Gu, bost mende atzera

Gu, bost mende atzera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gu-bost-mende-atzera/@@download/image/20125313377Nafarroa_5.jpg
2012/06/01
erreportajea
Historialariak: Pedro Esarte Muniain eta Idoia Arrieta Elizalde, Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, Irudiak: Ainara Azpiazu Aduriz. ainaraxpi.blogspot.com
Gu, bost mende atzera
Bost mende joan dira Fernando Katolikoak aginduta eta Albako Dukearen gidaritzapean espainiar tropek Nafarroako Erresuma, euskal jendeen lurraldea, indarrez hartu zutenetik.

Azken urte hauetan, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenak lan itzela egin du orduko gertakari haien inguruko memoria berreskuratu eta historia liburu ofizialetan "anexio" edota "itun" gisa jasotakoaren atzean ezkutatzen den egia odoltsua argitara ateratzeko. Konkistatu bai baina menderatu ez eta Nafarroa nahiz nafar kultura, Euskal Herria bera, bizirik dagoela sinetsi eta aldarrikatzen duen orok gorriz markatua du ekainaren 16a egutegian. Iruñean izango da jai egun handia, bertara helduko baita ibilaldi nazionala.

Badakigu, 1200eko konkista partzialaren ostean, 1512ko hartan Erreinuak egungo Nafarroa Garaia eta Baxe Nafarroa barnebiltzen zituela, eta gure hizkuntza mugetaraino heltzen zela. Badakigu, baita ere, Albreteko Juan III.a eta Foixeko Catalina zeudela agintean, baina beste herrialde batzuekin alderatuta, hemen hierarkiekiko kontrola egon bazegoela. Hain justu, XIII. mendeaz geroztik eta XVI.era arte, usadio eta ohitura zaharren defendatzaileek –Obanos-eko Infanzoi izenaz ezagunak– arduratu ziren kontrol hori gauzatu eta, 'Pro libertate patria Gens libera state' –Herriaren askatasunaren alde, jende, izan zaitez libre– lemari jarraiki, aspaldiko garaietatik herri eta hiribilduetan indarrean ziren arau multzoak babesteaz, errege-erreginek hauek errespetatuz erreinatu zezaten Gorteetatik eta Iruñeko Udaletik.

Zer dakigu, ordea, orduko euskal jendeen bizitzez? Nolakoak ziren haien etxeak? Eta ospakizunak? Zer jaten zuten? Zer edan? Eta nolako itxura zuten? Has gaitezen, zergatik ez, gure ahaide zaharren estetika irudikatuz...

Moda, segregazioa
Moda, aniztasunaren zentzuan ulertuta, XV. mendean iritsi zen Euskal Herrira, hiriguneetan burgesia gizarte talde modura azaltzearekin batera. Janzkien kalitateak bereizten zituen maila sozialak, eta burgesak luxoari garrantzia ematen hasi ziren, bilera sozial nahiz elizkizunak luzimendurako baliatuta. Ehungintzaren garanpenarekin ere izan zuen honek zerikusia, ordura arteko uniformetasunarekin apurtuta, oihal mota berriak lantzen eta hedatzen hasi baitziren. Hala, hiribildu eta hirietan, bertako artisau txikiekin batera, oihal zakar (herriko jendea janzteko) eta finen (inportatutako materialekin goi mailakoentzat kalitatezko jantziak egiteko) industriak ezartzen joan ziren, Durangon eta Bergaran, kasu. Gehien erabiltzen ziren ehunak zeta, lihoa, kotoia eta, batez ere, artilea ziren.

Zeta, orokorrean, nobleek bakarrik ibiltzen zuten, edo liturgia hornidurarako baita ere, eta kolore erabilienak gorrixka, berdea, morea, zuria, urdina, arrea eta gorri bizia (nekez lortzen zuten halakorik) izaten ziren. Lihoa, aldiz, askoz hedatuagoa zegoen, eta barruko arropak, atorrak eta zorongak (emakumeen burukoak) egiteko erabiltzen zuten. Etxean landutako artilea zen herritar xehen artean zabalduena: bruneta (kolore ilunekoa) edo burela (oihal lodi eta zakarra; gordina, marroia edo grisa) janzten zituzten gehien; merkeena, aldiz, artzainen kapak egiteko baliatzen zutena zen.  

Gizonek izugarri arropa pila eramaten zuten gainean. Atorra eta azpiko galtza estuak lehenik, gerrian zintaz lotutako jipoia eta bordaduz apaindutako galtzak gainetik, eta hirugarren soingaineko motz bat ere janzten zuten askotan, aldakatik zintzilik gonatxo baten modura, hankak agerian utziz.

