Elikatzeko liburuak

Elikatzeko liburuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elikatzeko-liburuak/@@download/image/liburutegiak_ka_1451992971.jpg
2014/10/06
erreportajea
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono
Elikatzeko liburuak
Liburuen transakziorako gune izatetik geroz eta urrunago dago liburu dendaren
eredu garaikidea. Gaur egun, jakintza sortu, elikatu eta hedatzeko beharrezkoa den sarea ehuntzeko ezinbesteko erreferentziazko espazioak dira.

Hainbat urte atzera, kafetegietan liburuak sortzen ziren; gaur egun, ordea, liburu-dendetan kafea kontsumitzen da.

Letren historian mugarri dira pentsalari eta artisten topagune ziren garai bateko kafetegiak, non, jakin-minez betetako gazteak pentsamendua loratzen uzteko elkartzen ziren; pizten zituzten eztabaida emankorretatik oso ezagunak diren hainbat obra jaio ziren. Haietako lehenengo topagunea Parisen sortu zuen, 1689an, Francesco Procopio italiarrak: Café Procope. Bertan, l’Encyclopédie-aren sortzaileak biltzen ziren egunero: Diderot, d’Alembert, Rousseau eta Voltaire. Azkenak, bulegoa jarri zuen kafetegian bertan. Horietaz gain, Danton, Marat edo Guillotin bezalako iraultzaileek ere bertan egiten zuten topo. Frantziako hiriburuan, Saint Germain des Prés auzo intelektualean kokatuta dagoen Café de Flore ere oso ezaguna da. Diotenez, ohikoa zen bertan Simone de Beauvoir, Jean Paul Sartre eta Albert Camus eztabaidan topatzea.

Orain, aldiz, kafetegien ordez liburu-dendek biltzen dute eztabaida eta sorkuntzaren magia. Liburuekin harremantzeko eredu berri eta arrakastatsu horretan diharduten hainbat espazio jaio dira Euskal Herrian. Lehenengotarikoa Zarauzko Garoa liburu-denda izan zen; 1973ko apirilean zabaldu zituen ateak estreinakoz, eta aurten bigarren denda zabaldu dute Donostiako Zabaleta kalean. 1976an, Durangon Hitz espazioa jaio zen. Biak dira ibilbide luzeko liburu-dendak, inguruan errotuak, familiaren berotasunean eraikiak eta literaturarekin hertsiki zerikusia duten hainbat ekintzen plaza direnak.

Bilboko kultur-mapan aski ezaguna da Maiatzaren Biko kalean dagoen ANTI liburu-denda. Ezinbesteko kultura erreferentea da, eta hiribilduak izan duen tankera honetako lehenengo espazioa. Berriagoa da Alondegian topatu dezakegun Shopa; janaririk eskaintzen ez duen arren, antolatzen dituzten ekintzen bitartez gastronomoniarekiko apustu handia egiten duen gunea. Apustua egin dute Iruñean ere, literatur klasikoak beste zenbait liburu berezirekin batera eskaintzen dituen Walden liburu-denda gaztean. Irudiaren alde egin du, ordea, Gasteizko Zuloa liburu-dendak; disziplina grafikoarekin zerikusia duten liburuen eskaintza zabal-zabala dute.

Abiapuntu politikotik jaioak dira Bilboko Ddt, Gasteizko Zapateneo, eta agian izen ezagunagoak dituzten Katakrak –onomatopeiatik dator, Iruñean haustura egiteko helburua dutela islatzeko- eta Donostiako Kaxilda– Gipuzkoako hiriburuko miliziana aski ezagunaren izena hartzen dute defendatzen duten anarkismoaren ikur –. Azken bietan pentsamenduarekin batera gorputza ere elikatu daiteke, eta proposamenetara irekiak dauden jakintza partekatzeko espazioak dira. Kaxildak, gainera, hilabete honetan zabalduko ditu berriz ere ateak jaiotzen ikusi zuen Amarako frontoi zaharraren ondoan.

