Gotzon Barandiaran: Errotik etengabe lanean

Gotzon Barandiaran: Errotik etengabe lanean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gotzon-barandiaran-errotik--etengabe-lanean/@@download/image/jon_gotzon_bara_1371131568.jpg
2011/01/07
erreportajea
Gotzon Barandiaran: Errotik  etengabe lanean
Oraintsu, aurreko belaunaldiaren borroka galdu askotan lan eta lan aritu den eta oraindik herrigintzan lehen lerroan dabilen adiskide batek harritu egin ninduen Gotzon Barandiarani (Larrabetzu, 1974) buruz hitz egiterakoan agertu zuen pasioagatik.


“Urte askoan eskola sistemak lortu ez duena lortu du Katamalo bezalako proiektu batekin: gazteak hitzekin hunkitzea, eta gazteak poesiara inork ez bezala hurbiltzea”.

Institutuan irakurrarazten zizkioten liburuekiko, literatura klaseekiko eta autopsia sakona egin behar izaten zieten poemekiko batere estimurik ez zuen semea Donostiako antzoki batera lagundu zuen behin lagunak, Katamalo entzutera, eta emanaldiaren amaieran semeak taldearen eta entzundako poemen inguruan esandakoek ikusarazi omen zioten Gotzon Barandiaranen lanaren meritua eta neurria.

Ordudanik, ez dio begirik kendu idazle eta herri jasotzaile bizkaitarrari: Bihotz Bakartien Kluba, Katamalo, irakurtzen ikasteko Literatura Eskola, Ahotsenea, Dijitalidadea eta azken urteotan euskal literatura jendarteratzeko sortu diren egitasmo estrategikoenetan lanean ikusi baitu Barandiaran, literaturatik bazterrerago dauden Adierazi EH eta antzeko ekimen herrikoiak ahaztu gabe.
Literaturan, Bihotz Bakartien Klubean egindako lehen urratsetan ezagutu zuten askok. Arrakalak (Susa, 2004) poema liburuarekin agertu zen plazara, eta hiru urte geroago heldu zen Katamalo (Susa, 2007). Orain, berriz, lehen nobela argitaratu berri du: Errotik.

Idazleak hamar urte zituen Euskalduna ontziolako langileak eta Espainiako Polizia Deustuko zubiaren alde banatan aurrez aurre aritu zirenean. 2.461 langileetatik 2.200 baino gehiago kaleratuko zituztela iragarri zutenean sortutako erantzuna eta borroka hartu du oinarritzat lehen eleberri honetan, hamarkada haren testuinguru politiko eta kulturalaz hitz egiteko.

Bibliografia


• Arrakalak (Susa, 2004).
• Katamalo (Susa, 2007).
• Errotik (Susa, 2010).