Bai, hau ere homofobia da

Bai, hau ere homofobia da https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/12/10
erreportajea
Mattin Garikano: gaztegehituko kordinatzailea. gazte@gehitu.org
Bai, hau ere homofobia da
Harritzen gaituzte Donostian azken hilabeteetan jazotako hainbat gertakarik izan dituzten ondorioek.


Bi gertakari aipatu nahi genituzke. Alde batetik, Alde Zaharreko ileapaindegi batek jendea erakartzeko asmoz fatxadan jarri zuen argazkia. Bestetik, Amara auzoan kokatuta dagoen sex-shop ezagun batek, aurrekoaren antzera, kartel bat kokatu izana bere dendaren kanpoan. Bi kasuak ezberdinak dira, baina argi hitz egin dezagun: biek, erotismo (eta elegantzia) askorekin, sexu arauak puskatzen dituzten mezuak bultzatzen dituzte.
Jasan dituzten ondorioak berdinak izan dira. Hasteko, bi bizilagunek salaketak jarri dituzte erakutsitako edukiarengatik, eta ondoren, Udalak esku hartu du prozesuan. Baina nola? Horixe da kontua.

Udalak salaketa helarazi die bi lokaletako nagusiei, eta isuna ordaindu behar dutela jakinarazi diete. Baina ez argazkian zein kartelean agertzen diren edukiengatik, udal arautegiak adierazten dituen beste kontzeptu batzuengatik baizik: argazkiaren neurriak, anklajea, ezin dela kanpoaldean jarri, bai ordea kristalaren barrutik… bla, bla, bla. Arautegi hori ez dugu dohainik mespretxatzen. Edonor udaletxera gerturatzen bada eta araudia irakurtzen badu, berehala konturatuko da Donostiako Alde Zaharreko denda txiki gehienek, hiriko ia banketxe guztiek, eliza eta erakunde publiko askok kontzeptu berdinetan legea urratzen dutela.

Hor dago koxka; zergatik batzuk bai eta beste batzuk ez? Kasu honetan esan behar da Donostiako Udalak udal arautegia bere erara interpretatu duela, sexu askapenaren eta erakusketaren aurka.

Mundu guztian zehar 40 urte baino gehiago daramatzagu ekainak 28ro kalera irtetzen transexual, bisexual, lesbiana eta gay garen pertsonen berezko eskubide zapalduak aldarrikatzeko, heteroaraua eta patriarkatua desagertarazteko intentzioarekin. Donostiako Udalak askatasunaren bandera (ortzadarraren koloreak dituena) jartzen du balkoian egun horretan. Argazkia ere ateratzen dute. Egun hori ekainaren 28a da. Baina urteak askoz ere egun gehiago ditu, eta orduan zer? Non dago aldarrikapenaren emaitza?

Udalak zinegotzi eta teknikariengatik erantzuten du, horien erabaki on eta txarrengatik. Erabaki hori guk defendatzen ditugun balore guztien aurkakoa da, eta XXI. mendeko Donostia 45 urte bultzatzen du atzera.

Ez diogu inori honelakorik entzun nahi: "Nik lesbianak eta gayak eta horrelakoak onartzen ditut". Ez baita onarpena eskatzen duguna, elkarbizitza ona eta berdintasuna baizik; sistema guztiontzat eroso eta atsegina izatea. Guztiontzat.
Maite dugu hiria. Espero dugu hiriak ere gu maitatzea.