Bikiak: berdinak ala berdingabeak?

Bikiak: berdinak ala berdingabeak? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bikiak-berdinak-ala-berdingabeak/@@download/image/bikiak_1_1361459767.jpg
2013/03/04
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Bikiak: berdinak ala berdingabeak?
Nola da posible sekula elkar ikusi ez duten bikiek janzkera berbera, ohitura bertsuak eta antzeko keinuak izatea? Eta aldiz, bizimolde bera eta DNA berdin-berdina duten bi bikietako batek gaixotasun genetiko bat garatzea eta besteak ez?


Wisconsingo Unibertsitatean, AEBetan, bada bikien ikerketan espezialdutako laborategi bat Wisconsin Twin Research izenekoa. Azken hamarkadan ehunka kasu aztertu dituzte, bereziki, jaiotzerakoan bereizi eta hainbat urte geroago batutako bikienak, eta urteen poderioz argi ikusi dute halakoetan anai-arrebek antzekotasun handiak mantentzen dituztela sekula elkar ikusi ez duten arren. Esaterako, AEBetako ekialdeko kostan bata eta mendebaldekoan bestea hazitako bi ahizpa bikiren berri izan zuten, eta haien laborategira deitu zituzten, azterketa egiteko asmoz. Anonimotasuna gorde nahi zuten bi emakumeak bertan elkartu ziren lehen aldiz, eta ikerlariak harrituta utzi zituzten: orrazkera berbera zeramaten, janzkera ere parekoa, eta hatz lodian izan ezik, gainerakoetan eraztunak zeramatzaten. Jim Springer eta Jim Lewis anaia bikiak ere jaio eta berehala bereizi zituzten, bi bikotek hartu baitzituzten, eta haiek jakin gabe izen bera jarri zieten. 39 urterekin lehen aldiz elkartu zirenean… bi ur tanta ziruditen! 1.80 metro luze ziren eta 82 kiloko pisua zuten biek, eta haien ahotsak bereiztea ia ezinezkoa zen. Gerora, Linda izeneko emazte bana eta izen bereko semeak zituztela zabaldu zuten hedabideek, eta biak sheriff lanetan arituak zirela, baina kontuari morbo gehiago emateko trikimailuak baino ez ziren izan.

Aldiz, Errusiako telebista kate batean, 135 kiloko aldea zuten bi ahizpa biki azaldu ziren duela pare bat urte. Genetikoki oso antzekoak ziren, leku berean bizi izandakoak, familia berberarekin… baina 190 kilo pisatzen zituen batak eta 55 kilo besteak. Haiek ziotenez, elikadura ez zen arazoa. Ez da kasu bakarra: badira genetikoki berdinak izan arren autismo gradu ezberdinak dituzten haurrak, edota gaixotasun hereditario bat garatzen duten pertsonak, genotipo berbera duen anaia ala arreba bikiak halakorik ez duen arren.

Eta hala, milaka kasu azaldu genitzake, ehunka adibide eta dozenaka gertaera. Izan ere, biomedikuntzako ikerlari eta zientzialarientzat informazio iturri paregabea dira bikiak. Haiei esker, gizabanakoen ezaugarrietatik zeintzuk diren genetikoak eta zeintzuk inguruneak eragindakoak ondoriozta dezakete. Nola? Erraza da: batetik, biki monozigotikoak ditugu, obulu eta espermatozoide bakarretik sortutakoak eta kode genetiko berbera konpartitzen dutenak. Beraz, bien arteko aldeak inguruneak eragindakoak direla ondoriozta daiteke. Bestetik, biki dizigotikoak ditugu, hau da, bi espermatozoidek bi obulu ernaltzerakoan sortutakoak; estatistikoki, geneen %50 konpartitzen dute, anai-arreba arruntek bezalaxe. Ondorioz, biki dizigotikoak biki monozigotikoekin alderatuz, genetikak duen eragin maila azter dezakete ikerlariek.

Hala jakin ahal izan dute, esaterako, gizabanako baten altuera geneek zehazten dutela %80ean, eta ingurugiroak (elikadurak, ariketa fisikoak, etab.) %20an soilik eragin dezakeela. Edota psikologo konduktisten usteen aurka, azkartasunaren edo inteligentziaren  %75 oinordetzan jasotzen dugula, eta heziketa egokiak eta kanpoko estimuluek %25eri bakarrik eragin diezaioketela.

Hirugarren eragilea
Bi motako ikerketa horiek ezinbestekoak izan dira bizidunen izaera, jarrera eta gaixotasunekiko joerak aztertzeko garaian. XVII. mendean, Francis Galton antropologo, geografo eta psikologo ingelesa izan zen ‘oinordetza’ eta ‘ingurunea’ terminoak erabiltzen lehena, eta ondorengo urteetan egindako ikerketek ere tesi bera berretsi zuten: arbasoengandik jasotako geneek eta bizi dugun testuinguruak zehazten dituzte norbanakoen zenbait ezaugarri, hala nola, jarrerari, izaerari eta osasunari dagozkionak.

