Claude Iruretagoiena : “Dantzaren bukaeraren hastapenean gara”

Claude Iruretagoiena : “Dantzaren bukaeraren hastapenean gara” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/claude-iruretagoiena--dantzaren-bukaeraren-hastapenean-gara/@@download/image/19p16-1.jpg
2002/05/03
elkarrizketa
Amets Arzallus
Claude Iruretagoiena : “Dantzaren bukaeraren hastapenean gara”
1960an Claude izeneko mutiko bat sortu zen Baionan. Zazpi urte bete zituenean, dantza eskola batean sartu zen. Handik gutxira, hankak, bihotza, burua, dena dantzan hasi zitzaion, eta buru belarri hasi zen dantzatzen.

Zure ttipitako ametsa zen dantzari profesionala izatea?
Ez, hastapenean ez nuen sobera horretan pentsatzen, ttipiegia nintzen. Esan nezake kasualitatez hasi nintzela dantzatzen. Baina biziki fite anitz gustatu zitzaidan. Eta hamar-hamaika urterekin, orduan bai, obsesio bat bezala bilakatu zen enetzat.

Traba anitz ukan duzu zure ametsa betetzeko?

Bai, izigarri. Hasteko, familian. Lan artistikoak ez baitira zinezko lan bezala kontsideratuak. Beraz, ezin nuen aipatu ere egin. Ez zuten batere ene etorkizuna bide horretatik ikusten. Orduan, ofizio arrunt bat ikasi nuen, eta imprimategian lan egiten nuen. Hala ere, 80ko hamarkadan, Betti Betelu dantza irakasle zenari lan sobera metatu zitzaion, eta bere lekukoaren hartzea proposatu zidan. Honela, hamabortz egunez, lana utzi eta dantzaren munduan murgildu nintzen.

Euskal Herrian posible da dantzatik bizitzea?

Bai, posible da, baina biziki zaila da. Hasteko, ezin dugu gure ikusgarrietatik bakarrik bizi, eta orduan, bizitza aitzina eramateko, behartuak gara irakaskuntzari atxikitzera. Eta bestetik, zailtasun anitz bada, ez baita jendearen usaietan sartua. Nehork ez du sinesten dantzatik bizi litekeenik, eta usu hori da trabarik handiena. Dantza tradizionala afiziotzat hartzen da, eta profesionaltasuna ez dago kontzientzietan sartua.

Zu zara Ipar Euskal Herriko dantzari profesional bakarra. Zer esan nahi du horrek? Dantzak egoera larria bizi duela?

Garbi dago dantza tradizionalak egoera larria bizi duela. Ipar Euskal Herrian ni naiz profesional bakarra, egiturak eta laguntzak eskas baitira. Beraz, lehentasuna litzateke egitura baten sortzea, dantzariak errezibitzeko, ikusgarriak egin ditzaten bidea irekitzeko, eta bereziki, posible dela erakusteko.

Hego Euskal Herrian egoera hobea dute?

Ez, nik ez ditut dantzari profesional anitz ezagutzen. Gehienak bertze lan bat egitera behartuak dira. Egoera berdina dela erranen nuke.

Nori dagokio egoera honen konpontzea?

Nire ustez, lehenik mahai baten inguruan elgarretaratu eta ontsa hausnartu behar da zer egin. Gero, ardura hartu beharko lukete, bai dantza federazioak, bai Euskal Kultur Erakundeak, eta bereziki politikariek. Ontsa litzateke politikariak kulturarat hurbilduko balira. Nik uste dut politikariak direla kultura guttien dutenak. Bai dantzarekiko, eta bai bertze gauza guztiekiko.

Hala ere, zuk dantza eskola bat duzu, nolako dantza irakasten duzu?

Miarritzen badut dantza eskola bat, "Maritzuli" deritzona. Bertan, dantzariak dantza tradizionalean trebatuak izanik ere, dantza garaikidea lantzen dugu. Hala ere, arazo anitz ditugu. Entseatzen gara zerbaiten egiten, baina ez gara heltzen. Justuki, diru aldetik ez delako posible. Ene ustez, interesgarriak ziren proiektuak aurkeztu ditugu, jende bat ere interesatu dutenak, baina ezin izan dira bururaino eraman. Bitxia da, zeren eta Euskal Herrian jende guztiak dantza garaikidea galdegiten du, baina gero nehor ez da prest hori bere gain hartzeko.

Eta zure dantza eskolak ez dizu esperantza berria ematen geroari so?

Ez naiz biziki baikorra geroari buruz itzultzean. Egoera ez bada aldatzen, biziki larria izanen da, nik uste dut bukaeraren hastapenean garela.

Bestazaleak dantzari amorratuak izaten dira. Dantzariak ere bestazale amorratuak dira?

Bai, ni bai behintzat. Gogoa dut beti gauza berdinetan pentsatzeari utzi eta eta haize berria hartzeko. Horretarako, bestak biziki baliagarri zaizkit. Bestan ere, noski, dantza egiten dut. Baina ez dantza tradizionala, beste zerbait. Agian jendeak erridikulua dela atzemanen du, baina berdin zait. Nik ere badut behar bat, beste guztiek bezala, musikak irensten uzteko, eta mugitzeko: besta ez da koreografia bat.