Garazi Kamio, Ione Gorostarzu eta Goiatz Labandibar: Neskena da etorkizuna

Garazi Kamio, Ione Gorostarzu eta Goiatz Labandibar: Neskena da etorkizuna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/garazi-kamio-ione-gorostarzu-eta-goiatz-labandibar-neskena-da-etorkizuna/@@download/image/201112126715idazle_gazteak_3.jpg
2011/12/02
elkarrizketa
Testua: Antxoka Agirre Argazkiak: Galder Izagirre
Garazi Kamio, Ione Gorostarzu eta Goiatz Labandibar: Neskena da etorkizuna
Traza hori hartzen zaio behintzat euskal literaturako sariketei erreparatzen badiegu. Igartza Sarian, esaterako, idazle gazteei zuzenduriko sariketa garrantzitsuenean, zazpi neska nagusitu dira azken zortzi urteetan. Agustin Zubikarai Bekan ere antzekoa da joera: emakumezkoa eta gaztea.  
Liburu bana ekartzeko eskatu diegu, argazkietarako, eta, hara!, kasualitatea, berdina ekarri dute Garazi eta Ionek: Joseba Sarrionaindiaren Kartzelako poemak. Garazik ere Sarrionaindia asko gustatzen zaiola dio, baina Mario Benedettiren Primavera con una esquina rota izan da ekartzeko aukeratu duena. Garazi Kamio (Andoain, 1979), Ione Gorostarzu (Berastegi, 1984) eta Goiatz Labandibar (Oiartzun 1985) euren lehen liburuaren idazketan murgilduta dabiltza buru-belarri. Hirurak gazteak dira, hirurak emakumezkoak, eta hirurak literatur sari batek jarri ditu euren lehen liburu horren bidean.

Badakigu gazteak, emakumezkoak eta sarituak izateaz gain litekeena dela euren artean antzekotasun edo kidetasun berezirik ez izatea. Litekeena den bezala azken urteotan literatur sari gehienak emakumezko gazteek irabazi izana kasualitate soila izatea. Baina tira egiteko moduko hari bat iruditu zaigu. Hasteko, behintzat, Sarrionaindia gustatzen zaie hirurei.

Goiatz, Igartza Sariaren aurtengo edizioa irabazi duzu 'Interrail' izeneko ipuin-bildumaren egitasmoarekin. Zein da lanaren mamia?

Goiatz Labandibar: Duela hiru urte interrail bidaia egin nuen lagun batekin, eta liburua osatuko duten ipuinak bidaia hartan egin genituen geldialdietan ezagututako hirietan gertatzen dira: Hendaia, Marsella, Geneva, Venezia, Trieste, Ljubiana, Zabreb, Pula, Genova eta Niza. Idazterakoan hiri horietan egon nintzenean jasotako pertzepzioetan oinarritzen naiz, baina fikziozko ipuinak dira erabat, eta euren artean ez dago lotura nabarmenik, bakoitzak bere protagonistak ditu. Tren geltokiaren esanahi berezia da guztiari osotasuna emango diona.

Bidaiaren zein puntutan zaude orain?

G.L.: Sariketara hiru ipuin aurkeztu nituen aurrerapen gisa: Hendaia, Zagreb eta Marsella. Hendaian jubilatu berritan bertan bigarren etxea erosi duen bikote gipuzkoar baten istorioa kontatzen dut. Marsellan bikote banandu baten istorioa, alabak ama hil ondoren deskubritzen duena. Eta Zagreben jonki baten istorioa. Ljubianan nabil orain, tren geltokiaren bozgorailuetatik entzuten den musika arraro batekin.

Zuk, Garazi, iaz irabazi zenuen sari bera 'Gerizpeko panpinak' egitasmoarekin.

Garazi Kamio: Izenburu hori jarri nion aurkeztu nuenean, baina aldatzekotan nabil orain... Bederatzi ipuin izango dira, agian hamar, eta neureek ere ez dute lotura nabarmenik euren artean. Nolabaiteko osotasun bat bilatu nahi izanez gero, esango nuke gehienetan egoera jakin bat planteatzen dela ekintza batzuk garatu baino.

Adibidez?

G.K.: Adibidez... bikote adindu bat da eta senarrak adinaren eraginez burua galdu du. Komunera bidean doazela, emaztea gizonari laguntzera, erori eta aldaka hautsi du emazteak. Jaiki ezinda gelditzen dira, harrapatuta, eta bien arteko elkarrizketa jasotzen du ipuinak.

