Gabonak, Gabonak...

Gabonak, Gabonak... https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/12/10
erreportajea
TESTUA: Egoitz Gonzalez @aldakur
Gabonak, Gabonak...
Gailu teknologikoak ilusioz hartu ohi diren opariak dira. Horien artean izarrak ‘Smartphone’ eta tabletak dira. Halakoren bat eskuratzeko asmotan bazabiltza, hona jakin beharreko kontu batzuk.


Gehien erabiltzen ditugun gailu teknologikoak dira Smartphone eta tabletak; etxeko ordenagailu pertsonalak alde batera uztea ere lortu dute. Uztaileko GAZTEZULOn etorkizunean eramango ditugun telefonoak aztertu genituen (pantaila kurbatuak edota gailu modularrak aipatu genituen), baina horiek oraindik ez dira merkaturatu. Beraz, oraingoan, merkatuan dauden gailuei buruzko gidatxoa osatu dugu.

Smartphone zein tablet bat erosterakoan, kontuan hartu beharreko ezaugarri garrantzitsuenetako bat pantailaren tamaina da. Normalean, gailuen arteko ezberdintasunik nabarmenena horixe izaten da. Telefonoei dagokionez, azkenaldian fabrikatzaileak pantaila handien aldeko apustua egiten ari dira. Adibidez, iPhone 6ak 4,7 hazbeteko pantaila du eta iPhone 6 Plus-ak 5,5 hazbetekoa. Googlek ere bere azken telefonoa aurkeztu du, Nexus 6a, eta honek 6 hazbeteko pantaila du. Beraz, iraganean geratu ziren 3,7 hazbeteko pantailak. Horregatik, hasiera batean pantaila handiegiak iruditu dakizkigukeen arren, pixkanaka txikiak baztertzen joatea izan daiteke onena, fabrikatzaileek markatzen dituzten tendentziek eragina izaten baitute, adibidez, gero sortzen diren aplikazioetan.

Tableten alorrean, aldiz, pantailaren tamainak ez du aldaketa handirik izan azkenaldian, eta ohikoek indarrean jarraitzen dute: 7, 9 eta 10 hazbetekoek. Tabletak eta telefonoak gauza ezberdinetarako erabiltzen dira, oro har, baina ikusi dugunez, telefonoak 6 hazbetetako pantailetara hurbiltzen doazen heinean, funtzionalitate guztiak gailu bakarrean izateko aukera ere hurbilago dago. Horregatik, modan jartzen dagoen kontzeptuetako bat phablet delakoa da; tabletaren funtzioak bete ditzakeen telefonoa izendatzeko erabiltzen da. 5 eta 7 hazbeteko pantailadun telefonoei dei diezaiekegu horrela, adibidez, aipatu ditugun iPhone 6 Plus eta Nexus 6ari. Momentuz halakorik eskuratzeko asmorik ez baldin baduzu, tableta izan daiteke zure aukera.

Android 5.o Lollipop
Telefono zein tableten kasuan, garrantzitsuena sistema eragilea dela esan daiteke. Oro har, merkatuan gehien saltzen diren gailuek Android edo iOS (iPhone eta iPad-ek) sistema eragilea erabiltzen dute. Zentzu horretan, aipatzekoa da Androidek azken bertsioa atera berria duela, 5.0 Lollipop izenekoa. Gaur egun dendetan dauden gailu gehienek 4.0 eta honen osteko bertsioak dituzte instalatuta, horregatik, garrantzitsua da gailu berri bat erosterakoan 5.0 bertsioa erabili ahal izango duen ala ez galdetzea.

Hala ere, guztia ez da Smartphone eta tableta. Urtean zehar bestelako teknologia interesgarriak ere hizpide izan ditugu orriotan, beraz, zuen etxeko hemerotekara jo eta berrirakurri droneei, jarduera fisikoaren monitorizaziorako eskumuturrei edota 3D inprimagailuei buruzko erreportajeak. Horiek guztiak ere punta-puntako opari biakinak izan daitezke!

Harritu gaitu



Online Newspapers
Mundu osoko egunkariak biltzen dituen ataria da. Den-denak daude!

Katxondoena



A- cero azul
El Hematocrítico barrea eragiteko iturri agortezina da. Joaquín Torres arkitekto espainolaren jantzien gainean esaten duenarekin, ezingo diozu algarari eutsi!

Informazio bila



About Me
Lan bila ari bazara, plataforma honen bitartez aukera duzu zure Interneteko presentzia guztia bildu eta aurkezpen txartel digitala egiteko.