Eszenari dagokiona

Eszenari dagokiona https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eszenari-dagokiona/@@download/image/eszenatokia_1359476389.jpg
2013/02/04
erreportajea
Eszenari dagokiona
Hemen, Euskal Herrian, Arte Eszenikoen Goi Mailako eskola bat zabaltzearen aldeko plataformak hamalau elkartek izenpetutako komunikatua kaleratu zuen urtarrilean.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunek 2012-2013rako aurreikusitako Eszenika proiektuak bizi duen zalantzazko egoera salatu dute, eta arte eszenikoen alorrean formazio ofizial eta arautua eskainiko lukeen zentru baten beharra aldarrikatu dute "sektoreari egonkortasuna eta oparotasuna" emateko. Hainbat sortzaileri galdetu diegu auziaz.

Jon Maya. Dantzari eta koreografoa, Kukai konpainia



"Zalantzarik gabe, beharrezkoa da Goi Mailako Eskola bat Euskal Herrian, gurean aktore, dantzari, zuzendari, koreografo... izan nahi dutenek kanpora joan behar izan ez dezaten. Baina baita ere herri batentzat ezinbestekoak direlako bere berezko ezaugarri eta premiak ezagutuko dituzten profesionalak. Dantzari dagokionean, ulergaitza eta onartezina litzateke eskola horren proiektuak gure nortasunaren parte garrantzitsu den euskal dantza tradizionala alboratzea, mundu osoan soilik hemen egiten den zerbait delako eta, beraz, hemendik atera behar dugulako jende trebatua. Eta premia larria dagoelako. Egoera ekonomikoa ez da ona, baina kultura eta kultur hezkuntza herri baten behar eta lehentasunen artean kokatzea da gakoa, soilik horrela aterako baita aurrera. Kulturak ez du limosna behar, ez du botatako dirua behar. Inbertsioak behar ditu; sinismenez egindakoak, benetakoak. Kultura ekonomia, hazkundea, aberastasuna... ere badelako."

Ainhoa Juaniz. Zirika Zirkus



"Goi mailako ikasketetan bakarrik ez, eskola eta institutuetan ere txertatu beharreko diziplinak dira gureak. Izan ere, %95 gorputz eta %5 buru bagara, nola da posible hainbesteko garrantzia aitortzea bigarrenari eta, aldiz, gorputzaren adierazkortasunari ez erreparatzea? Bestalde, arte eszenikoen modernizazioa ekarriko duen zerbaiten beharra dugu, arlo ezberdinak elkartu eta garai berrietara egokituko dituen berezko gune bat, mundu artistikoaren elkargune bat. Guri ere ikertzea eta esperimentatzea gustatzen zaigu, gizartearen nahiz norbanakoaren gozamenerako gainera, eta hortaz, zergatik ez gure herrian egin? Etxean talentua dugunik ezin da ukatu, honi guztiari zor zaion garrantzia da falta dena."

Itsaso Azkarate. Taun Taun txotxongilo konpainia



"Antzerti izeneko arte dramatiko eskolan ikasi eta, gerora, hemen sortu eta lan egiteko aukera izan dugu nire belaunaldikook. Beraz, atzeraka al goaz? Arte Eszenikoen sektorea oinarrizkoa da gure kulturaren garapenerako eta, ez dirudien arren, gure gizartearen sare ekonomiko eta laboralaren parte da. Eskola molde interdiziplinarra, irekia eta praktikoa aldarrikatzen dut; irakasgaietako edukiak ez ezik, ikasleei bizi-esperientzia aberasgarri bat, lan taldean aritzeko ahalmena eta sormen prozesuak hasieratik amaieraraino garatzeko gaitasuna emango diena. Antzerki bisualak, objektu-antzerkiak eta txotxongiloek tartea merezi dutela ere uste dut, eta ikasketa prozesurako ezinbestekoa da beste eskola batzuekin harremana izatea eta gurera, monografikoetarako-edo, lantzean behin, figura erreferentzialak ekartzea."

Maider Yabar. Akrobata, Buruz Behera konpainia



"Eskola publikoa behar dugu Euskal Herrian zirkuari eta antzerkiari merezi duten protagonismoa aitortzeko, gure mundu honek gutxiespenezko tratamendua jasan baitu orain arte. Ohore handia litzateke, eta guztiz funtzionala, edozein herrirentzat gauza aberasgarria baita bertako nahiz kanpoko profesionalak formatzea. Artista multidiziplinarren harrobia behar dugu etxean, kalitatezko ikuskizun aberatsak osatzeko gai izango direnak eta, horrez gain, erakargarri izan behar dugu kanpokoentzat. Halako eskola batek teknika eta diziplina irakatsi behar ditu, baina baita ere sormena lantzeko baliabideak eman, ideiak garatzeko tresnak. Hiri bakoitzean eskola bana edukitzea litzateke desiragarriena eta aproposena, Frantzian gertatzen den bezala, baina gehiegi eskatzea dirudi eta, beraz, goazen lehenengoa aldarrikatzera."