Etxetik hasi!

Etxetik hasi! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etxetik-hasi/@@download/image/201210306862pal_1360186036.jpg
2012/11/02
erreportajea
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena
Etxetik hasi!
Irudimena eta kontzientzia ekologikoa uztartzea posiblea bezain erabilgarria denez, has gaitezen etxetik eredua sortzen. Nork hurbil eskura duenarekin berea egitea da onena, baina adibide modura, hemen hiru proposamen.

Ba al leike?
Palet zaharrak birziklatzea eta gure etxeak hornitzeko erabiltzea? Ba bai, Paleike. Jesus Rivesek eta Idurre Ugaldek azaldu digute nola.
Ostegunero badute plana: furgoneta hartu eta tourra egiten dute industrialdeetan barrena. "Era guztietako paletak topatzen ditugu, mordoa, botata". Oreretan duten tailerrera eraman eta hantxe hasi eta bukatzen dute prozesua. Paletak desegin, iltze eta grapak atera, makina batekin azala kendu eta garbi uzten dute materiala berrerabilpenerako. Mahaiak, aulkiak, armairuak, oheak... denetarik diseinatzen dute, baina emaitza bera da beti: "Altzari leunak, goxoak eta arinak dira. Berniza daramate, baina itxura naturala gordetzen dute, egurraren kolorea eta betak diren bezalaxe ikusten baitira". Urtebeteko bermea eskaini ohi dute, egurrak berriak izaten direlako eta, beraz, aldaketaren bat sumatuz gero, euren gain hartzen dute konponketa.

Esan digutenaren arabera, batez ere jende gaztea hurbildu zaie: "Ikea baino garestiagoak dira, baina bertakoak, eskuz neurrira eginak eta, gainera, erosten duenak badaki zabor artean botata zegoen zerbait berreskuratu duela".

Eskariak webgunearen bitartez jasotzen dituzte, nahiz eta azokatan ere mugitzen duten produktua, eta Emaus, Ekogunea eta antzeko ekimenetatik edota ingurumenaren interpretazio zentruetatik ere heldu zaie enkargu handiagoren bat. "Gure ilusioa jatetxe baterako altzariak egitea da, edo haur txoko baterako mahai eta aulkiak...".

Itsasoan ibilitako amets zatiak

"Edozein altzariri eskatzen zaizkion funtzioak asetzeaz aparte, gureak diseinuzko produktu bereziak dira, bakarrak, itsasoan barrena ibilitako amets zatiak". Horixe da Arraitz Koch-ek beste bost lagunekin batera 2009 inguruan Iruñean abiatutako D-Velas egitasmoaren esentzia, belauntzietako haize-oihaletatik abiatu eta hauek eraldatuta ekoizten baitituzte aulkiak, hamakak, puffak eta gutako askori bururatuko ez litzaizkigukeen beste hamaika pieza.

Lantaldean badira arkitektoak, diseinugileak, haize-oihal egileak, artistak, merkatariak eta, oso garrantzitsua, baita ahal duten guztietan itsasoratzen diren bela zaleak ere; konbinazio perfektua, hortaz. 2009an piztu zitzaien bonbila, oihal zaharrekin zer gertatzen den galdetu eta bota egiten direla jakin zutenean. Lehendabiziko diseinu haiek Madrilgo BestEnd nazioarteko lehiaketan aurkeztu zituzten eta, marka gehixeago elaboratzearekin batera, lekua lortu zuten Europako erakustazoka garrantzitsu zenbaitetan, eta aldizkari espezialdutan ere agertu dira. Gaur egun, salmeten %70 atzerrira bideratzen dituzte. Herrialde bakoitzari begira amua ezberdina dela azaldu digu Kochek, eta horrekin jokatzen dutela: "Europa iparraldean, adibidez, birziklapen fina asko baloratzen dute; Zeelanda Berrian eta Ipar Amerikan diseinua; eta Frantzia belari estuki loturiko herrialdea da...".

Portugaldik, Espainiatik, Frantziatik edota Italiatik inportatutako oihal erabilien artean plastikoki interesgarrienak direnak aukeratzen dituzte; marra, zenbaki edo bestelako marka bereziak dituztenak, eta Iruñeko tailerrera ekartzen dituzte mozteko. Ondoren, garbitu, inpermeabilizatu eta josi. Edizio mugatua duten piezak dira denak, "bakoitzak bere jatorrizko data, kaia, itsasontzia, oihal mota eta zenbakia daramatza etiketa batean zehaztuta".

Eskuz egindako lan luzea denez gero, D-Velasen jakin badakite euren prezioak ez direla kabitzen poltsiko bakunetan. Aldiz, hotelak, arkitektura eta diseinu estudioak eta itsasoaren maitale amorratuak dituzte bezero.

Kartoiaren magia
Hozkailuak biltzen dituzten kaxetatik apalak, armairuak, mahaitxoak, komodak ateratzea; horra hor Mayu Olaldek kartoiarekin egiten duen magia.

Eskulanak, margoketak eta marrazketak beti izan ditu alboan donostiar honek, "ordu asko eman ditut teknika desberdinekin jolasten". Orain dela urte batzuk, Bordelen, denda bateko erakusleihoan komoda "berezi" bat ikusi zuen, "arrosa kolorekoa zen, zabaldu eta kartoizkoa zela ulertu nuen". Handik gutxira, Bordelera itzuli zen, bost eguneko ikastaroa egitera.

Donostiako Alde Zaharreko ganbara batean segitzen du esperimentazioaren bidetik. Kartoia etxetresna elektrikoak saltzen dituzten dendetan eskuratzen du: "Hozkailuak biltzeko kaxak dira onenak, plaka handi eta ederrak ateratzen direlako, sendoak; oso material egokia da". Ondorengo urratsa diseinua da eta, horretarako, Olaldek informazio zehatza eskatzen dio bezero bakoitzari: "Gustatzen zait jakitea altzariak ze txoko izango duen etxean, zertarako erabiliko duen, zer gordeko duen barruan,... eta behin behineko marrazki batzuk egiten ditut eroslearekin forma, kolorea eta neurriak kontrastatzeko". Kartoia mozten hasi behar da gero, kuter batekin, mozketa garbia izan dadin; plakak elkartu, itsatsi, ertzak paperez estali... dekorazioa, margotzea, amaieran dator; eta gainean berniza.

Altzari sendo eta originalak ateratzen dira Donostiako Alde zaharreko ganbaratik, "beharretara egokituak, kolore bizikoak eta atseginak". Dendaren batean ale batzuk salgai izan dituen arren, enkargu gehienak zuzenean jasotzen ditu Mayu Olaldek, eta halakoxea da eskaintzen duen tratua ere.