Emakumeak eta rocka

Emakumeak eta rocka https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeak-eta-rocka/@@download/image/201253140emaroc_1360611706.jpg
2012/06/01
erreportajea
Igone Fdez. Mariezkurrena
Emakumeak eta rocka
Euskal musikagintzan eta eszenatokietan emakumeek duten presentzian eta, batez ere, paperean eragitea bilatzen du Saioa Cabañas 'Gauilunak'-en ekimenez sortutako elkarteak. Maiatzaren 24an aurkeztu dute proiektua.

"Jendeari eskatzen badiozu aipatzeko euskaraz kantatzen duen mutilez osatutako musika talde bat, arazorik ez. Neska abeslarien izenak eskatuta, ziur aski aterako da baten bat; baina, gitarra edo bateria jotzen duen emakumezkoekin hasiz gero... zaila dago kontua. Eta zer esanik ez soilik emakumez osatutako euskal taldeak bilatzen jarrita!". Hortxe Saioa Cabañasen kezka. "Kontserbatorioak eta musika eskolak neskaz beteta badaude, zergatik ez dira heltzen plaza publikora, zergatik ez dira igotzen eszenatokietara?"
Egoera aldatzeko lehenik eta behin estereotipo asko gainetik kentzea beharrezkoa dela argi du bilbotarrak. "Musikaz eta musikarekin gozatzeko aukera izan dezaten, emakume egileek aske sentitu behar dute. Eta ondoren lanak nahiz esperientziak zabaldu eta partekatu".

Emarock proiektu honen lehen argia 2010ean piztu zitzaion Cabañasi, kontzertuetako argazkiak bilduko zituen erakusketa bat egitea proposatu ziotenean: "Hautaketa egiten hasita, konturatu nintzen banuela aukera soilik emakumeen irudiekin osatzeko". Orduko hartan ez zion heldu, baina ideia buruan geratu zitzaion bueltaka, eta inguruan laguntza bilatu eta elkarte bat eratuta, bi urtez mamitu du hil honen 24ean Tolosako Aranburu jauregian aurkeztuko dutena.

Fisikoa eta birtuala

Proiektuak baditu bi adar. Fisikoa zuzenekoetako argazki erakusketa bat izango da funtsean, zeinetan euskaraz aritzen diren neskek izango duten protagonismoa. Alde birtuala, berriz, propio sorturiko webgunean eta sare sozialetan garatuko dute. Honekin batera, ikus-entzunezkoen bidea ere jorratzen dabiltza, denbora honetan guztian elkarrizketak egiten eta iritziak jasotzen ibili baitira. "Bildutako materialarekin dokumentala osatzen ari gara".
Emarock elkartea eta proiektua epe luzeko bokazioarekin jaio dira, eta bide oparoa dute egiteko.