Honezkero aurreratu samar izango duzu, ezta?

G.K.: Azkena bukatzen ari naiz. Baina oraindik zuzenketak falta dira. Argitaletxearen iritzia eta iradokizunak entzun, ortografiari errepasoa eman... Puf! Azala aukeratu ere bai. Berez, otsailerako edo martxorako argitaratzeko asmoa dago.

Ioneri Bergarako Idazle Eskolaren saria eman diote. Zer da 'Desegiten'?

Ione Gorostarzu: Hauena liburu bat idazteko beka da, eta nire kasuan ez dago horrelakorik, sariak ez zuen lana argitaratzea ziurtatzen. Sariak animatuta nire lana argitaletxe bateti aurkeztera ausartu nintzen, ordea, eta gustatu egin zitzaien... Uste dut ­–Garaziri begira– udaberrian Gipuzkoa plazan egiten den liburu azokan elkarren ondoan egongo garela ­–irribarrez–.
G.K.: Ea, ea... –barrez–.
I.G.: Idazle Eskolan sarituriko Desegiten deituriko bilduma hori gehi etxean pilatuta neuzkan poemak jasoko ditu liburuak, guztiak azken bi urteotan idatzitakoak. Gabonetan, nireak ez balira bezala begiratu eta azken errepaso bat emango diet, ea ze inpresio eragiten didaten. Izenburua ere orduan jarriko diet.

Ze gai jorratzen dituzu?

I.G.: Solte egindako poemak dira, baina gero konturatzen zara beti zure mamuez ari zarela, eta gaiak errepikatu egiten direla: izatea, heriotza, bizitza, emakumetasuna… denetarik.

Erosoago sentitzen zara poesian narratiban baino?

I.G.: Nire ilusioa ipuinak idaztea izan da beti, eta idatzi izan ditut batzuk. Baina, ez… nekeza egiten zait hari bat jarraitzea, trama konplexuak asmatzea. Idazle Eskolan hasi nintzenean probatu nuen lehenengoz poesia, eta etxean bezala sentitu nintzen. Nirea gehiago da momentua. Gero zuzendu, garatu eta aldatzen ematen dut denbora bat, baina oinarria une bat da, pare bat minututan sorturiko zerbait.

Eta zuek, lantzen al duzue poesia?

G.K.: Niri justu alderantziz gertatzen zait. Izugarri gustatzen zait poesia, oso Castillo Suarez zalea naiz, bere liburu berria da momentu honetan nire libururik gogokoena, baina zaila suertatzen zait. Ipuinetan beti daukazu pertsonaien edo tramaren atzean ezkutatzeko aukera. Poesia, aldiz, oso biluzia da, niretzat biluziegia.
G.L.: Niri zerbait bururatu zaidan bakoitzean beti prosan izan da. Poesiarako beharrik ez dut sentitu oraingoz.
I.G.: Bakoitzak bere adierazteko modua dauka, bere neurria.

Zer da zuentzat literatura?

I.G.: Gauzak beste begirada batekin ikusteko modua izan daiteke. Pentsatzeko, jakiteko, galderak egiteko modu bat, bilaketa bat...
G.K.:  Nire lagun batek Behobia egin du korrika eta egunero entrenamendu guztiak xehetasun osoz kontatzen zizkigun ingurukoei. Halako batean, "zertarako Irundik Donostiara 20 kilometro korrika joan?" bota zion beste lagun batek, eta erantzuna asko gustatu zitzaidan: "Ez dakizu sufrimendu hori zenbat gustatzen zaidan". Batzuri futbola edo itsasoan surf egitea gustatzen zaien bezala, niri irakurtzea gustatzen zait. Eta idaztea Behobia bat egitearen moduko zerbait da niretzat: irtenbide edo hitz egokiaren bila sekulako izerdiak bota ondoren ipuina borobiltzea lortzen duzunean, helmugara iristea bezalakoa da.
G.L.: Ea nik orain zer esaten dudan... ­–hirurek egiten dute barre–. Niretzat irakurtzea behar bat da, baina idaztea, gaur arte behintzat, ez hainbeste. Duela urte batzuk asko idazten nuen, eta literatur lehiaketa mordoxka batera aurkeztu nituen lanak, baina unibertsitatera sartu nintzenean utzi egin nuen. Leioak ideia on guztiak xurgatu zizkidan nonbait…
G.K.: Hori normala da, niri ere berdina gertatu zitzaidan! –barrez–.
G.L.: Stop bat izan zen idazketari dagokionean, baina irakutzeari ez nion inoiz utzi. Aukera dudan bakoitzean hartzen dut liburu bat. Zertarako? Ba, momentuaren arabera. Eskapo egin nahi dudanean eskapo egiteko, negar egin nahi dudanean negar egiteko...

