Fariba Sheikhan: "Erantzukizun orok esfortzua eskatzen du"

Fariba Sheikhan: "Erantzukizun orok esfortzua eskatzen du" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fariba-sheikhan-erantzukizun-orok-esfortzua-eskatzen-du/@@download/image/fariba_img_7286_1411723065.jpg
2014/10/06
elkarrizketa
Argazkiak: Thor Castro. Testua: Saioa Baleztena @SaioB
Fariba Sheikhan: "Erantzukizun orok esfortzua eskatzen du"
Urtetxo bat besterik ez zuenean, inguruan musika entzun eta dantzatzen
hasten zen Fariba Sheikhan (Gernika, 1988). Koxkortu zenean konturatu zen
adierazpenaren adar guztiak erraietan zituela, eta behin batxilergoa amaituta,
Sevillara joan zen bere pasioa garatzeko asmoz.

Aita iraniarra du, ama gernikarra eta bera Euskal Herrian hazi zen arren, Teheranekiko lotura estua duela aitortu digu. Amak aukeratu zuen Fariba izena; euskaratuta, hipnotikoa edo magnetismoa duena esan nahi du. Seguruenik, jaio zenetik erakarri du antzezteak, baina 26 urte bete dituenean lortu du, "azken urteetako lanari esker", aktore gisa izan zezakeen erronkarik handiena. Maiatzetik Madrilgo Lavapiés auzoa du bizitoki, hain zuzen, Antena3 telebista kateko El secreto de Puente Viejo telesailean buru-belarri hasi zenetik.

Ttikitako ametsa bete duzu, aktore izatea, baina noiz hasi zinen?
Betidanik erakarri nau adierazpenak, eta batxilergoa amaitu nuenean ez nuen zalantzarik izan. Herriz eta giroz aldatzeko gogoz nintzen, eta Sevillako ESAD-era joan nintzen Arte Dramatikoa ikastera. Orduan hasi nintzen betiko ametsari forma ematen, eta gero, Madrilen eta AEBetan ere izan nintzen, hainbat ikasketa egiten. Barrutik ateratzen zait, eta horretan jardun nahiko nuke.

Orain ‘El secreto de Puente Viejo’ telesailean ari zara, baina lehen urratsak ‘Goenkale’-n eman zenituen. Nola hasi zinen?
Goenkaleko pertsonaia baten papera egiteko casting batera aurkeztu nintzen, eta froga egin ondoren, zuzendariak deitu ninduen esateko nire profila gidoian gordeta zuten beste pertsonaia bat egiteko hobeto ikusten zutela. Noski, baietz esan nien!

Maiatzean joan zinen Madrilera. Nola heldu zinen ‘El secreto de Puente Viejo’ telesailera?
Aspalditik gogoa nuen mugak apurtu eta Euskal Herritik at saiakeraren bat egiteko. Horregatik, Madrilgo ordezkari batekin kontaktuan jarri nintzen bertan lanean aritzeko aukerak bilatzeko asmoz, eta El secreto de Puente Viejo telesaileko frogara aurkeztu nintzen.

Zaila al da Espainiako zirkuituan sartzea?
Oso zaila. Hala ere, nire kasuan, prozesua oso azkarra izan zen. Lehendabizi bakarrik egin nuen casting bat, eta ondoren, telesailean lankide dudan Francisco Ortizekin bigarren froga bat egin behar nuela esan zidaten. Hilabeteren buruan barruan nintzela jakinarazi zidaten, eta hortaz, guztira, hilabete eta erdiko prozesua izan zen.

Euskal aktoreek ibilbidea bereizgarritzeko derrigorrez joan behar al duzue Madrilera?
Ez, inondik inora. Hori aukera oso pertsonala da. Noski, badira Euskal Herrian lana ziurtatuta izanik gustura dauden aktoreak, eta badira, bestalde, nik bezala gauza berriak egin nahi dituztelako Madrilera etortzen direnak. Nik Euskal Herrian ez ditut izan beste aktore batzuk izan dituzten aukerak. Bakoitzak testuinguruaren araberako garapena izaten du.

