Birle: "Bizirik dagoen talde batek beti erakartzen ditu aukera berriak"

Birle: "Bizirik dagoen talde batek beti erakartzen ditu aukera berriak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/birle-bizirik-dagoen-talde-batek-beti-erakartzen-ditu-aukera-berriak/@@download/image/birle1_1414053967.jpg
2014/10/23
erreportajea
Leire Palacios (@AnnieSdelMono) eta Saioa Baleztena (@SaioB)
Birle: "Bizirik dagoen talde batek beti erakartzen ditu aukera berriak"
2005ean, 5 kontra taldea desegin zenean hasi ziren tarteka Birleko musikariak jotzeko gelditzen. Hasieran musikariak aldatzen joan ziren arren, 2010ean sortu zen gaur egungo laukotea, eta orduz geroztik ez dira gelditu. Bi bilduma kaleratu dituzte eta orain, hirugarren bat erditzeko asmoz, kanta berrietan lanean dihardute.


Mungiako estiloa al da musika taldeei lekuen izena jartzea?
Taldearen hasierako izena Boys of Birle izan zen. Birle auzoan ensaiatzen genuen mutilak ginen eta sinpletasun hori adierazi nahi genuen geure izenarekin. Taldekideak aldatzen joan ziren arren izena mantendu genuen lehendabiziko urteetan. Baina geroago, euskal taldea izaki, ingelesezko izena edukitzea geroz eta arraroagoa egiten zitzaigun, eta mutilak izateari utzi genionez Birle izendatzea erabaki genuen. Bagenekien ordurako ospetsuak zen Belako taldearekin konparatuko gintuztela baina ez genuen gure izena guztiz aldatu nahi.

Taldea sortu eta segituan atera zenuten lehenengo diskoa. Bigarren EP-rako denbora gehiago hartu zenuten eta 4 kanta besterik ez dituzue aukeratu. Zergatik?

Taldea guztiz sortu eta denbora gutxi barru kaleratu genuen gure lehenengo diskoa, baina bertan agertzen diren abestiak aurreko urteetan zehar idatzi eta grabatzen ibili ginen kantuak dira. Nolabait esateko, diskoa ia prest zegoen Aitor sartu zenerako. Bigarren diskoa aldiz zerotik hasi genuen eta zortzi abesti bukatu genituenean, hala ere, ez ginen ados jartzen eta horregatik gehiegn gustatzen zitzaizkigun lau abestiekin osatu genuen EP-a.

Zeintzuk dira zuen musika influentziak?
Gure musikan isladatzen den moduan, AEBetako punk rock musika gustatzen zaigu, eta horretaz aparte bakoitzak bere influentziak ere baditu eta ez zaizkigu talde desberdinak entzuten ditugu.

Zer da zuen ustez musikari bezala duzuen berezitasuna?

Zaila da guk geuk esatea. Gurean hain sartuta egoteak orokorrean perspektiba kentzen digu, baina, sailkatu ezinak ez garen arren, nolabaiteko nortasuna duen punk rock taldea garela esan dezakegu. Gutxienez, horrela izan dadin saiatzen gara.

Erreza edo zaila al da musikaren munduan aurrera egitea?
Guk muska maite dugulako jotzen dugu. Bakoitzak, taldeaz aparte, lan egiten eta gustura gaude horrela. Egia da ezin diogula taldeari nahi beste denbora dedikatu baina beste alde batetik ez daukagu taldearekin inongo betebeharrik. Gure helburua taldearekin abestiak idazten, grabatzen eta zuzenean jotzen jarraitzea da.

Zein dira izan dituzuen zailtasunak?

Guretzat zailena kontzertuak jotzea da, gure lagun eta ezagunen bitartez lortzen ditugu ia guztiak baina ez daukagu inor lan horretan benetan lagundu diezagukena.

Zer suposatu du zuentzat Musiketxeak proiektuan sarituak izatea?
Benetan behar genuena izan da. Ardatzak EP-a argitaratu ondoren ez dugu kontzertu gehiegi eman eta bat-batatean Euskal Herriko areto nagusietan jotzeko aukera izateak, benetan poztu gaitu.

Espero al zenuten 5 sarituen artean egotea?
Egia esan lehiaketetan aurekezten garen arren Musiketxeak ekimenaz aparte ez dugu beste lehiaketarik irabazi. Horregatik, ixaropena genuen baina beste askotan bezala kanpoan gelditzeko aukera zegoela ere bagenekien. Ezustekoa izan zela esan dezakegu...

Aukera berririk sortu al zaizue?

Noski baietz. Talde batentzat mugimendua oso garrantzitsua da. Disko bat ateratzeak, lehiaketak irabazteak eta kontzertuak jotzeak bizirik mantentzen du taldea. Bizirik dagoen talde batek beti erakartzen ditu aukera berriak. Sarituak izango ez baginen seguruenik ez ginen elkarrizketa hau egiten egongo, eta hau ere aukera bat da.

Non eta norekin jotzea gustatuko litzaizueke?
Areto txikiak dira gehien gustatzen zaizkigunak, agertokia dutenak baina jendearen hurbiltasuna mantentzen dutenak. Bertan Bad Religion taldearekin jo nahi dugula esango genizuke baina urduriegi egongo ginateke ondo pasatzeko. Daukagun esperientziagatik, gure antzeko beste talde pare batekin joko bagenu hobeto pasako genuen ziur.

Datozen asteetan kontzerturik izango duzue?
Momentuz kontzertu bakarra dugu itxita, azaroaren 29an Bermeoko Kafe Antzokian Hamlet taldearekin batera.

Eta amaitzeko, hirugarren bildumarik kaleratuko duzue?
Diskoa kaleratzeko datarik ez dugu oraindik, baina asmoa behintzat badugu, abesti berriak sortu, jo eta grabatzeko irrikaz gaude.