Ba al duzue maniarik, txoko espezialik, ordutegirik… idazteko?

I.G.: Nik normalean koadernoa eramaten dut gainean. Eta falta zaidanean, nola nireak beti gauza txikiak diren, edozein tokitan apuntatzen ditut. Gaur goizean tabernako kontuan apuntatu dut ideia bat...
G.K.:  Nik etxean gelako atea itxita eta musika jarrita idazten dut. Koadernoa ere gainean daramat beti. Eta azken aldian lo hartzear nagoela argia piztu eta ra-ra-ra apuntatu egiten ditut bururatzen zaizkidanak. Gero biharamunean letra ulertzen izaten ditut komeriak –barrez–.
I.G.: Niri ere gauean okurritzen zaizkit ideia onenak, eta "honek ez dit, ba, alde egin behar" eta argia ez pizteagatik eta ez jaikitzeagatik mugikorrean idazten ditut mezu bezala. Jasota utzi arte ezin ondo lorik egin.
G.L.: Ni ez naiz batere idazle profesionala sentitzen hauen ondoan –hirurek egiten dute barre–. Ez dut koadernorik eramaten, ez dut mania berezirik… Gelan ordenagailu aurrean eta atea irekita idazten dut, eta batzuetan baita Facebook irekita ere.
G.K.: Egindako azken zelebrekeria: igarleekin engantxatuta zegoen friki baten istorioarekin nenbilen bueltaka, eta, hala!, metodo Stanislavski!, igarle bati idatzi nion... Orain martirizaturik nauka, egunero "my dear" gora eta behera mezuak bidaltzen.
I.G.: Ze gauza egin behar diren inspiratzeko... –barrez–.
Bere ajeak dituen lana da idazlearena. Zuek bion kasuan, gainera, beka batekin ari zaretenez, epeek ere estutuko dute, ezta?
G.K.:  Niri eman zidatenean, urtebete pasatzerako, jesus!, denbora soberan izango nuela pentsatzen nuen. Baina gero lana, ikasketak... segituan pasatzen da denbora. Eta pixkanaka gero eta paranoia gehiago sartzen zaizkizu: Gustatuko ote zaio editoreari? Eta gustatu ez baina ondo gelditzearren ezer esaten ez badit?

Gustatuko ote zaie irakurleei?  Momentu batean nire buruari esan behar izan diot: "Egingo dut, nire lana da eta niri gustatu behar zait, eta hortik aurrera allakuidaus!".
G.L.: Nik ere badauzkat beldur horiek denak. Igartzaren historian dirua bueltatu beharrean aurkituko den lehenengoa izan zaitezkeela ere pasatzen zaizu burutik –Garazik barre egiten du–. Egindakoa irakurtzen dut eta gustatzen zait, baina berriro irakurtzen dut eta jada ez zait gustatzen...

Dena ez da beldurra eta ezina izango, noski. Euforia momenturik?

G.L.: Ljubianako nire ipuineko hiltzailea nor den aste honetan deskubritu dut. Interneten Esloveniari buruz topatutako informazio bat funtsezkoa izan da puntu horretara iristeko... Momentu polita izan da.
G.K.:  Nik arratsalde batean asteetan ez atzera eta ez aurrera zegoen istorio bat hasi eta buka biribildu ahal izan nuen pertsonaia bati generoa aldatu ondoren. Ederra baita.
I.G.: Orixe Orexan Eguna egin genuen Idazle Eskolaren eskutik. Talde txiki bat joan ginen mendian irakurtaldi bat egitera. Sekulako haizea ari zuen, oso inguru ederra zen... Esan zidaten gustatu zitzaiela eta ni ere oso gustura gelditu nintzen.

Zein dira zuen idazle maiteenak?

