Beñat Fuentes: "Herriz herri bizitako esperientzien emaitza da ‘Te-Uhinak’ lana"

Beñat Fuentes: "Herriz herri bizitako esperientzien emaitza da ‘Te-Uhinak’ lana" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/benat-fuentes-herriz-herri-bizitako-esperientzien-emaitza-da-teuhinak-lana/@@download/image/benat_fuentes_0_1391686907.jpg
2014/02/10
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena. Argazkiak: Brendan Donnelly
Beñat Fuentes: "Herriz herri bizitako esperientzien emaitza da ‘Te-Uhinak’ lana"
Duela bortz urte iritsi zen Beñat Fuentes (Mungia, 1980) Txinara. Zuzenekoetan aritzeko asmo gehiegirik gabe, bertako hizkuntza eta kultura ikastea zuen helburu, baina herrialdeak musika zirkuituaren ateak zabaldu zizkion laster.


Zein izan zen, Txinara heldutakoan, musikarekin izan zenuen lehen kontaktua?
Tabernetan, hoteletan eta halakoetan jotzen hasi nintzen, baina niretzat garrantzitsuena hizkuntza eta kultura ikastea zenez, horretan murgildu nintzen zeharo. Pixkanaka, Xu Jun musikariarekin konposatzeko elkartzen hasi nintzen, garai hartan ez bainuen zuzenekoetan aritzeko asmorik. Turismo sailarentzako proiektutxo bat, galeria batentzako musika… gisa horretako enkarguak egiten genituen. Txinako artista batzuekin ere kolaboratu genuen euren bideoetako musika eginez, eta harreman hark zuzenekoetara bideratu gintuen, zenbaitek hainbat bideo-lanen aurkezpenetan jotzeko eskatu baitziguten.

Behin baino gehiagotan aipatu izan duzu Txinako musika zirkuituan mugitzea Euskal Herrikoan aritzea baino errazagoa dela. Baita atzerritarrentzat ere? 
Duela bost urte, behintzat, ez zen batere zaila izan. Txinatarrek white monkeyak (atzerritarrak) nahi zituzten euren ekitaldietan. Batez ere aberatsek. Edozertarako. Esaterako, dirudun batek erosi berri zuen etxe itzela lagunei erakusteko antolatu zuen jai pribatuan jo nuen behin Alemaniako baxu-jotzaile betekin, eta dirutza ordaindu ziguten. Noski, horrek ez gintuen artistikoki betetzen, baina diruagatik egiten genuen, beste edozertan lan egitea baino errazagoa zelako.

Merkatu horrek bizitasun bera al du oraindik?
Entzun dudanez, saturatu egin da, baina duela bost urte zuzenekoetan jotzeko eskaintza handia zegoen. Pentsa, aukera bat baino gehiago ukatu behar izan genuen!

Tira, Txinan zaude baina ama hizkuntza ez duzu zure ibilbidetik sekula baztertu. Zein da bertakoengan euskarak eragiten duen erantzuna?
Txinako hizkuntzak erabiltzen ditut, baina, orokorrean euskaraz mugitzen naiz. Musika egingo badut, egiazkoa den zerbait egin nahi dut, autentikoa eta konpromisozkoa. Horregatik, funtsezkoa da niretzat euskaraz sortzea. Egia esan, txinatarrengan ez dut euskararekiko bestelako ikusmirarik sumatu; herrixketako etnietan bai, baina hirietan ez. Txinan ez dituzte bertakoak diren ehunka hizkuntzak harrotasunez bizi, mandarina ez dena gutxietsi egiten dute, baita hiztunek eurek ere. Harrigarria da!

Txinan egindako bost urteek eragin al dute zure egungo musika egiteko moduan?
Izugarri. Baina musikaz kanpoko kontuengatik, batez ere. Orain, inoiz baino eragin gutxiago dute nigan musika estiloek, eta inoiz baino handiagoa, aldiz, ideiek edo kontzeptuek. Te-Uhinak proiektuaren harira, adibidez, duela gutxi, monjeen gonbita jasota, tenplu budista batean pasa genuen gaua goizeko lauretan hasten dituzten kanta eta errezoak grabatzeko. Ederra izan zen, baina tokian tokiko soinuen bilduma baino, herriz herri izandako esperientzien emaitza da Te-Uhinak.

Eta zer du egun egiten duzunak Pog Mo Thon, Akustika eta Big Fingers and the Love Seeds zure talde ohietatik?
Pog Mo Thonen sakrifizioa eta Akustikaren esperimentatzeko askatasuna. Big Fingers and the Love Seeds oso garrantzitsua izan zen niretzat, produkzioan oinarritu nintzelako lehenengoz. Orduan ikasitakoari esker egiten ditut egun nahasketa guztiak. Era horretara lan eginda soilik izan dezake musikariak kanten gaineko benetako kontrola. Kanta berbera, estudio eta tekniko ezberdinen esku utzita, zeharo desberdina izaten daiteke.

‘The Tree’ kaleratu zenuen lehendabizi eta ‘Te-Uhinak’ gero. Grabazio prozesuan aldaketak nabarmenak izan dira.
Noski, hori da interesgarriena, proiektuaren arabera erabakitzeko gaitasuna baitut orain. The Tree antzinako zortzi pistakoan grabatu nuen; Te-uhinak, berriz, ordenagailuarekin, era guztiz ezberdinean.

Txinako etnia desberdinen isla da, hain zuzen, lana. Nola bizi izan zenuten grabazio prozesua?
Asko ikasi dugu –Brendan Donnelly irlandarraz ari da–. Etnia desberdinen kantu-moldeak, instrumentuen afinazioak, ohituren eta instrumentuen arteko fusioa… Jakituria aldetik ikasketa prozesu sakona ekarri digu.

Zerk desberdintzen du azken lana ‘The Tree’-rengandik?
The Tree txinatar batekin egindako musika mendebaldarra zen. Oraingoan, aldiz, erroetara jo dugu gauza berriak ikasteko, zeharo desberdina den kultura ulertu eta geurearekin esperimentatzeko. Prozesu hori amaitutakoan, kontzeptu erako kantak sortu ditugu, estilo bakarretik ihesi.

Gure artean, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin kaleratu dituzu disko berria eta 2011n osatutako ‘The Tree’. Han eta hemen produzitzea interesgarria dela deritzozu?

Egia esan, berdin dit lana hemen kaleratzen den ala ez, baina sano eskertzen diet Gaztelupeko Hotsakekoei. Izan ere, eurak interesatu dira. Proiektu esperimentala da gurea, ez da saltzen erraza, eta ez da hori nire intentzioa, gainera. Baina guztiaren gainetik kaleratzea erabaki dute, CD gutxi saltzen diren sasoi honetan. Garrantzitsua iruditzen zaie Txinan euskaraz abestea, eta gainontzeko lanekiko desberdina izatea. Txinan, berriz, bertako diskoetxeek atera dituzte lanok.

Diskoaz gain, China Field Recordings egitasmoari buruzko webgunea ere abiatu duzue. Zer da zehazki?
Txinako instrumentuen, lekuan lekuko grabaketen, folk kanten letren, grabaturiko bideoen eta gisa honetako kontuen erakusleihoa.

Nola baloratzen duzu emaniko urratsa?
Geurea ez den kultura arrotza ulertzen joan garen heinean, are gehiago baloratu dugu geurea bera.

Etorkizunean, Euskal Herrian ala Txinan ikusten duzu zeure burua?
Oraingoz Txinan, eta luzarora begiratzen badut, aldiz, Euskal Herrian.