berriak/@@download/image/atal_1418209664.jpg
2015/01/15
erreportajea
Atal berriak
Urte berria, asmo berriak, ezta? Bada GAZTEZULOn, urte berria,
eduki berriak! Urtarrileko zenbakitik aurrera, lau kolaboratzaile batuko zaizkigu familiara, eta eduki ezin interesgarriagoak ekarriko dizkigute: Bidaiak, telesailak, komikia eta narrazioa. Egin urte osoko harpidetza 22 euroren truke eta jaso etxean hilabetero aldizkaria eduki berriekin. Hona aurrerapentxoa. 


Bidaiak

Jokin Etcheverria
(1979, Donibane Lohizune)

Enpresaritza eta antzerki ikasketak uztartu ditu; hala ere, askok telebista aurkezle bezala ezagutuko dute. Munduko hainbat txokoren berri eman zigun ETBko Chiloé bidaia saioan, eta gazteentzako kultuzkoa izan zen Burp saioaren ekoizle eta aurkezlea ere izan zen. Dokumentalgintzan, euskalkiei buruzko Nire argazkia dokumentala zuzendu du. Gaur egun, ETB2n emitituko den Secret chef saioan ari da, eta proiektu pertsonala duen Mike’s Misteries animazio saioa prestatzen ere ari da.
La Habana, gaua, Tokyo...
"Munduari bira emateko ezohiko modu bat proposatuko dizuet GAZTEZULOren orrietan. Bisitatu ditudan hamaika hiri aurkeztuko dizkizuet; hiri ezagunak dira, baina bide ezezagunen bidez deskubritzeko parada eskainiko dizuet. Hiri horietako gazteek gauaz nola gozatzen dute? Orriotan aurkituko duzun gidarekin bertako jendea eta kultura modurik gozagarrienean ezagutzeko jakin beharreko guztiak izango dituzu eskura. Bidaia on!"

Telesailak

Gaizka Izagirre
(1984, Donostia)

Zine zuzendaritza ikasketak egin ditu, eta dokumentalgintzarekin edota zinema dibergente eta esperimentalarekin lotutako formazioa jaso du.
Hainbat film labur idatzi eta zuzendu ditu, adibidez, OFF, Siguiente por favor, Gritando en silencio edota Thailand Selfie. 2013ko Euskal Bobinak sarietan zuzendari onenaren izendapena jaso zuen. Gaur egun, Zineaz aritzen da Argia aldizkarian eta Euskadi Irratia eta Info7 irratietan, eta argia.com webguneko Ikusi makusi… zer ikusi? blogean plazaratzen ditu zineari buruzko gogoeta eta porposamenak.
Heisenberg, Suedia, ‘Sons of Anarchy’...
"Izkina guztietan entzuten ari zara Heisenberg delako baten izena. Azkenaldian remake pila egiten ari direla, baina jatorrizko bertsioak askoz hobeak direla irakurri duzu. Los Angelestik haratago, Ingalaterratik istorio harrigarriak iristen ari direla; are gehiago, Suediatik eta Danimarkatik datozela telebistan ikusten ari diren lanik onenak. Matthew McConaughey aktoreak bigarren Oscar bat mereziko lukeen papera egiten duen telesail bat badagoela. Sons of Anarchy telesailean abesti zirraragarri bat entzun dela, baina ezin jakin zein den. Boardwalk Empire ikusteko esan dizute, baina ez dakizu zenbat atal edota denboraldi dituen.
Edo agian, izen handiko telesail entzutetsu guztiak ikusi dituzu, baina zerbait berezia aurkitzeko gogoa duzu, zerbait ezezaguna ikusteko desira. Galdera horien guztien erantzunak urtarriletik aurrera emango dizkizut ‘Telesailak’ izeneko atalean. Hilabetero telesail baten azterketa sakona aurkituko duzu GAZTEZULOren orriotan".

Komikia

Joseba Larratxe ‘Josevisky’
(1985, Irun)

Arkitektura ikasketak egin dituen arren, gaztetatik izan du marrazteko grina. 2005ean, Basauriko Ganorabako komiki lehiaketan lehen saria eskuratu zuen, eta gerora, Matraka, Nabarra eta Aldiri aldizkarietan umore zintak argitaratu zituen. Komikigintzari dagokionez, lagun batzuekin batera, kklrd.com web-komikia sortu zuen, eta Pako Aristiren eta Asisko Urmenetaren gidoiak marraztu ditu Xabiroi aldizkarian. Duela gutxi, bere lehen lan luzea plazaratu du, Katu Hegoduna, Yurre Ugarte gidoilariarekin elkarlanean. Entzun! eta The Balde aldizkarietarako ilustrazio lanak egin ditu, eta egun, Argia aldizkariarentzako eta Elkar argitaletxearentzako lanak egiten ditu batik bat.
josebalarratxe.tumblr.com*
Desertu psikodelikoa, Moebius, euskal marinela...
"GAZTEZULOko orriotan atalka kaleratuko dugu Aingurak komiki saila. Zenbaki bakoitzean istorio labur bat kontatuko dut, eta guztiek batera komikia osatuko dute. Komikigintzan errekurrentea izan den gai bat ekarriko dizuet: Desertu psikodelikoa. Moebius maisuak Arzak, Le Monde d’Edena edo 40 Days dans le Désert B istorioetan zein Max kataluniarrak Bardín, el superrealista edota Vapor bezalako lanetan landu bezala, protagonista bat desertuaren erdian jarriko dugu. Hori bai, oso geurea dugun protagonista izango da: Euskal marinela".

Narrazioa

Itxaso Araque Barriuso
(1988, Donostia)

EHUn eta Berlingo Humboldt Unibertsitatean Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi du, eta Londresen irakasle urtebetez aritu ostean, gaur egun Cambridgeko unibertsitatean Komunikabide eta Kulturan doktorego-tesia egiten ari da; tesiko bigarren urtea Parisen ari da burutzen, École normale supérieur-en (ENS).
2011n Agustin Zubikarai Saria jaso zuen, eta urtebete geroago plazaratu zuen Damutzen ez direnak eleberria. Orduz gerotzik, idazten jarraitu du, eta Cambridge eta Berlingo hainbat artistarekin kolaboratu du.
2025. urtea, argazkilaria, ‘Snapshot’...
Hilabetero narrazio bat argitaratuko dut; testua Galder Izagirreren argazki batek ilustratuko du. Istorioaren protagonista 2025. urtean bizi den argazkilaria izango da, eta bere kameraren bidez, etorkizun hurbileko hainbat eszenatokitan jazoak narratuko ditu. Hilabetero, beraz, dosi txikietan emandako begi-kolpeak izango dituzue irakurgai, snapshot-ak. Hamar urte, azken finean, azkar pasatzen dira. Ezta?

Egin urte osoko harpidetza 22 euroren truke eta jaso aldizkaria eduki berri guztiekin hilabetero etxean!