G.K.: Castillo Suarez, Sarrionaindia... Azkena irakurri dudana Michael Cunningham izan da eta asko gustatu zait. Gero ipuinetan Eider Rodriguez ere oso ona iruditzen zait; pertsonaiak nola egiten dituen, egoerak...
G.L: Sarrionaindia izugarria iruditzen zait niri ere. Eta Irati Jimenez ere asko gustatzen zait. Hemendik kanpo Garcia Marquez eta Benedetti, baina batez ere Dulce Chacon. Oso estilo zuzena dauka, hasieratik gauzak esaten dizkizu...
I.G.: Nik ere asko dauzkat baina Sarrionaindia asko gustatzen zait baita ere. Karmele Igartua ere bai. Eta azken aldian Symborska Nobel Saria asko ari zait gustatzen. Nire estiloarekin oso bat datorrela sentitzen dut. Soila, biluzia...
Igartza Sarietan azken zortzi urteetan neskak izan dira garaile Jon Martinen salbuespenarekin. Nola ikusten duzue hau? Kasualitate hutsa da ala egon daiteke beste azalpenik.
G.L: Nik uste dut goraka doan zerbait dela neska idazleena, baina oraindik ere liburutegira joaten zara eta egile gehienak gizonezkoak dira... Igartza edo Agustin Zubikarai neskek irabazi izana ez dakit ikertzeko moduko fenomenotzat har daitekeen.
I.G.: Litekeena da kasualitatea izatea. Idazle Eskolan, adibidez, neskak gehiago gara mutilak baino, baina oso paretsu.
G.K.: Posible da, ez dakit, moda bat izatea. Akaso orain idazkera psikologikoagoa dago modan, eta emakumeek errazago egiten dugu bide hori... Hori edo bestela lehiaketetako sobreak ireki egiten dituzte irabazlea erabaki aurretik... –barrez–.

Literatura femeninoa; zer iradokitzen dizue kontzeptuak?

G.K.: Nik uste dut etiketa bat dela. Eider Rodriguezek oso ondo esplikatzen du Belen Gopegiren liburuaren hitzaurrean. Mutilen literaturari ez zaio literatura maskulinoa deitzen... Marginalizazio modu bat iruditzen zait, lupa gainean jartzeko modu bat.
G.L.: Ados nago Garazirekin. Ez dut uste neska edo mutil izateagatik desberdin idazten dugunik edo aukera ezberdinak izan behar ditugunik.

Neska batek edo mutil batek idatzitakoa irakurtzerakoan ez duzue generoaren ezberdintasun hori ikusten?

G.K.: Agian bai, baina agian hasi aurretik egilea neska edo mutila den badakigulako kar, kar.
I.G.: Esperimentu polita litzateke hori, ea izena jakin gabe idazlearen generoa asmatzen duen jendeak –irribarrez–... Hala ere, kasuak eta kasuak daude. Nik, adibidez, zuzenean hitz egiten dut emakumetasunari buruz, eta ez dut uste gizon batek berdin egingo lukeenik...  
G.L.: Hori gertatzen da zurea poesia delako. Ipuin bat idazterakoan, ordea, errazagoa da neska batek mutil baten paperean, topikoetan erori gabe, sartzen asmatzea.

Zer iradokitzen dizue literatura feminista kontzeptuak?

G.K.: Niri gurasoek ez zidaten belarritakorik jarri umetan, esaten zutelako neska edo mutil izan ez zela bereizketarik egin behar... Gizartearen alor guztietan parekidetasuna lortzeko asko gelditzen da oraindik eta aldarrikatu beharra dago parekidetasun hori, baina egia da, baita ere, asko aurreratu dela, eta nik behintzat ez dudala nire gurasoek zeukaten urgentzia hori sentitzen.
G.L.: Nik feministatzat daukat nire burua. Nire ama gaztetan militantea izan zen eta nire hezkuntzaren oinarrietariko bat da. Saiakeran ateratzen diren gauza batzuk oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Fikzioan gutxiago... A, eta niri ere ez zizkidaten belarritakoak jarri umetan –irribarrez–.
G.K.: Sareinak kolektiboa hor dago. Iratxe Retolaza, Josune Muñoz, Amaia Uria... Literatura feministaren inguruko gogoeta interesgarriak egiten dituzte.

Neskena al da euskal letren etorkizuna?

