Gerri hori!

Gerri hori! https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/07/07
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Gerri hori!
Channing Tatum aktoreak laster Wachowskitarren 'Jupiter Ascending'  estreinatuko du.


Gure hezkuntza-sisteman, hizkuntzak, matematikak edota biologia gustuko dutenei zabalduko dizkiete gustuko ateak. Heziketa fisikoko klasean jauziak eta txiribueltak egitea plazer dutenei, ordea, "etorkizuna ziurtatzeko ganorazko zerbait" ikastea gomendatuko diete.

Gorputza espresabide dutenek bide malkartsuan egin beharko dute gurean aurrera. AEBetako hezkuntza-sistema ez dugu eredu jarriko, baina han bakoitzak bere bidea jarraitzeko laguntza gehiago duela ukaezina da; kirola edota dantza kasu. 
Channing Tatumek kirol beka batekin eman zuen High School-erako jauzia. Saskibaloian, beisbolean zein arte martzialetan zen trebea. Eta mutil gogor itxurak ez zion gerria mugitzea galarazten; US Weekly aldizkariaren arabera, Tatumek streaptease klub baten irabazten zituen sosak.
2004an, baina, aktore prestakuntzan buru-belarri sartzea erabaki zuen. Eta 2005ean, Coach Carter filmean estreinatu zen; Samuel L. Jackson zen entrenatzailea, eta Tatum saskibaloi jokalaria. Ezagun, ordea, eskeletoa astintzen egin zen, Step Up (2006) dantza filmean. Hantxe ezagutu zuen Jenna Dewan egungo emaztea. Ordutik, akzioa eta erromantzea tartekatu ditu, G.I. Joe: The Rise of the Cobra (2009) eta Dear John (2010) kasu.
Nolakoa den bizitza. Kritikaren errekonozimendua Magic Mike (2012) lanarekin heldu zitzaion. Esperientziagatik agian? Gorputza musikaren erritmora biluzten zuen gaztearen paperean ezin sinesgarriago aritu zen. Laster, Wachowskitarren Jupiter Ascending estreinatuko du. Pena Bilboko sekuentzietan ez izana. Etorri balitz, bide batez, Mission: Impossible egin zezakeen: Zazpi kaleetako gauean barrari iltzatutako zozongiloak hartu eta gorputzari astinaldi eder bat ematea zer den erakutsi.  

Channing Tatum


Izena: Channing Matthew Tatum.
Jaioteguna: 1980-04-26.
Jaiolekua: Alabama (AEB).
Bikotekidea: Jenna Dewan aktorea.
Film maiteena: The Goonies (Richard Donner, 1985).
Kolore gustukoena: Urdina.
Lagunik onena: Robert Hoffman aktorea.
Maite du: Galtzontziloetan egotea.
Gorroto du: Aktore harroputzak.