Gizaldiek banatuta, elkarbizitzak batuta

Gizaldiek banatuta, elkarbizitzak batuta https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/11/10
erreportajea
TESTUA: GORKA ASCORBEBEITIA @Gascorbe. @Gizadiberri
Gizaldiek banatuta, elkarbizitzak batuta
Gazteak unibertsitatera ikastera doazenean, ohikoena hainbaten artean etxebizitza bat alokatzea edo ikasle-egoitza batera joatea izaten da. Badago, ordea, beste aukerarik: adineko pertsona batekin bizitzea, adibidez.


Berbetan hasi aurretik, Milagros eta Blanca bakoitza beren ohiko eserlekuetan jesarri dira. Milagros bere etxeko gela nagusian duen aulki arruntean eta Blanca aurrez aurre dagoen sofaren izkina batean. Batera bizi dira Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitzan, eta ondo mugatuta dituzte etxeko toki, tresna eta janari guztiak. Horretan biak daude ados, edozein elkarbizitzatan gertatzen den antzera, beharrezkoa da batak bestearen guneei errespetu osoa izatea giro ona bermatzeko. Hala ere, ezezagunen arteko elkarbizitza honek berezitasun nabarmen bat du: Milagros eta Blancaren artean 61 urte aldea dago.

Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak antolatzen duten programa baten baitan ezagutu zuten elkar Milagrosek eta Blancak. Programa honen helburua bakarrik dauden pertsona nagusiak eta unibertsitateko ikasleak elkartzea da. Horretarako bizikidetzaren formula erabiltzen du. Nagusiak etxea jartzen du eta alokairu sinboliko baten truke gaztea berarekin bizi daiteke ikasketak burutzen dituen bitartean.

Milagros Pérez de Aguadok 87 urte ditu eta bakarrik bizi da Gasteizen senarra hil zitzaionetik. Hiru seme-alaba, lau iloba eta birbiloba bat ditu, eta horiek sarritan bisitatzen duten arren, iluntze eta gauetan bakarrik gelditzen da normalean. Osasunez eta umorez oso ondo dabil eta ez du bere kabuz moldatzeko inolako arazorik. Hala ere, seme gazteenak programa honen berri izan zuenean, Aldundiarekin harremanetan jarri zen amarekin egoteko gazte bat bilatu asmoz.
Blanca Juncayk, aldiz, 26 urte ditu eta Farmaziako azkeneko urtea ikasten ari da. Ecuadorren jaio zen, baina Bilbon bizi izan da gurasoekin txikitatik. Ikaskide bati esker ezagutu zuen programa, eta jarraian antolatzaileekin jarri zen kontaktuan. Ikasturte hau elkarrekin bizi diren bigarrena da.

Lehen egunetan tira-bira batzuk izan zituzten arren, orain ondo moldatzen dira; batak besteari ematen diona da eurentzat orain garrantzitsuena. "Nik asko baloratzen dut etxera heltzerakoan bertan norbait dagoela ikustea, gauak bakarrik ez pasatzea", dio Milagrosek. "Horretaz gain, nire seme-alabei lasaitasun handia ematen die Blanca nirekin dagoela jakiteak", gaineratzen du. Esan bezala, Milagros ezinhobeto dago osasunez, baina 87 urterekin ez daki noiz arte egongo den egun dagoen moduan. "Aste honetan bertan ezagutzen ditudan nire adineko lau pertsona erori egin dira; horrelakorik gertatzen bazait norbait hurbil egotea oso lagungarria izan daiteke", dio.

Blancari beste abantaila batzuk ematen dizkio bizikidetzak. Aiton-amonak Ecuadorren geratu zitzaizkion, eta oso harreman gutxi izan du eurekin. "Milagrosek jakituria handia eta esperientzia ugari ditu transmititzeko, eta hori niretzako oso garrantzitsua da", dio ikasleak. Pisukidearen bizipenak alde batera utzita, bestelako esparru praktiko batzuetan ere Milagrosek hainbat irakaspen eman dizkio Blancari: "Adibidez, birziklatzea zein garrantzitsua den ikusarazi dit eta etxean hondakinak antolatzeko era praktikoak erakutsi dizkit".

Azken bikotea

Milagrosen eta Blancaren kasua arrazoi askogatik da berezia, eta bat azpimapimarratzekoa: Programa honetan parte hartzen duen azken bikotea da. Ikasleak eta nagusiak biltzeko proiektua duela hamabost urte jarri zuten martxan EAEn, eta urtetik urtrera partaidetza jaisten joan da, hizpide dugun kasu bakarrera heldu arte. Bizkaian hainbat urte pasa dira programa bertan behera geratu zenetik, eta Gipuzkoan duela hiru urte desagertu zen. Araba da programa indarrean duen herrialde bakarra.

Alberto Susillak, Arabako Foru Aldundiko Nagusien Zerbitzuko teknikariak, dioenez pertsona nagusien falta da programaren gaitzik larriena: "Asko kostatzen zaie ezezagun bat beren etxeetan sartzea". Aldiz, krisiak gazteen eskaerak handitzea eragin du, batez ere, alokairuan aurrezteko helburuarekin. "Hor dago gakoa. Ikuspuntu ekonomikotik bakarrik begiratzen bada ziur programak porrot egingo duela", adierazi du Susillak.

Programan parte hartzeko, gazteek zein nagusiek konpromiso ugari hartu behar dituzte. Adibidez, ordutegiak ondo errespetatzea eta gau guztiak etxean pasatzea. "Hau ez da ikasleen arteko bizikidetza, eta gazte batzuen aldetik heldutasun falta egon da", dio Aldundiko teknikariak. Nagusien artean ere, batzutan portaerak ez dira hoberenak izan. "Batzuek uraren, berogailuaren edota argiaren fakturei gehiegi begiratzen zieten", azaldu du Susillak. "Gastu gehigarri horiek konpentsatzeko Aldundiak eta ikasleak jartzen duten dirua nahikoa izaten da", gaineratu du. Teknikariaren iritziz, elkarren arteko errespetua da programa ergainkorra izateko baldintza nagusia, "Milagros eta Blancaren artean gertatzen den bezala".

Bikote hau elkarrekin biziko da ikasturtea bukatu arte, hau da, Blancak ikasketak amaitu arte. Hala ere, ziur bien arteko harremana luzeagoa izango dela. Hara, azken boladan pare bat aldiz elkarrekin joan dira Gasteizko pintxo-potera, eta halaxe, Milagrosek Blancaren mutil-laguna ere ezagutu du. "Normalean asteburuetan elkar ikusten dugu  Bilbon, baina ostegun baten hona etorri zen eta hirurok batera ibili ginen", azaldu du Blancak. Eta Milagrosek oniritzia eman dio: "Begi-bistaz behintzat mutil majoa dela esango nuke".