Fotobiografia sexualak

Fotobiografia sexualak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fotobiografia-sexualak/@@download/image/20113316455foto_1361475956.jpg
2011/04/01
erreportajea
TESTUA: Nerea Sancho. Bitxigorria.
Fotobiografia sexualak
Nork ez du lotsa sentitu bere burua txikitako, nerabezaroko edota duela urte batzuetako argazkietan ikusita? Nork ez ditu gorde erretratu kuttunak kutxa edo album berezi batean, edo paretan itsatsi une xamurrak islatzen dituzten irudiak?

Sexuazio prozesua ere, gizon eta emakume bihurtzera garamatzan ibilbide bitxi hori ere agertzen da irudi askotan islatuta, eta hauei erreparatzea oso erabilgarria izan daiteke gure burua ezagutu, onartu eta gure sexualitatea alaitasunez bizi ahal izateko.

Nork bere fotobiografia sexual osoa egitea prozesu luzea izan daiteke. Sexologian aditua den norbaiten laguntzaz egin daiteke, baina baita nork bere kabuz ere. Edozein kasutan, modu entretenigarria izan daiteke gure etorkizun sexuala proiektatzeko. Animatzen?

Imajina ezazu ezagutzen ez zaituen norbaiti zure bizitza sexuala kontatuko diozula. Sexuala diogunean, neska edo mutil izatearekin zerikusia duen orori egiten diogu erreferentzia; erotikoa ere izan daiteke, baina ez derrigorrez. Nor zaren kontatzeko, aukera itzazu, adibidez, 12 urte bete zenituen arteko hamarren bat irudi. Beste hamarren bat 20 urte egin bitartekoak, eta beste horrenbeste gaur egun arteko irudiekin. Bilaketak eta aukeraketak denbora "lapurtuko" dizu eta agian altxorrak topatuko dituzu kaxetan edota memoria txarteletan. Gogoratu aukeratutako argazkiek esanguratsuak izan behar dutela, batzuk positiboak izango dira, baina beste batzuk negatiboak edo lotsagarriak. Denak dira aberasgarriak eta beharrezkoak.

Argazki multzoen aurrean zaudenean, saia zaitez ondorengo galdera hauei erantzuten: Zerk ematen dizu atentzioa? Zer errepikatzen da? Nor edo zer ez da azaltzen? Irribarretsu ageri zara, ala ez? Jendez inguratuta ala bakarrik? Zure bikotekideak edo maitaleak agertzen dira? Nola janzten zinen lehen, eta orain? Nola eramaten duzu ilea? Zure gorputzarekin eroso zaude argazkietan ala zurrun agertzen zara? Zer gehiago gertatzen zen garai hartan? Zein ezaugarri maskulino eta femenino identifikatzen dituzu? Ba al dago inspiratzaile den irudirik?
Galdera edo zalantza gehiago sor dakizkizuke, eta ingurukoei, senideei galde diezaiekezu argitzen joateko. Nolako neska edo nolako mutila izan zara? Garrantzitsua da iragana bere lekuan jartzea!

Orain prest gaude aurrera jarraitzeko. Datozen urteetan, nolakoa izan nahi dut? Zer aldatu nahi dut? Beharbada, gonak sarriago jantzi nahi ditut, kirol berri bat praktikatzen hasi, bikotekideekin harreman askeagoa izan, edo masturbatzen iaioagoa bihurtu… baliteke aita edo ama izateko bidea urratu nahi izatea, edo sukaldean janaria prestatzen gehiago aritu nahi izatea, gizendu nahi izatea, ligatzeko txateatzen hasi nahi izatea… Gizon edo emakume sentiarazten gaituzten arloak dira guzti-guztiak.

Aldatzeko beharra sentitu ohi dugu gizakiok eta aldatzeko beldurra ere bai. Garatzea, ordea, gauza naturala da. Idatz itzazu zure helburuak orri batean, edo moztu itzazu helburu horiek irudikatzen dituzten argazkiak aldizkarietatik, edo internetetik. Inspirazio gisa balioko dizute. Gogora ezazu garai berri bati ekitear bazaude, lehenengo eskerrak eman diezazkiekezula aurreko garaietan lagundu dizutenei, horrela arinagoa izango zaizu bidaia!

Gorputzerako hautsak



Hautsak zaporedunak dira: mugurdia, gerezia, eztia... eta lumatxoa erabiliz gorputzean zehar zabalduko ditugu. Dutxa bero baten ondoren emanez gero, poroak zabal-zabalik daudenean, azalak hautsak bere egingo ditu. Behin gorputz osoan zehar zabaldu ondoren, azalak zapore hori bereganatuko du eta gorputz osoa dastatzeko prest egongo da. Hauts hauek primerakoak dira dastamena eta ukimena estimulatzeko. 

Proba ezank: