Berri Txarrak: “"Aldaketak aldaketa, rock taldea garela aldarrikatu nahi dugu”"

Berri Txarrak: “"Aldaketak aldaketa, rock taldea garela aldarrikatu nahi dugu”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berri-txarrak-quotaldaketak-aldaketa-rock-taldea--garela-aldarrikatu-nahi-duguquot/@@download/image/20091162441berr_1362563435.jpg
2009/11/06
elkarrizketa
Igone Fdez. mariezkurrena
Berri Txarrak: “"Aldaketak aldaketa, rock taldea  garela aldarrikatu nahi dugu”"
Lau urte igaro dira 'Jaio.Musika.Hil' kaleratu zutenetik, eta jarraitzaileak pazientzia galtzear zituzten. Steve Albinik ekoitzia eta Roadrunner Records zigiluak argitaratua, Chicagoko Electrical Audio estudioetan grabatu dute 'Payola'. Berri Txarrak taldearen berriena da; amorruz beteriko diskoa, zuzena eta zintzoa.

Donostiako Pasealeku Berrian dugu hitzordua Gorka Urbizurekin eta Aitor Goikoetxearekin. 17:00ak pasatxo dira, eta eguzkiak gogor jotzen du, itsasoari begira banku batean eseri eta begiak itxita Morfeoren atzapar goxoetan erortzeko momentu paregabea… baina iritsi dira. Pittin bat berandu, postal-hirian aparkatzea benetako balentria da eta. Kafe baten premia dute, bazkalosteko logaleak hartu ditu haiek ere. Portura jaitsi gara azkenean, eta eskaileretan eserita egin dugu elkarrizketa.

Diskoa atera eta ondorengo aste hauek apoteosiko samarrak izan dira. Nekatuta ibiliko zarete…

Aitor Goikoetxea: Erritmoa hartzea kostatzen da, bai jotzeko eta baita elkarrizketak egiteko ere. Baina jada ia sei hilabete pasatu dira diskoa grabatu genuenetik, eta bagenuen gogoa zuzenekoetan hasteko eta jendearen iritzia entzuteko.
Gorka Urbizu: Kasik ohartu gabe, lau urte pasatu dira aurreko diskotik, eta nahiko ahaztua genuen zer den hau. Gainera, nahiz eta guk, lokaleko lan isila egiten ari ginela, pertzepzio hori ez izan, egia da diskoak ikusmin handia sortu duela komunikabideen artean eta jendartean. Eta hori, nekagarria izan arren, ez da txarra.

Zer moduzkoa izan da harrera?

G.U.: Jendeak bazekien baxu jotzaile berriarena, diskoetxe aldaketarena… eta bazuen gogoa hau benetan Berri Txarrak ote zen ikusteko. Baina badakite gure erroak eta estiloa ez direla aldatu, talde bera garela. [Hasi besterik ez dugu egin, eta dagoeneko hamar bat lagun ditugu inguruan, adi-adi, Lekunberrikoek diotena entzuten].

Hasiera batean, behintzat, ez genuen Payola izena ulertu.

A.G.: Gorkak biografia batean irakurri zuen hitza, komentatu genuen eta oso interesgarria iruditu zitzaigun. Bagenekien, fonetikoki oso hitz polita ez izan arren, jendea xaxatzeko eta jakin-mina pizteko egokia zela. Ez da oso izenburu erosoa, eta erabaki ausarta izan da, argi genuelako gero azalpenak eman beharko genituela.
G.U.: Irakurri nuen liburu hartan payola hitzak ohartxoa zekarren: "Irratiei ordaindu, esatariei ordaindu zure musika jar dezaten…" Askotan, kantuetan jorratu dugu kontzeptua, eta guretzat hitz berri batean laburbilduta dago. Ameriketako Estatu Batuetan ezagutzen dute; Albinik, adibidez, badaki zer den payola.

Urte asko egin dituzue Gor diskoetxearekin, baina Roadrunnerrekin kaleratu duzue seigarren lan hau. Taldeak hartu duen dimentsioak behartutako aldaketa izan da, ezta?

G.U.: Taldeak esparrua zabaldu du, eta Gor bezalako diskoetxe txiki batek ez du ahalmenik, diskoetxeen gaur egungo testuinguru txar honetan, Alemanian edo Japonian, adibidez, promozioak bilatzeko. Beti ere hemengoa ahaztu gabe; estatu mailan, adibidez, asko dago egiteko eta jende askorengana iritsi behar dugu oraindik. Kontent gaude, baita ere, orain artekoarekin; inork ez baitu atera Gorrekin guk bezainbeste disko. Erabakia naturala izan da, ez da inongo kontu txarrik egon, eta oso harro gaude. Egia esateko, gu ez ginen hasi ezeren bila; haiek etorri ziren. Kontzertu baten ostean, hurbildu eta gure diskoa ateratzeko prest zeudela esan ziguten, bazutela sarea nazioartean, eta bazekitela oso talde aktiboa garela. Seguru aski, Roadrunner ez balitz gure bila etorri, Gor diskoetxearekin jarraituko genuke.

