B. Vidal (Kameratoia): "Kameratoia Irudienearen egitarauaren barruan egoteak balio gehigarria du"

B. Vidal (Kameratoia): "Kameratoia Irudienearen egitarauaren barruan egoteak balio gehigarria du" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/b-vidal-kameratoia-kameratoia-irudienearen-egitarauaren-barruan-egoteak-balio-gehigarria-duquot/@@download/image/kameratoia_bvid_1417801919.jpg
2014/12/05
elkarrizketa
Saioa Baleztena / @SaioB
B. Vidal (Kameratoia): "Kameratoia Irudienearen egitarauaren barruan egoteak balio gehigarria du"
2005 urteaz geroztik antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak Kameratoia, Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya. Aurten, 10 edizioa ospatzen dutenean, Beñat Vidalek hartu du lehiaketaren ardura, eta Durangoko Azokaren aurkezpenaren bezperan elkarrizketatu dugu.


2005ean antolatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak lehen aldiz kameratoia, zein zen hasierako helburua?
Gazte euskaldunon sormena bultzatzea eta euren ekoizpen artistikoa gizarteratzea dira hasieratik. Euskara elkarteek eta Topaguneak euskaraz bizitzeko egitasmoak prestatu eta garatzen dituzte, euskaldunak elkartzen, euskaldun berrientzako erabilera programak egiten, hedabideen bitartez herri eta eskualdeko informazioa lantzen, haur eta gazteei aisialdirako euskarazko alternatibak eskaintzen, euskarazko kultur jarduerak antolatzen, herrietako elkarte eta erakundeekin hizkuntzaren erabilera sustatzeko hitzarmenak sinatzen…  Eta Kameratoia honen baitan kokatzen da.

Aurten 10. edizioa antolatu duzue, nola baloratzen duzu egitasmoaren ibilbidea?
Guztiz beharrezkoa eta eredugarria da Kameratoia. Ikus-entzunezkoen alorrean euskaraz ez da horrelako lehiaketa askorik antolatzen, eta sortzaile euskaldun gazteentzako aukera paregabea dela uste dut. Beraz, horrelako ekimen bat 10. ediziora iritsi izana, eta gaur egun arrakasta izatea, lorpen izugarria da!

Azaroaren 28an amaitu zen Kameratoian izena emateko epea. Nolakoa izan da aurtengo partaidetza?
Esan dezakegu, aurtengo edizioa ere, benetan arrakastatsua izango dela alde horretatik. 26 taldek eman dute izena, hain zuzen ere, iazko talde kopuru berdina. Antolaketa egoki bat bermatzeko asmoz, 30 taldetan jarri genuen muga eta ia bertaraino heldu gara, beraz poz pozik gaude.

Gaur –abenduak 6– aurkeztuko duzue Durangoko Azokan. Aurreko urteetan ere han aurkeztu izan duzue?
Iazko edizioa izan zen Durangon egin genuen lehena. Ordura arte leku ezberdinetan egin izan da Kameratoia, baina iaz Topaguneak antolatzen duen Durangoko Azokako Irudienea ikus entzunezkoen plazaren egitarauaren barruan sartzea erabaki genuen, eta oso arrakastatsua izan zen.

Aurkezpenaren aurreapenik egin dezakezu?
Edizio bakoitzeko gaia eta ezaugarriak ez ditugu publiko egiten azken ordura arte, eta aurtengoa hamargarren edizioa izanik, ez da desberdin izango. Hala ere, dagoeneko inoiz parte hartu dutenek badakite, ezaugarriek zerikusi handia izaten dutela kokapenarekin eta testuinguruarekin... Baina, gehiago ezin dut esan!

Aurkezpena amaituta, zein izango dira lehiaketaren hurrengo urratsak?
Aurkezpenaren ostean talde bakoitzak txostena jasoko dute eta bertan azalduko zaizkie  lehiaketara aurkeztuko diren lanek bete beharreko baldintzak. Une horretatik aurrera 48 ordu izango dituzte gehienez 6 minutukoa izan daitekeen film labur bat egiteko. Astelehenean, abenduaren 8an, eguerdiko 12:00etan amaituko da lanak entregatzeko epea eta 17:00etan hasiko den ekitaldian proiektatuko ditugu guztiak.

Eta lan guztiak ikusita, sari-banaketaren txanda izango da astelehenean bertan.
17:00etatik 19:30etara filmak emango dira eta bertan epaimahaiak baloratuko ditu lan guztiak. Ondoren, 20:00etan sari-banaketa egingo da. Epaimahaia hiru kidek osatuko dute: Kepa Errasti aktore, gidoigile eta zuzendariak; Vanesa Fernandez EHUko Ikus-entzunezko komunikazio saileko irakasleak eta Amaia Ugalde, Durangaldeko Anboto astekariko kazetariak.

Urteroko hiru sarietaz aparte, aurten sari berezia banatuko duzue. Zer sarituko du, zehazki, Topagunea Sariak?
Euskaltzaleen elkarteak sustatzea denez Topagunearen helburu nagusia, aurten, sari berezia eskainiko dugu horien artean. Talde irabazleak 500 euroko saria izango du, euskara sustatzeko proiektu bati bideratzeko.
 
Eta amaitzeko, etorkizunera begira, zein dira Kameratoiaen erronka nagusiak?
Bada, orain arteko helburuekin aurrera jarraitzea. Kameratoia Irudienearen egitarauaren barruan txertatzeak, balio gehigarria eransten digu, sortzaile gazteak esperientzia handiagoa duten gazteeekin harremanetan jartzeko, eta espazioa konpartitzeko aukera ematen baitigu. Aurrerantzean bide horretan sakontzen jarraituko dugu.