Borondatezko konputazioa

Borondatezko konputazioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/borondatezko-konputazioa/@@download/image/sarezulo_150_1396515067.jpg
2014/04/07
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @aldakur
Borondatezko konputazioa
Gure ordenagailuan, smartphonean zein tabletean lanean edo entretenitzen ari garen bitartean, zientziari ekarpenak egiteko aukera ematen digu borondatezko konputazioak.


Gizartean eragiteko eta solidario izateko modu asko daude. Ziur denoi bururatzen zaizkugula hiruzpalau. Orain proposatuko duguna baina, ziurrenik ezezaguna izango da gehinontzat.

Jakina denez, ordenagailua lanbide askorentzat ezinbesteko tresna bihurtu da, batez ere, ofimatikako softwarea erabiltzeko eta Sarean nabigatzeko. Lan batzuetan, ordea, ordenagailuek kalkulu matematiko konplexuak burutzen dituzte edota informazio garrantzitsua aztertzen dute, adibidez, zientzia eta osasun ikerketetan lan egiten duten enpresa edo unibertsitateetan. Kasu horietan, erabiltzen diren ordenagailuak oso potenteak izaten dira, baina hala ere, burutu beharreko kalkuluak horren konplexu eta ugariak dira, non hilabeteak edo urteak pasatzen dituztela emaitzak lortzeko. Arazo horri aurre egiteko sortu da borondatezko konputazioa.

Borondatezko konputazioaren bitartez, gure ordenagailua ‘utzi’ egingo dugu nahi dugun zientzia edo osasun ikerketan erabili dezaten. Horretarako, gure ordenagailuan programa berezi bat instalatu behar dugu. Behin programa instalatuta, eguneroko ekintzak egiten ari garen bitartean, programa exekutatzen ariko da, eta kolaboratzen ari garen proiekturako beharrezkoak diren kalkuluak egiten ariko da. Hori guztia, noski, gu konturatu gabe gertatzen da, eta gainera, ataza horien exekuzioak ez du ordenagailua moteltzen, izan ere, prozesadorea libre dagoenean bakarrik egiten dira beharrezkoak diren kalkuluak.

Mundu horretan murgiltzeko egin beharreko gauza bakarra boinc.berkeley.edu orrialdea bisitatzea da. Proiekturen batean kolaboratu nahi izanez gero, dagokion softwarea ordenagailuan, smartphonean edo tabletean instalatu, eta gainontzekoaz programa bera arduratuko da.

Web orrialde horretan hainbat proiektu aurkituko ditugu, baina guztien artean bi gustatu zaizkit bereziki: SETI@home eta LHC@home proiektuak. Lehena estralurtar bizitza adimentsua bilatzeko egitasmo eta jardueren multzoa da. Beraz, gure planetatik kanpo bizitza bilatzen ari diren zientzialariekin kolaboratzeko aukera ematen digu. Bigarrena, azken urteetan hain ospetsua egin den partikula-azeleratzailearen bitartez lortutako emaitzen prozesamenduan parte hartzeko da.

Aplikazio mota horien inguruko azken berriak Android erabiltzaileei eragiten die. Samsung etxeak Power Sleep izeneko aplikazioa garatu du, eta badirudi borondatezko konputazioa telefono mugikorretan normalizatzen lagunduko duela. Smartphonentzako alarma arrunt bat da, baina lo gaudenean aplikazioa martxan badago, proteinak aztertzen dituen ikerketa baterako kalkuluak burutzen ditu. Horrela, gaixotasunak sendatzeko ikerketetan lagunduko dugu, lo gauden bitartean.

HARRITU GAITU



Dragdis
Drag&Drop; (arrastatu eta askatu) teknika erabiliz Sarean aurkitzen ditugun eduki interesgarriak biltegiratzeko tresna. 

KATXONDOENA



Cartoon Stock
Bineten mundua maite dutenentzako. Milaka bineta aurkitu daitezke gaiaren arabera bilatuta.

INFORMAZIO BILA



Getty Images
35 milioi irudi eta argazki aske dituen orrialdea. Argazkiak askeak dira, baina erabilpenak ez-komertziala izan behar dute.