Emakumeek elementu gutxiago zerabiltzaten: atorrek eta barruko janzkiek mahuka landuak izaten zituzten gerruntze azpitik ikusten zirelako. Galtzek gerriraino estaltzen zuten gorputza eta gainetik gonetak janzten zituzten. Hirugarren estalki modura, goiko arropa eta gona, eta mantu airosoak ere zenbaitetan.

Burutik oinetaraino

Krestarik eta txurrorik ez garai hartan. Gizonen orrazkerak ez zeukan beste tokietakoekin alde handirik, hemen ere melena motza zen nagusi. Gainean, ohiko lastozko edota artilezko kapela eta txanoak. Emakumeen itxurak, aldiz, atentzioa ematen zuen eta bidaiariak harrituta geratzen ziren euskal neska ezkongabeen estetikarekin. Hauek ilea larru-arras mozten omen zuten, motots bakarra utzita buruaren inguru osoan. Kasik gaurko skinheaden antzera! Ezkonduek, ordea, beste leku askotakoek bezalaxe, burukoak edo zorongak erabiltzen zituzten estaltzeko. Baina hemengoek sekulako mirespena eta sorpresa sorrarazten zuten guztiz originalak zirelako. Oinarrian, buruan enkajatzen zen kapete moduko bat zuten, eta handik gora hasten zen zumitzezko euskarri baten gainean oihal metroak eta metroak bilduz fantasia ukitua. Punta zorrozdunak izan zitezkeen, adar formakoak... hain ziren konplikatuak ezen Portugaleten, adibidez, zorongak lotzeaz arduratzen ziren ofizialak baitzeuden, eta Deban, esaterako, hiriko ordenantzek mugatu behar izan zuten tela kopurua.

Bestela, oinetakoen artean, hiru aldaera aipagarri: batetik, soilik oina estaltzen zuten larruzko zapatak eta abarkak; bestetik, oina ez ezik zangoaren zati bat ere estaltzen zuten larruzko botak; eta, hirugarrenik, zola altudunak, oso deigarriak eta apainduak. Azken hauen zolak egurrezkoak, hezurrezkoak edo kortxozkoak izan zitezkeen.

Ispilu aurrekoak

Higienea nahiko kontu arrotza zen XVI. mende hasiera hartan, baina emakume aberatsek askotariko ukenduak eta trikimailuak ezagutzen zituzten beren buruak edertzeko. Azala zuritzeko, adibidez, izainak jartzen zituzten; gorputzeko hainbat ataletan ilea kentzeko, karea erabiltzen zuten; ilea argitzeko henna, ote-oreak, azafrana eta txahalen giltzurrunak; ilea lurruntzeko arrosa lehorrak, espeziak eta ozpina; desodorante modura, erramu orriak, asentsio belarrak eta isipu belarrak; ezpainen bolumena handitzeko eztiarekin igurtzen zituzten; eta ahoa ardo epelarekin garbitu ohi zuten oiak osasuntsu mantentzeko. Argaltzeko dietak ere egiten omen zituzten, pentsa! Aspalditik dator, beraz, obsesioa... Odol zirkulazioa suspertzeko, gorputza eskuila batekin igurtzi eta bainu hotz bat hartzen zuten segidan.

Eliteko andre hauek, gainera, koloretearekin, ezpainetakoarekin eta berde, urdin nahiz marroi grisatu koloreko itzalekin margotzen zuten aurpegia.

Eskumuturrekoak, lepokoak, eraztunak eta bestelako bitxiak artisauek lantzen zituzten, eta urrea zen material guztietan preziatuena.

Apainketetan horrenbesteko lana hartuta, emaitza kontenplatzeko, gizon-emakumeek zilarrez edo kristalez eginiko ispiluak zintzilikatzen zituzten gerritik.

Izen-abizenekin
Ez imajinatu kaleetan eta mendi inguruetan, Agurtzane, Manex, Aitziber, Jurgi... edo halakorik entzuten zenik. Aitzitik, Pedro, Isabel, Lope, Blanca, Francisco, Catalina, Martin, Juana, Juan eta Maria dira orduko dokumentuetan ageri diren izenetako batzuk; santuen izendegitik ateratakoak, agerikoa denez. Jatorri gaskoiekoak ere baziren: Pelegrin,  Adame, Guilelmus, Pierre, Ordincho... mutilentzat; eta Domenja edo Gracia neskentzat.

Abizenek, kasu gehienetan, familiaren etxean zuten sustraia, ofizioari ere egiten zioten erreferentzia beste askotan, eta jatorriari beste batzuetan. Ezizenak ere abizen bilakatzen ziren sarri, eta oso ohikoak ziren aitaren izenetik eratorritako abizenak –patronimikoak–. Adibidez: Martinez abizena hartzen zuten Martin izeneko gizonaren seme-alabek, eta Iñigez Iñigoren seme-alabek. Abizen askok, bestalde, zentzu orientagarri garbia zuten: Goi-, Bizkai-, Ororbide, Olabide, Urdizate (urde parajea denean)...