Liburudendak


1. Helburua.
2. Arloak eta argitaletxeak.
3. Ekintzak.



Iruñea
Walden
1. Henry David Thoreau-ren eleberritik izena hartzen duen liburu-dendan, irakurleak lasaitasunez liburuak deskubritu ditzake kafe bat hartzen duen bitartean.
2. Katalogoa osatzen ari diren arren, klasikoak berreskuratu dituzte, artean eleberriak, saiakera eta poesia, Tusquets, Anagrama edota Kaidós argitaletxeen eskutik.
3. Aurkezpenak, mahai inguruak eta topaketak egiten dituzte.

Katakrak
1. Eraldaketa soziala gauzatu nahi dute, eta tresnaz josita dagoen lanabes-kaxa bezala ulertzen dute liburu-denda. Kantina dute, eta prezio prekarioak hilean 1.000 euro baino gutxiagoko soldata dutenentzat.
2. Ez dituzu beste liburu dendetan dauden irakurgaiak topatuko, ezta ohiko sailetan sailkatuta ikusiko.
3. Aurkezpenak, mahai-inguruak, erakusketak zein ikastaroak antolatzen dituzte, eta espazioa alokatzen dute.

Gasteiz
Zuloa
1. Irudiarekin zerikusia duten liburuekin lan egitea du helburu.
2. Arkitekturan, diseinuan edota fikzioan oinarritutako komikiak, nobela grafikoak eta abar topatuko ditu irakurleak.
3. Aurkezpenak, mahai-inguruak eta erakusketak.

Zapateneo
1. Eztabaida kritikoa piztu dezakeen materiala zabaldu nahi dute.
2. Anarkismoa, bazterketa soziala, feminismoa eta abar hizpide dituzten liburuak edota fanzineak dituzte.
3. Argitaletxea ere badira.

Bilbo
Anti
1. Kultura garaikidean espezializatua dagoen liburu-denda erreferente bihurtzea du helburu.
2. Funtsa lau alorretan dute ardaztuta: artea, narratiba, pentsamendua eta diseinua.
Apa-Apa, Media Vaca, Belleza infinita, Libros del Asteroide, Capitán Swing edota Traficantes de sueños argitaletxeetako lanak dituzte.
3. Proposamenetara irekita dagoen espazioa da, eta kontzertuak, aurkezpenak, mahai inguruak edota ikastaroak egiten dituzte.

Shopa
1. Maiatzaren Biko kaleko hainbat dendak egindako proposamen kooperatibak kudeatzen duen Alondegiko liburu-dendan ohikoak ez diren proposamenak plazaratzen dituzte.
2. Pepitas de Calabaza, Kokinos, Libros del Zorro Rojo, Astiberri, Norma, Impedimenta edota Sins Entido argitaletxeekin lan egiten dute.
3. Ardo-dastaketak eta umeentzako tailerrak egiten dituzte hilero. Horretaz gain, aurkezpenak eta ekintza bereziak ere egiten dituzte.

Durango
Hitz
1. Durango inguruan kultura zabaltzea eta irakurleen beharrak asetzea dute helburu.
2. Utriusque Vasconiae, Hiria, Aizkorri, Sajalín, El Salmón edota Acantilado argitaletxeen lanak dituzte.
3. Poesia emanaldiak, aurkezpenak eta ume zein helduentzako ekitaldiak egiten dituzte.

Donostia
Garoa
1. Liburuak ardatz, kultura zabaldu eta gizartean literatur sare egonkorra sortu nahi dute.
2. Caja Negra, Capitán Swing, Gallo Nero, Denonartean edota Consonni argitaletxeekin lan egiten dute.
3. Literatura ardatz duten ekintzak antolatzen dituzte; Paperezko kontzertuak, Paperezko lagunak irakurle taldea, liburu poteoa ostegunetan...

Kaxilda
1. Alor teoriko eta praktikoa bateratzen dituen hainbat disziplinetako esperientzien sarea sortu nahi dute, Donostiarentzat berezibiko garrantzia duen inguru gastronomikoa probestuz.
2. Saiakera, narratiba, poesia, zein liburua elementu kontzeptualtzat duten disziplina artistikoen funtsa zabala dute. Gainera, Hego Ameriketako argitaletxeenganako apustua egin dute.
3. Agenda politiko eta artistikoan txertatzen diren adin guztietarako ekintzak: aurkezpenak, mahai inguruak, antzerkia, performanceak, kontzertuak...