Euskadiko Gazteariaren Kontseilua

Euskadiko Gazteariaren Kontseilua https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/06/04
erreportajea
Testua: Itsaso Andueza. Euskadiko Gazteariaren Kontseiluko presidentea
Euskadiko Gazteariaren Kontseilua
Zergatik gazte kontseilu bat? Gazteon egoera beti izan da helduena baino kaskarragoa; datuek hori islatzen dute (langabezia-tasa, tenporalidade-tasa, emantzipazio-tasa...).


Eta egungo testuinguruan are eta zailagoa bilakatu da, laneratzea ezinezkoa den neurrian, gure eskubide sozioekonomikoak desagertu egin direlako. Zer dira eskubide sozioekonomikoak? Gizarte Segurantza, osasuna, etxebizitza, eta abar. Gazteria Politikak gazteon behar eta interesei erantzuten dieten neurri eta erabakiak dira, baina normalean ez dituzte gazteek egiten. (Horrek ez du zertan txarra izan, baina...)
Kontseilua zertarako? Gizartean gazteon ahotsa entzunarazi behar dugulako. Politika publiko guztiek dute eragina gazteongan, baina ez daukagu ordezkaritzarik administrazioetan, eta oro har, oso bide gutxi dauzkagu horietan parte hartzeko. Kontseiluak behar horri erantzuna ematea du helburu, elkarrekin banaka baino oihartzun handiagoa dugulako. Hala, gazte elkarteen eta administrazioen arteko zubia izateaz gain, horien zerbitzura egoteko xedea ere badu Euskal Gazteriaren Kontseiluak; beti ere, gazteon eskubideen alde lan egiteko.
Beraz, zer da kontseilua? 61 elkartez osatutako plataforma da, eta bertan, arlo ezberdinak jorratzen dituzten elkarteak batzen dira: sentsibilitate politiko guztietako gazte alderdiak, hezkuntza formal eta ez-formaleko entitateak, lurralde mailan zein Euskal Herri mailan lan egiten dutenak... Gazteok egina, gazteontzako! 1986an sortu zuen Eusko Legebiltzarrak, eta administrazio publikoek finantzatu dute euren borondatearen arabera. Urte hobeak eta kaskarragoak bizi izan ditu, baina beti aurrera eginez, unean uneko gatazka eta kezkei erantzuna ematen ahalegindu da kontseilua: intsumisioa eta kontzientzia eragozpena, etxebizitza eskubidea, prekarietatea, lan baldintza duinak...
Kontseiluak hainbat topaketa, jardunaldi, lantalde eta ekintza antolatzen ditu urtean zehar, guztiak gazte elkarte zein norbanakoei zuzenduta. Aurrerantzean, gazteoi eragiten diguten gaietan erreferente izateko asmoz lanean jarraituko dugu, gure eskubide eta interesak defendatuz, eta batez ere, gazteoi ahotsa emanez! Helburu hori gogoan hartuta, datozen hilabeteetan Euskadiko gazte elkarteek GAZTEZULOn topatuko dute bozgorailua, euren iritzia zabaltzeko tresna eta haien lana ezagutzera emateko tokia. Has gaitezen!