Euskal Herrian lan aukera gehiago izango bazenu, orduan, bertan gelditzea lehenetsiko zenuke?
Ba, egia esan, ez dakit. Lan gehiago edukiko banu seguruenik ez nuke kanpoan lana bilatzeko beharrik izango. Azken finean, nire ustez, iraunkortasuna da garrantzitsuena, eta ondoren, bizitzak gidatzen zaitu bide batetik edo bestetik. Nik ez dut famarik nahi, aktore moduan hazi nahi dut eta maite dudan ogibideaz bizi. Momentuz behintzat, azken urteetako lanari esker, hemen ase dut nire nahia.
 
Gernika eta Madril oso ezberdinak dira: Nolakoa da zure bizimodua orain?
Madrilgo Lavapiés auzo herrikoian bizi naiz. Auzo lasaia da, ez dago trafiko gehiegirik eta komertzio txikia nagusi da. Hiriko zarata eta kea ez zaizkit batere gustatzen, eta horregatik gustura nago burbuila honetan. Hori bai, Euskal Herriko usaina, itsasoa eta portuak faltan sumatzen ditut.

Bizitokian baino, lan egiteko moduan nabarituko zenuen aldaketa nagusia...
Astean behin emititzen diren telesailetatik egunero emititzen direnetara salto handia dago. Orain 50 orri errodatzen ditugu egunean eta erritmo oso bizia daramagu. Ordaindutako master bat egiten ari naizen sentsazioa dut: testuak egun batetik bestera ikasi eta sortzen zaizkigun arazoei irtenbide azkarrak eman behar dizkiegu. Nire lankideek diote hemendik ateratzen naizenean edozer egiteko gai izango naizela, eta geroz eta argiago ikusten dut hori egia dela.

Ongi egokitu al zara?
Erantzukizun handia dut, eta erantzukizun orok esfortzua eskatzen du. Egunean zehar tentsio handia pilatzen dut, baina pozik nago eta ahalik eta hobekien egokitzen saiatzen ari naiz. Lankideekin harreman itzela dut eta horrek asko laguntzen du. Profesionalki zein pertsonalki hazten ari naiz. 

‘El secreto de Puente Viejo’ telesailetik haratago ba al duzu bertze proiekturik eskuartean?
Madrilera etorri aurretik Isidoro Fernandezekin batera aritu nintzen Fernando Bernuések zuzendutako Blackbird antzezlanean. Apirilean pase batzuk egin genituen, eta gure asmoa datorren urtean Donostia Kulturaren programazioan estreinatzea da.

Telebistaz aparte Leila TheNuit musika taldeko abeslaria zara.
Iker Lauroba lagun ona dut, eta berarekin zerbait egiteko gogoa nuen aspalditik. Iaz, azken momentuan izan genuen Gaztea Maketa Lehiaketaren berri, eta abesti batzuk egin genituen: berak instrumentazioa eta nik melodiak eta letrak. Azken momentuan, hiru abesti bidali genituen eta bost finalisten artean gelditu ginen.

Orain zertan da Leila TheNuit?
Nahiko geldituta dago. Iker, Laurobaz aparte, bakarlari moduan ari da eta beste hainbat talderekin jotzen du, eta ni Madrilen nago. Hala ere, aurrera jarraitzeko gogoa dugu, eta oraindik datarik zehaztu ez dugun arren, dagoeneko prest ditugun zortzi abesti grabatu nahiko genituzke.

Oker ez banago, duela gutxi Saharan izan zarete elkarrekin.
Saharari Kantari lehiaketaren bigarren edizioa irabazi genuen, eta saria bertako errefuxiatuen kanpaleku batera joatea izan zen. Egia esan, ordura arte ez nuen herrialdea ezagutzen eta esperientzia izugarria izan da.

Hurbiltasunik sentitzen al duzu testuinguru horretan bizi diren herrialdeekiko?
Noski! Uste dut hemendik asko egin dezakegula euren aldarrikapenak indartzeko. Saharan izan nintzen egun horietan argi ikusi nuen eurek baliabiderik ez dutela eta gure babesa erabakigarria dela.

Gernikan jaio zinen arren aita iraniarra duzu. Zein harreman duzu bere herrialdearekin?
Familiaren zati handi bat dut bertan, eta lehengusu eta lehengusinekin, batez ere, harreman estua mantentzen dut. Herrialde gisa izugarri gustatzen zait. Ahal dudan guztietan joatea maite dut, azken aldiz, duela lau urte. Noski, sarriago joatea gustatuko litzaidake.