Eta zergatik Steve Albini?

A.G.: Hasteko, guretzat erreferente diren talde gehienekin grabatu duelako, eta bestalde, abesti hauek sortzerakoan bilatutako gordintasunak eta zikintasunak eskatzen zuen ekoizpen analogiko hoberena berak eman digulako. Ez genuen beregana jo, besterik gabe, bera zelako.

Bestela, zer moduzkoa izan da Chicagoko esperientzia?

G.U.: Oso hiri erakargarria da. Kontzertuak ikusteko, eta diskoak erosteko… primerakoa.

Emaitza, behintzat, harrigarria izan da. Jaio.Musika.Hilen ildotik jarraitu eta disko findua egin ordez, askoz ere lan biluziagoa egin duzue. Zuzenekoagoa agian…

G.U.: Beti saiatzen gara disko berri bakoitza aurrekotik bereizten. Jendeak agian espero zuen Oreka bezalako abestien ildotik jarraitzea, eta argi dago disko honek beste aldarte bat duela. Baxu jotzaile eta diskoetxe berriak ditugu, baina, azken finean, rock talde bat gara, eta hori defendatu nahi dugu. Hirurok zazpi egunez gela batean sartu, 16 pista bakarrik erabilita artifiziorik gabeko disko zintzoa grabatu, eta esan: "Hau da dagoena, gustatzen baldin bazaizu ongi, eta bestela bilatu beste zerbait".
A.I.: Konposaketa aldetik, behintzat, ez dago hain alde handirik aurrekoarekin. Soinu aldetik da ezberdina; bat-batekoa da, giro asko dago.

36ko Gerraz (Maravillas kantuan) eta Palestinaz (Arren Darwish) hitz egin duzue lehenengoz. Garaiotan puri-purian dira auzi hauek, eta beraz, suma liteke diskoa gaur egungo egoeren lekukotasunekin markatzeko intentzioa.

G.U.: Hain justu bi kantu horiek abiatzen dira gertaera jakin batetik, baina ez da kronika disko bat, nahiz eta egia den gure kantuetan fikzio gutxi dagoela eta inguratzen gaituenaz hitz egiten dugula. Nik esango nuke lan honek baduela zentzu orokorrago bat, gainbehera giro orokor batek kutsatu ditu abesti guztiak: Dekadentziaren onenean, Dortoken mendean, Paperezkoa, Maravillas bera… eta horregatik ez du gaurkotasuna galduko.

Aurkezpen kontzertua Donostiako Dokan egin zenuten ustekabean. Lehenago ere egin izan duzue halakorik, jende asko kanpoan geratzen dela jakin arren. Zer bilatzen duzue areto txikietan?

G.U.: Guretzat garrantzitsua da betiko zuzeneko handien zurrunbilotik ateratzea eta zaletuekin hurbileko harremana eskaintzen duten emanaldiak bilatzea. Gainera, kontzertu bereziak egitea gustatzen zaigu, jendeak esan dezan "ni han izan nintzen". Dokan, adibidez, Payola goitik behera jo genuen, entzuleek oraindik diskoa ezagutzen ez zutenean. Nahiko makarra da, baina guretzat oxigenoa da.
A.G.: Zaila da zenbat jende etorriko den aurreikustea, eta hori da alde txarra.

Abestien letrak bereziki zaintzen dituzue, ia-ia literatura da zuena. Hortaz, ez al zaizue iruditzen euskaraz ulertzen ez duten entzuleei zuen lana herren iristen zaienik?

A.G.: Zoritxarrez bai. Baina sorpresak ere hartzen ditugu, itzulpenen bidez eta abar lortzen baitute kantuen mezuak jasotzea.
G.U.: Hemengoek abantaila hori dute, zirkulua ixten dute, eta askoz gehiago sentitzen dituzte abestiak; itzulpenekin xehetasunak beti galtzen dira eta. Baina egia da beste publiko batentzako hasierako amua musika hutsa dela.

Azkeneko birak hiru urte iraun zituen, eta mundu osoan ibili zineten. Taldea, ordea, nekatu egin zen. Harri berarekin bigarren aldiz egingo al duzue estropezu?

A.G.: Kar, kar, kar! Seguru baietz! Ez. Gauza guztietatik ikasten da, eta ez gara iritsiko psikologikoki eta fisikoki lehertze hartara, momentu latzak izan ziren eta. Saiatuko gara indarrak gehiago neurtzen.
G.U.: Ez gara ezertaz damutzen, hori ere esango dizut. Egin beharra zegoen, eta egin genuen. Gure asmoa da orain esfortzu bera egitea, baina modu ordenatuagoan; erokeriak egin genituen, deskantsatzea tokatzen zenean, adibidez, Japoniatik deitu ziguten eta ezin ezetz esan. Justu lanak utzi genituen garaia zen gainera, eta horretarako geunden. Zurrunbilo hartatik atera arte ez ginen kontziente izan, eta ahituta bukatu genuen.