Dantza oholtzara!

Dantza oholtzara! https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/10/06
erreportajea
Dantza oholtzara!
Dantza Zirkuituak hamargarren edizioa du aurtengoa, eta urtea amaitu bitartean, Euskal Herriko hamaika txokotara eramango ditu dantza garaikideko punta-puntako hainbat ikuskizun.


Bi helburu nagusirekin sortu zen Dantza Zirkuitua duela hamarkada bat: alde batetik, formatu txiki eta ertaineko ekoizpenak erakusteko espazio egonkorra sortzea, eta bestetik, dantza ikuskizunetara publikoa erakartzeko antzokiek egiten duten ahaleginean laguntzea. Eta hamar urteren ondoren ere, sektoreko profesional zein zaleen kezkei erantzuteko asmoz jarraitzen du zirkuituak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak sustatzen duen eta antzoki publikoen Sareak koordinatutako Dantza-Bultzatuz egitasmoaren baitan.

Hasiera-hasieratik zirkuituan sartu ziren antzokiek proiektuan jarraitzen dute, eta egitasmoaren arrakasta ikusita, urtero herri gehiago joan dira gehitzen. Hala, zirkuituan zehar erakusten diren ikuskizunen kopurua ere areagotuz joan da, eta noski, guztira burututako emanaldiak ere gero eta gehiago izan dira. Kontuan hartu, hasierako urteetan lauzpabost ikuskizunekin hasi zen zirkuituak 26 eskainiko ditu 2014an zehar, eta guztira 60 emanaldi izango dira ondoko hogei herrietan: Andoain, Arrasate, Azpeitia, Barakaldo, Basauri, Donostia, Dulantzi, Durango, Eibar, Elorrio, Errenteria, Gasteiz, Gernika, Hondarribia, Irun, Lasarte, Leioa, Sopela, Tolosa eta Zornotza.

Urte hasieran ekin zioten, eta aurten abendura arte izango da dantzaz antzokietan gozatzeko aukera. Euskal Herriko dantza konpainiarik entzutetsuenek euren azken lanak aurkezten dihardute, eta era berean, nazioarteko hainbat konpainiaren lanak ere ikusgai dira. Guztien artean, hona gure proposamenak:

Proposamenak


‘BI-HOTZ’ – Javier Murugarren
Javier Murugarren eta Naiara Mendiorozen proposamena itzulpengintza-azterlan bezala ulertu daiteke. Dantzaren eta soinuaren arteko loturak eta batak besteari eman dakiokeena aztertzen dute, Txalaparta eta metalezko mekanismoa duen Hang izeneko instrumentua baliatuz.

‘GELAJAUZIAK’ – Kukai
Jon Mayaren eta Cesc Gelabert koreografoaren elkarlanetik sortutako lana. Dantza eta kultura tradizionalak gaur egungo gizartean eta artearen alorrean duten tokiaz hausnarketa egiten duen proposamena da.

‘GELTOKIA’ – Aukeran
Aukeran konpainia donostiarrak euskal dantza tradizionala hartzen du oinarri, baina dantza garaikideko elementuak baliatuta, hizkuntza freskoa eta egungoa lantzen dute. Kasu honetan, Miren Agur Meabek idatzitako antzezlana taularatu dute.

‘KAMELEOIA’ – Dantzaz
Kameleoia hiru koreografia-piezatan oinarritutako ekoizpena da. Hiru piezetako bi, Things I Told Nobbody eta Chameleon, bere lana Herbehereetan garatu duen Itzik Galili koreografo israeldarrarenak dira, eta hirugarrena, Few Brief Sequencies, Jacek Przybylowicz koreografo poloniarrarena.

‘NAN’ – Ertza
Nortasuna eta naziotasuna ardatz dituen lan honetan desberdina izateko eskubidea aldarrikatzen da. Horretarako, hain zuzen ere, hainbat euskarri erabilitzen dituzte oholtzan: bideoa, dantza, antzerkia edota errezitaldia, adibidez.

‘RONDE. BI AHIZPA’ – Rouge Elea
Rouge Elea konpainiak ikuskizun poetikoak lantzen ditu, zirkoa, dantza, objektuen musika eta irudiak uztartuz. Lan honetan anai-arreben arteko harremanak oinarri hartuta, konplizitatea edo aurkaritza bezalako gaiak landu dituzte, amodiozko dantzaren inguruan.