Nolanahi ere, euskal lurretara kanpotik etorritakoekin elkarbizi ziren bertakoak, eta izendegian ere islatu zen nahasketa hori. Esate baterako, Muniain abizenak Munio izen latindarra du oinarrian eta –ain euskal atzizkia segidan. Zoko abizenak ere berezko aldaera du gazteleraz, arabieraz nahiz hebreeraz, eta merkatuari edo aisialdirako guneari egiten dio erreferentzia.

Hegazti lumak baliatuta idazteak ez zuen batere erosoa izan behar, eta horretaz arduratzen ziren notario askok laburdurak erabiltzen zituzten, gerora berezko izaera hartu duten abizenak sortuz. Hala, jatorrizko Irigoien horretatik Iruin eta Irbin eratorri dira, adibidez.

Aitorren hizkuntza zaharra

Pedro, Isabel, Lope, Blanca... guztiak euskaraz mintzo ziren, tokian tokiko euskalkiak izan baitziren, mende luzez, nafar lurralde osoko herritarren eguneroko hizkuntza. Merkatal harremanek eta ganaduaren transhumantziak zuten hedapen berbera zuen, ziur aski, euskarak ere.

Pixkanakako galerak, ordea, ez zuen lotura zuzena izan arrazoi geografikoekin, baizik eta gizarte mailaketarekin. Kontuan izan latinetik eratorritako erromantzeak apurka-apurka lekua betetzen joan zirela gizarte zibilean, eta hala, botere politikoaren babesean Pirinioen hegoaldean gaztelania nagusitu zela, eta probentzala eta gerora frantsesa Pirinioen iparraldean. Euskaldun elebakarrek estamentu apalak osatzen zituzten; aldiz, jende erromanizatua izango zen goi karguetan eta botere guneetan. Izan ere, latina eta erromantzeak ziren liburuetarako edo dokumentu ofizialetarako onetsitako bakarrak. Itzela, beraz, garai haietan notario elebidunek egiten zuten itzulpen lana! Dokumentazio haietan, elizgizonak ageri ohi ziren lekuko gisa, fidagarriak zirelakoan idazten eta irakurtzen jakin ez eta erromantzea ezagutzen ez zuten herritarren begietan.

Horra hor, beraz, gure hizkuntza zaharraren indarraren froga: hizkuntza idatzi eta ofiziala izan gabe eta jazarpena jasan arren, biziraun du. Pentsa, XVI. mendean Gasteiz elebiduna zen, baina euskara zen biztanleek zerabilten hizkuntza arrunta. Hegoaldetik, bestalde, XVIII. mendean oraindik Tafalla eta Lizarraraino hedatzen zen.

Sinesten dut, sinesten dut...

Kristautasuna aski orokortua eta errotua zen Nafarroan, eta zaila da paganismoaren balizko hedapenaren inguruko baieztapenik egitea. Edozein kasutan, agerikoa dirudi sorgin ehiza izaera politikodun jazarpena izan zela, kredo uniformizazioa zuena helburu. Elizak men egin zien menperatze interesei.

Dena den, frankoen, judutarren eta musulmanen auzoak ere baziren euskal hiribilduetan. Ordaintzen zituzten zergak bestelakoak ziren, eta horrek bereizten zituen gainerakoengandik, nahiz eta errealitate honek ez zuen arrazakeria kasurik eragin, edo bederen ez dago horren frogarik. Are gehiago, jakina da konkista baino lehenago ere, Erribera aldeko nafarrak eta musulmanak batu egin zirela errege katolikoak agindutako segregazioaren kontra matxinatzeko.

Baina, sinesmenekin lotura zuzenik ez zuten bestelako giza taldeak ere baziren, eta hauen artean bereziki ezaguna da Baztan bailarako Agoteen kasua. Ursuatarren lekaioak izan ziren, beren lurretan mantentzen zituzten soldadu edo morroi gisa zerbitza zitzaten, berezko etxeak edukitzeko eskubiderik gabe.

Kopetako izerditik jan eta edan

Ganorarekin batera, aldi eta adin berean, zetorkien neska-mutikoei lanean hasi beharra. Baina lanak ez zuen diru gehiegi mugiarazten. Horren ordez, egindako zerbaiten edo ondasun baten balioa kalkulatu bezain pronto aldatzen zuten honen prezioa abere edo lursail terminotara. Hala ere, ideia bat edukitzearren, indarrez haurdun utzitako emakume batek 15 dukat jaso zitzakeen bizirauteko gutxieneko asignazio gisa, baina apaizaita batek 60 dukat irabazten zituen urtean, eta 30 honen bikarioak.