I.G.: Nik uste dut oraindik ere badagoela neskei toki bat gorde beharraren sentsazioa. Hiru mutil izan bagina saria irabazitakoak, ez zeniguke elkarrizketa honetara deituko. Etorkizunean, iruditzen zait erabat normalduko dela hau guztia, eta idazlea neska edo mutil izan berdin izango zaiola gizarteari.
G.L.: Nik ere hala nahi nuke izatea.
G.K.: Beharbada, hemen momentu honetan badago nesken literaturaren inguruko halako fenomeno bat, baina denborarekin beste zerbait izango da. Auskalo zer.-

Datuak


2004ean Karmele Jaioren Amaren eskuak, 2005ean Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan, 2007an Katixa Agirreren Habitat, 2008an Eider Rodriguezen Katu jendea, 2009an Uxue Apaolazaren Mea Culpa, 2010ean Garazi Kamioren Gerizpeko panpinak eta 2011ean Goiatz Lanbandibarren Interrail. Azken zortzi Igartza Sarietatik zazpi. 2011n Itxaso Araquesen Damutzen ez direnak, 2009an Iratxe Esnaolaren Galerna eta 2005ean Irati Jimenezen Bat, bi Manchester. Azken bost Agustin Zubikarai Sarietatik hiru.
Askoz datu gehiago eman daitezke, noski, euskal letren inguruan. Elkarrizketa burutu eta gerora gaiaren inguruan sortu den polemikan Irati Jimenezek ematen duena, esaterako: egun %15 baino ez dira emakumeak euskal literaturan


Londres, Berlin eta Bartzelonako bidegurutzeetan



Itxaso Araquek (Donostia, 1988) irabazi du aurtengo Agustin Zubikarai Beka "Damutzen ez direnak" egitasmoarekin. Londresen bizi da, eta ezin izan du beste hiruekin jarritako zitara azaldu. Stuart Londresen, Naroa Bartzelonan eta Andreas Berlinen; elkarren artean oso ezberdinak diren hiru istorio, baina hiru kasuetan bidegurutze bera: beren printzipio idealisten ala nahita edo nahi gabe eraikiz joan diren bizimoduaren artean aukeratu beharra, izan nahi ez zuten hura izatearen ukoa edo onarpena. Planteamendu honekin irabazi du Itxasok aurtengo Agustin Zubikarai Beka. “Nik uste dut denoi tokatzen zaigula horrelako bidegurutzeren bat bizitzan” komentatzen du. Londresen harrapatu zuen sariaren albisteak. Bere lan bat literatur lehiaketa batera bildaltzen zuen lehen aldia zuen, eta ezusteko handia izan zen beretzat: “Gurasoek animatu ninduten, baina lana irakurri gabe, ez baitakite euskaraz. Ez nuen inondik inora espero... Erronka handia da, baina politak dira erronka handiak” dio.Guk ere Londresen harrapatu dugu. Itzultzaile ikasketak egin ondoren, alor horretako master bat egitera joan zen bertara joan den urtean, baina masterra bukatutakoan han gelditzea erabaki du, bolada baterako behintzat. “Lana topatu dut institutu batean frantseseko irakasle bezala, eta ez dakit ez ote naizen beste master batekin animatuko” dio. Ez da ekuazio arrunta; frantsesa irakasten eta euskaraz idazten Londresen.Goiatz Labandibar eta bien arteko koinzidentzia seinalatu diogu, atzerriko hainbat hiri erabili dituztela biek euren istorioen kokaleku gisa. “Esaten dute bizi ditugun garai postmodernoen ezaugarrietariko bat hori dela, kanpora irten eta gauza ezberdinak ezagutu nahi dituela jendeak, hiria, mugikortasuna direla garaiko zeinuak. Gauza ezberdinak kontatu ahal izateko bide bat izan daiteke agian” dio. Ongi ezagutzen ditu aukeraturiko hiru hiriak: Londresen urtebete pasatxo darama, Berlinen ikasturte bat egin zuen Erasmus gisa, eta Bartzelonan ere askotan izan omen da. “Hiriek paper garrantzitsua jokatzen dute nire istorioetan, pertsonaia bat dira kasik” kontatzen du.   Michel Houellebecq eta Sarrionaindia ditu, “beste askoren artean”, kuttunak. Eta azken urteotan neskek hainbeste sari irabazi izana kasualitatea dela iruditzen zaio, “ez diot beste esplikaziorik topatzen”. Etorkizunean neska eta mutil kopuruz nahiz mailaz antzeratsu ibiliko direlakoan dago.