Ezetz esaten

Ezetz esaten https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/10/06
erreportajea
Testua: Ander Lertxundi. Psikologoa eta sexologoa
Ezetz esaten
Lagun giroan gustura ari zarela, inolako interesik sortzen ez dizun norbait
gerturatu da zu seduzitzeko asmotan. Ezezko erantzuna argi duzu zure buruan, baina nola esan ezetz? 


Nahiz eta maiztasun eta intentsitate ezberdinetan izan, egunerokoan bizi ditugu besteenganako desira zein besteek gurekiko sentitzen dutena. Sarritan, baina, desira horiek ez dira norabide bietan batera ematen, ezetza ematen duenarentzat zein jasotzen duenarentzat egoera konplexu eta desatseginak sortuz.

Gure interes eza dela eta, batzuetan, bestearen gerturatzea gutxietsi egiten dugu modu txarrez, agresibitatez edota barre edo burla eginez. Ez dugu ahaztu behar, trebeziarekin ala gabe, gerturatzen dena proposamen bat (dena delakoa) egitera datorrela. Eta proposamena egitera ausartzen denak, jasotzen duenak bezalaxe, errespetua merezi du, baita ezezkoan ere. 

Aitzakiak eta gezurrak
Irteera erraza bilatu asmoz, batez ere jarrera tematia dutenak gainetik kentzeko, aitzakiak eta gezurrak erabiltzea nahiko ohikoa da. Gezurrik erabilienak bikotea dugula esatea edota proposamena egiten duenaren kontrako sexuko pertsonak gustatzen zaizkigula esatea izaten dira. Eraginkorra izan daiteke, baina eraginkortasun hori, agian, ados ez gauden ideietan oinarritzen da.

Hasteko, ez gara egia osoa esaten ari, alegia, interesik ez dugula. Eta bestetik, interesatuarenarekin bat ez datorren sexukoak gustuko ditugula esatean, gainera, bakean uztea ez dago gure interes ezean oinarrituta, besteak antzematen duen ezinezkotasun ideian baizik.

Bikotea dugula esatean ere, egia izan ala ez, antzerako zerbait gertatzen da. Neskak bakean uzten dira hartuta daudelako eta hirugarren hipotetiko horrekiko errespetuz, ez neskaren desira falta aintzat hartu delako. Mutilen kasuan, ordea, interes eza bikotea dutenean bakarrik senti dezaketela dirudi. Aurkako kasuak ere badaude. Badira desiratzen dutenaren erantzun argia nahi dutenak ere, honek izan ditzakeen beste harremanei buruzko informaziorik jaso gabe. Bikotearen aterpearekin amaitzeko, harreman eredu posible bakar baten ideia sustatzen ariko ginateke: esklusibitate sozial eta sexuala oinarri duena.

Desirak, mugak, egoerak eta interesak askotarikoak dira norbere biografian, are gehiago, beste biografia batzuk ere jokoan sartzen badira. Desirak batera ematen direnean eramangarria izaten da, baina horrela ez denean kudeaketa konplexuago bihurtzen da. Bakoitzak nahi edo ahal duen bezala kudeatzen ditu egoera horiek, baina interesgarria litzateke norberari eragin diezaioketen ondorioetatik haratago begiratzea.

Orpoz orpo



Ernesto Prat Urzainki. Txalaparta

Clausewitzen arabera politika gerran beste bitarteko batzuez jarraitzeko modua baldin bada, Prat lagunarentzat –izen horrekin eta itxura horrekin, Corto Maltese kasik– erotismoa borrokan jarraitzeko beste bide bat da. Bigarren hori sinesten ez baduzu, irakur egizu Orpoz orpo, Madrilen irakurtzen badute beste hamaikatxo purrustadatarako gaia emango dien liburua. Ordura arte, egilearen biografia (baimendua!) liburuaren ezker-belarrian tatuaturik daukazue. Edorta Jimenez

Ai ene, eta nork kenduko dit niri orain beroaldi hau?! Zer, berotu eta gero hola utzi behar nau? Hau martxa... Baina nola ematen ahal zaio horrelako inportantzia haragi zati ustel bati? Ados, hasi eta segidan etorri da gaztelua beheiti, baina horrek ez du erran nahi erreginarekin jolastu ezin denik. (…) Ikusiko duzu, une érection foireuse, et il envoie tout chier! Dena pikutara, putain... Noiz ikasiko dute zakilburu alu hauek hamabortz zentimetro miserable horietatik haratago badagoela bizitzerik? Mundu bat ez, hamaika unibertso daude!

Sexologoaren iradokizuna:
1. Jaieguna da, eguraldi txarra egiten du eta aspertuta zaude etxean.
2. Bihurtu zure bainugela eszenatoki erotiko.
3. Prestatu bainera, xaboia, olioa, bainu-gatzak, kandelak, musika...
4. Azken osagarria, liburua. Eta irudimena...