Baina 80ko hamarkadan dikotomia hori hautsi eta ordura arteko emaitzak zalantzan jarri zituen hirugarren eragilea sartu zen jokoan, epigenetika. Zientzialariak ohartu ziren bazegoela beste osagai bat genotipo berbera zuten anai-arrebak, bizimolde berbera izan arren, bereizten zituena, eta epigenetika izena jarri zioten; grekoz, genetikaren gainekoa. Adituen hitzetan, genetika erregulatzen duten "molekula etengailuak" dira, hau da, gene baten adierazpena aktibatu edo desaktibatzen dutenak, beti ere, DNA sekuentzian eragin gabe. Beste era batera esanda, DNAn ematen diren aldaketa kimikoak dira, gene batzuk azaleratzea edo adieraztea eta beste batzuk lozorroan geratzea eragiten dutenak. Horien ondorioz, esaterako, biki monozigotikoetako batek bipolartasun nahastea izan dezake, eta besteak ez, gaitz hori eragiten duen genea aktibaturik duelako lehenak eta desaktibaturik bigarrenak. Oro har, bikien %35ek perfil epigenetiko ezberdina dute.

Baina nola gertatzen da hori? Zerk egiten du gene batzuk aktibatzea eta beste batzuk bere horretan geratzea? Elikadura, tabakoa, tratamendu farmakologikoak, ariketa fisikoa, bizi estiloa edota adina dira, besteak beste, eragile nagusiak. Hala, jaio berritan haur biki monozigotikoek genoma eta epigenoma berbera dute, eta ia ezinezkoa da biak bereiztea. Baina denborak aurrera egin ahala, pixkanaka, aldaketa epigenetikoak jasan eta bilakaera ezberdinak izaten dituzte. Beste kasu batzuetan, aldiz, elikadura ezegoki baten ondorioz, bikietako batek kolesterola izateko aldez aurretiko joera handiagoa du, edota tratamendu farmakologiko gogor bat tarteko, ahizpetako batek bularreko minbizia eta tumore bat garatzeko erraztasun gehiago izan dezake. Honenbestez, esan liteke epigenetika geneen eta ingurugiroaren arteko nahasketa modukoa dela, eta bakoitzak bere kontutik eragiteaz gain, elkarrekin ere gai direla gizabanakoen hainbat ezaugarritan aldeak sortzeko.

Sexu joera
Harrigarria dirudien arren, beti egon da homosexualtasunaren jatorria genetikan bilatu nahi izan duenik. Orain arte egindako ikerketek, ordea, ez dute fundamentuzko emaitzarik eman, eta esperantzak epigenetikarengan jarri dituzte hainbatek, beren tesiak behingoz frogatuko dituelakoan.

Kaliforniako Unibertsitateko National Institute for Mathematical and Biological Synthesis-eko ikerlari talde batek, adibidez, ernalketa unean emandako geneen aktibazioak jaioko den haurraren sexu joeran eragiten duela ondorioztatu du; eta gaineratu dute, genero maskulinoko fetu batek testosterona murritzaren aurrean aktibatzeko agindua jasotzen duenean, haurrak gay izateko probabilitate handiagoa duela, eta aldiz, fetu femenino bat testosterona dosi altuen aurrean erantzuteko aktibatzen bada, neskatila lesbiana izango dela ziurrenik. Hala ere, "beste faktore batzuek" ere eragiten dutela ohartarazi dute, nolabait, errore tartea justifikatzeko.

Bikien jaialdia


Kondairak dio Moses eta Aaron izeneko bikiak Millsville (Ohio) izeneko herrira iritsi zirela 1819an. Elkarren artean antza ikaragarria zuten, eta hurbilekoek ere zailtasunak zituzten biak bereizteko. Haien asmoa ez zen bertan geratzea, Millsvilleko herritarrei beren jaioterri inguruko lurrak saldu eta hara erakartzea baizik, baina pixkanaka herriaz maitemintzen joan ziren, eta auzotar apurrek ere estimua hartu zieten bikiei. Bertako bi ahizparekin ezkondu ziren, haur kopuru berbera izan zuten, lur eremu berean bizi izan ziren eta hainbat negozio zabaldu zituzten elkarrekin; hala, aberastu egin ziren Moses eta Aaron, eta gaixotasun bera hartu eta haren ondorioz hil aurretik, bien ametsa bete zuten: 20.000 dolar eta zenbait lursailen truke, herriari Twinsburg (bikien herria, ingelesez) izena jartzea lortu zuten.

1976az geroztik, abuztuko lehen asteburuan mundu osoko milaka biki, hiruki, lauki… biltzen dira AEBen erdian dagoen Twinsburg herrixkan, gisa honetako munduko jaialdirik handienean. Bikien Festa deiturikoan mozorro nahiz talentu lehiaketak antolatzen dituzte. Zahar eta gazte, gizon eta andrazko, beren neba-arrebekiko duten antzekotasuna erakustera joaten dira; zenbat eta originalagoak izan, hobe. Urteen poderioz, ospe handia lortu du nazioartean, eta zientzialariek ere beren ikerketak egiteko baliatzen dute asteburua. Kale eta plazetan muntatzen dituzten dozenaka karpa eta mahaietan, aurpegiak errekonozitzeko sistema informatiko berriak frogatzen dituzte, elikadura ohiturei eta haien ondorioei buruzko galdetegiak pasatzen dizkiete edota inteligentzia neurtzeko testak egiten dizkiete. Informazioa biltzea eta azterketetatik ondorio interesgarriak lortzea da zientzialari eta enpresen helburua, neba-arrebek elkar ezagutu eta harreman berriak egiteko aukera probesten duten bitartean.