Uste duzu Euskal Herrian Iran eta inguruko herrialdeei buruz kalean entzuten diren iritziak fundamentuzkoak direla?
Jendeak gutxi daki, eta dakienak informazio okerra du. Aurreiritzi gehiegi dago, eta dena multzo berdinean sartzeko ohitura nagusi da, nire ustez. Maizegi konturatzen naiz, zoritxarrez, jendeak Iranekin pentsatzen duenean manifestazioak eta eskopeta duten bizardun tipoak ikusten dituela bakarrik, eta lastima bat da, hori ez baita Iran.

Gernikan jaio ordez Teheranen jaio izan bazina, zein izango litzateke zure eguneroko bizimodua?
Seguruenik oraingoaren oso antzekoa. Iranen gure adineko gazteek unibertsitatean ikasten dute, antzerki eta kantu eskola onak daude eta arrakasta handia duten telesailak nagusi dira. Bizitzak nondik eramango gaituen sekula ez dakigu, baina bertako gizartea ezagutzen dut, eta esango nuke bide berdina jarraituko nukeela.

Euskal Herrian hitzez oso solidarioak gara, baina praktikan, ez ote dugu paso egiten?
Ez dut uste, zentzu horretan balorazio positiboa egiten dut. Orokorrean, kontzientzia sozial handiko gizartea garela esango nuke, eta gazteen artean pizten da halako gaiekiko interesa. Pasotismoaren gainetik, gogoetarako eta aldaketarako gogoa da nagusi gurean, eta hori ez da kultura guztietan gertatzen.  

Bueltatu gaitezen zure ogibidera. Fisikoki ezaugarri exotikoak dituzu eta persiera hitz egiten duzu. Aktore gisa ateak ireki dakizkizuke horrek?
–Barrez– Egia da orain gisa horretako telesailak modan jarri direla, baina nire kasuan argi dago ezaugarri exotikoek ez dutela eraginik izan, El secreto de Puente Viejo telesailean Espainiako hemezortzi urteko Inésen papera egiten baitut. Baina, tira, ez dakit. Baliteke egunen baten erabilgarria izatea, inoiz ez baitakigu non bukatuko dugun.

Nola daramazu kaletik joan eta jendeak ezagutzea?
Erantzukizun handia da. Zenbaitetan handiegia. Oker ez banago, Antena3 telebista katean hoberen funtzionatzen duen telesaila da El secreto de Puente Viejo. Lau urte daramatza, eta protagonistetako baten zama nik dudala pentsatzen dudan bakoitzean urduritu egiten naiz. Jendeak asko espero du nigandik, eta uste dut papera onartu nuen egunean ez nintzela horretaz erabat kontziente izan.

Uste baino zailagoa egiten ari zaizu?
Zorte izugarria dut gustuko dudan lanean aritzeko aukera dudalako, baina niretzako guztia berria da, ikasketa prozesuan murgilduta nago eta orainidik zalantza asko ditut.

Loreto Mauleonekin lan egitea lagungarria izango zaizu.
Madrilera iritsi nintzenetik izan dut bere babesa. Goenkalen ere elkarrekin lan egin genuen, eta hasierako asteetan, gehienbat, alboan izan nuen beti. Hala ere, lankideon artean dagoen giro onak laguntzen du, eta ez naiz sekula bakarrik sentitu. Baina ezinbestekoa da norberak prozesu indibiduala ere egitea.

Telebistaz eta musikaz aparte, flamenkoa menperatzen duzula irakurri dut.
–Barrez– Sevillan bizi nintzenean, hasieratik maitemindu ninduen flamenkoak. Bai kanteak eta baita dantzak ere. Ordutik lotura berezia dut flamenkoarekin. Txikitatik gustatu izan zait dantzatzea. Nire aitak maiz esaten dit urtebete besterik ez nuenean kaletik joan eta musika entzuten nuen bakoitzean dantzan hasten nintzela.

Faribaren kuttunak


Aktore bat: Susan Sarandon.
Musika talde bat: Aerosmith.
Liburu bat: The Catcher in the Rye (J. D. Salinger, 1951).
Film bat: La vida secreta de las palabras (Isabel Coixet, 2005).
Leku bat: Donostiako Zurriolako hondartza.
Grabazio baten aurretik behar duzu... luzaketak egin.
Miresten duzu... La Pasionaria.
Ez duzu sekula ahantziko... lehen aldiz, dantza egin ondoren nire burua bideoan ikusi nuenekoa.