Google Glass

Google Glass https://www.gaztezulo.eus/albisteak/google-glass/@@download/image/sarezulo_1367311498.jpg
2013/05/06
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @aldakur
Google Glass
Aspaldi utzi zion Googlek bilatzaile huts izateari. Oraingoan, garatu dituen betaurreko digitalez ariko gara, antza, 2013 amaieran merkaturatuko dituenak. Proiektu erakargarri bezain beldurgarria.


Googlek eskaintzen dizkigun ehunka produktu eta zerbitzuetako gehienak doakoak dira edo, behintzat, ez dugu dirurik ordaintzen trukean; baina bada ordainik, jakina. Izan ere, zerbitzu hauen erabileraren bitartez, guri buruzko informazio pila helarazten diogu Googleri, pribatutasuna galtzen dugu, eta haiek publizitate zuzen eta egokitua egiteko erabiltzen dute.

Oraingoan, Mountain View konpainiak egin du urratsa: Google Glass proiektua. Orain dela urte batzuk eduki genuen asmo honen berri, baina aurten zabaldu dira betaurreko digital hauen funtzionamendua erakusten duten lehen bideo ofizialak. Badirudi kasik erabat garatuta dituztela eta urte amaierarako eskuragarri izango direla.

Itxura minimalista dute. Eskuineko begian, pantaila txiki bat daramate, betaurrekoei eskatzen diegun guztia ikusi ahal izateko. Softwareari dagokionez, Android dute instalatuta eta, beraz, helburua zera da: gure tabletarekin edo smartphonearekin funtzionatzen dugun moduan funtzionatzea betaurreko hauekin ere, baina aginduak ahotsa baliatuta ematea.

Horrela, "Ok glass" hitz gakoak esan ondoren, zer egin nahi dugun adierazi beharko diegu betaurrekoei. Esate baterako, argazki bat atera nahi badugu, "Ok glass. Take a picture" izango litzake esaldia, eta betaurrekoek momentuan ikusten dugunaren argazki bat aterako lukete. Ez hori bakarrik: jarraian "OK glass. Share with Facebook" esanez gero, automatikoki gure Facebook profilera igoko du irudia.

Esan bezala, dirudienez, gaur egun smartphonearekin egiten dugun guztia egiteko gai dira edo izango dira betaurreko hauek; teknologiaren erabilpenean aurrerapauso ikaragarri eta beldurgarria izan daiteke. Ikaragarria, eskaintzen duten zerbitzuarengatik, argazki bat atera eta elkarbanatzearena adibide hutsal bat besterik ez baita. Googlek promozio bideo batzuk sareratu ditu, eta bertan Hangoutak (Google Plusek eskaintzen dituen bideokonferentziak) nolakoak liratekeen ageri da: kasu honetan kamera ez dagoenez gure aurpegira zuzenduta, bideo txataren beste aldean dagoenak guk ikusten dugun gauza bera ikusiko du; aukera dibertigarria benetan. Kotxeko GPS erabilera ere eman diezaiekegu eta, hala, jarraitu beharreko bidea gure eskuin begiarekin ikusiko dugu.

Hasieran aipatu dugunez, Googleren negozio eredua erabiltzaileei buruzko informazioa bildu eta hau publizitate zuzen eta kasik pertsonalizatua egiteko erabiltzean datza. Beraz, 24 orduz betaurreko hauek jantzita eramanez gero, pentsa zenbateko informazio bolumena igorriko diogun Google erraldoiari!
Pribatutasunaz ari garela, kontuan hartu behar dugu, baita ere, norbaitek betaurreko hauek jantzita daramatzanean ez dagoela modurik jakiteko besterik gabe jantzita ote dituen ala, aldiz, bideo bat grabatzen ala irudiak hartzen ari ote den. Seattle-eko taberna batean, esaterako, debekatu egin dituzte jada eta Sarean Stop The Cyborgs webgunea sortu dute. Informazioa ez ezik, Google Glassen aurkako kamisetak egiteko irudiak eta tabernetan betaurrekoak debekatuta daudela adierazten duten kartelak egiteko materiala dago eskuragarri atari honetan.

Horrenbestez, etorkizuna ez du erraza izango eta aditu batzuek iragarri dute Europar Batasunak onartutako pribatutasun legeekin arazoak izango dituztela.  Ikusteke. Momentuz, webgune ofizialean aurki dezakegu informazio gehiago.

KATXONDOENA



Sustpro
Ingurumena zaintzeko eta dirua aurrezteko balio duten produktu eta zerbitzuen berri ematen duen webgunea. Nork bere asmakuntzak ezagutarazi eta salgai jar ditzake bertan baita ere, hala nola, eguzkitako betaurreko ekologikoak.

HARRITU GAITU



Feedly
Datorren uztailaren 1ean, Google Reader zerbitzua agortuko da eta Feedly hau alternatiba ona da. Android eta iPhone aplikazioak ere eskuragarri daude.

INFORMAZIO BILA


Teknozale– Google Plus
Teknologia gustuko duten internautak biltzeko Google Plus sarean sortu berri den euskal komunitatea da Teknozale. Software nahiz hardwarearekin zerikusia duten gai ezberdinak eztabaidatu daitezke bertan.