Google orain

Google orain https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/09/08
erreportajea
Google orain
Badirudi telefono mugikorren alorrean laguntzaile birtuala dela
etorkizunera begira kontuan hartu beharreko elementurik garrantzitsuenetakoa. Applek Siri dauka, Androidek Sherpa, eta Googlek ez duenez atzean geratu nahi, Google Now plazaratu du.


Apple izan zen aitzindaria, Siri zerbitzua martxan jarri eta iPhone telefonoentzako lehen laguntzaile birtuala merkaturatuta. Denborak argi utzi du, baina, eguneroko bizitzan naturaltasunez erabilia izateko oraindik bide luzea duela egiteko Sirik. Eta antzeko zerbait gertatzen ari da Android sistema-eragiledun telefonoentzako sortutako Sherpa-rekin ere. Badirudi ez dutela hasieratik bete-betean asmatu.
Google ez da punta-puntako zerbitzuetan atzean geratu ohi den horietakoa, eta horregatik, denbora dexente darama laguntzaile birtualaren garapenean lanean. Hala, duela gutxi AEBetan kaleratu zuen lehenengo, eta pixkanaka, Europako telefono mugikorrik aurreratuenetan ere bere lekua egiten ari da Google Now, hainbat zerbitzu eskaintzen dituen laguntzaile birtuala. Momentuz Android bertsio berriena instalatuta duten gailuetan aurki daiteke.
Laguntzaile birtual honen helburua ez da bilatzaile soil bat izatea, baizik eta gure beharrei aurreratu eta momentuan beharko dugun informazioa guk bilatu aurretik eskaintzea. Eta hori modu eraginkor batean lortzeko gai den enpresarik onena ziurrenik Google da, gure gustu eta beharrei buruz gehien dakien enpresa dela esan baitaiteke. Google zerbitzuak erabiltzen ditugun bakoitzean, Gmail posta zerbitzua, Android sistema eragilea, Google bilatzailea edota Google Maps, batzuk aipatzeagatik, Mountain Viewko enpresak guri buruzko informazioa batzen du.

Aurreikuspena
Informazio hori batuta, nola funtzionatzen du Google Nowk? Labur esanda, pantaila osoa betetzen duten fitxa edo txarteletan banatzen da, eta txartel bakoitzak gai bat hartzen du, adibidez, eguraldia, kirola edota zinema. Erabiltzaileak Google zerbitzuetaz egindako erabileraren arabera, honen nahi edo beharrak aurreikusi eta informazioa eskatu aurretik eskainiko dio txarteletan. Txartelak norbere nahien arabera konfiguratzeko aukera ere badago, esate baterako, kirolen txarteltxoan futbol zaleak garela adierazi dezakegu, eta gure talde gogokoena zein den aukeratu.
Hona adibide bat. Zure ordenagailuan, Google bilatzailea erabiliz, liburu jakin bat bilatu duzu, eta liburu hori salgai dagoen denda aurkitu. Zuk beste ezer egin gabe Google Now dagoeneko lanean hasi da, eta mugikorreko txarteletan informazioa eskaini dizu: momentu horretan zauden tokitik dendara joateko biderik laburrena proposatuko dizu, kotxez zein oinez, eta leku horretan (agian beste herri batean dago) egiten duen eguraldiaren berri emango dizu. Beste fitxa batean, liburu horri buruz informazioa ematen duten blogen orrialdeak erakutsiko dizkizu.
Era horretan, Google zerbitzuetaz baliatuz, laguntzaile birtuala zure nahi eta beharrei buruz gero eta gehiago ikasten joango da, eta gero eta eraginkorragoa izango da. Modu horretan, goizean lanera edo unibertsitatera joateko jaikitzen zarenean, bidean izango duzun trafikoaren, eguraldiaren edota denda interesgarrien berri izango duzu, ezer galdetu gabe.
Agian, usteko duzu Googlek oraindik ezer gutxi dakiela zuri buruz. Bada, agian oker zaude.
Zalantzak argitzeko sar zaitez www.google.com/dashboard/ orrialdera.
 

Harritu gaitu



Ali Express

Amazon eta Ebay Internet bidezko salmenten erraldoiei aurre egin nahi dien denda digital txinatarra.

Katxondoena



Vube

Bideo biralak gustuko badituzu, orrialde honetan aurkituko dituzu momentuko arrakastatsuenak.

Informazio bila



Xing

Networking plataforma hau kontaktu profesionalak bildu eta kudeatzeko tresna egokia izan daiteke.