Nolanahi ere, apenas behar zuten dirurik herritarrek –'cash' esaten diogun hori–, jatekoa baratzetik eta ganadutik ateratzen baitzuten, sua egiteko egurra menditik, eta tresnak hazitako abereren baten truke eskura zitzaketen.

Jana eta edana aipatu ditugula, kendu burutik gaur egungo dieta orekatu eta aberatsak. Barrualdeko inguruetan, baratza eta artzaintza ziren iturria, nahiz eta tarteka arraina ere lor zezaketen kostaldetik etorritako garraiolarien bitartez. Azken hauek olioa eta ardoa ere mugitzen zuten, baina sagardoa askoz ere arruntagoa zen, ogia bezalaxe, kasik etxe gehienetan egiten zelako. Sagar pomada ere, mermelada antzeko zerbait, oso estimatua omen zen.

Gezurra badirudi ere, festa giroa heriotzen harira pizten zen maiz, ohitura sustraitua baitzen testamentuetan behi bat edo behi erdia uztea hiletara hurbiltzen zirenentzat, esker oneko keinu modura. Jatekoa non, jaia eta jendea han.

Bide batez, jakin sukarrak, apoplexiak (gaitz zerebrobaskularrak) eta, emakumeen artean, erditzeak izaten zirela heriotza kausa usuena. Eta bitxikeria bat: eskularruei aitortzen zieten ikaragarrizko baliotik ondoriozta dezakegu hotzak eragindako ospelak eguneroko ogi garratza zirela jende langilearen azal zailduetan.

Etxeko hormen artean

Euskal Herriko hiri lurren banaketa eta antolaketa nahiko antzekoa zen geografia osoan. Familia bakoitzari gutxi gora behera zortzi metro zabal eta hamabi metro sakon zen orubea zegokion, eta etxe guztiak ilaran eraikitzen zituzten. Uniformetasun horretan nagusitzen ziren bakarrak harrizko hormadun eliza, gaztelu, dorretxe eta jauregi handiak ziren.

Herritar bakunen kabiak, ordea, egurrezkoak, estuak eta luzeak izaten ziren. Batzuek eremuaren atzealdea erabiltzen zuten upeltegi gisa edo barazki batzuk landatzeko eta abereak hazteko. Normalean bi ate izaten zituzten; batek kale aldera ematen zuen sarrera gisa, eta bestea artisau tailerrari zegokion. Oso leiho gutxi eta txikiak egiten zituzten, eta zaila zitzaien oso hauek estaltzea argia galdu gabe; horretarako paperak edo argizariz igurtzitako oihalak erabiltzen zituzten, nahiz eta kristala XV. mendean hasi ziren erabiltzen toki gutxi batzuetan.

Mendi inguruetan bestelako itxura zuten bizitokiek. Egun ezagutzen ditugun baserriak baino askoz txikiagoak ziren, kasik txabola modukoak, solairu bakarrekoak eta, noski, egurrezkoak. Inguruan dolarea, aletegiak eta ukuilua altxatzen zituzten.

XV. mendean hasi ziren eraikitzen harrizko lehendabiziko baserriak, baina soilik nekazari aberatsenek zuten halako material inbertsioari aurre egiteko gaitasuna. Bizilagun guztien ikusmina piztu zuten.

Senitartekoez gain (aiton-amonak, gurasoak, seme-alabak, osaba-izebak), morroi-neskameak, gonbidatuak eta erromesak ere etxeko partaide ziren, eta ez zen harritzekoa hirunaka edo launaka lo egitea belarrezko koltxoidun ohe handien gainean. Biluztasunaren estigmarik ez zegoen eta sexu harremanak agerikoak izaten ziren. Ezkontzatik kanpokoak, onartzen ez baziren ere, ugariak omen ziren, eta dokumentuetan usu aipatzen dira elizgizonek haurdun utzitako emakumeak, komunitatetik at bizitzera kondenatuak. Bortxaketen berri ere bada, eta, kasu hauetan, erasotuaren borondatea aintzat hartzen zen ordaina ezartzerakoan: ekonomikoa ala emakumearekin elkarbizitzeko derrigortza.

1512ko konkista hamar twitetan


Testua: Floren Aoiz

1. Nafarroako Erresuma bertan sortutako estatu independentea zen, inguruko erresumen erasoei aurre egin behar izan ziena #konkista1512

2. 1512ko konkista aurretik prestatutako erasoa izan zen: sortzen ari zen espainiar inperioak Nafarroa bereganatu nahi zuen #konkista1512

3. Aurretiazko erasoen jarraipena izan zen: ez dezagun ahantz 1200 urteko konkista #konkista1512

4. 1512koa izugarrizko eraso bortzitza izan zen eta urteetako gerla ekarri zuen, nafar gehienek aurre egin baitzioten konkistari #konkista1512

5. Espainiarrek aitzakia ezberdinak erabili zituzten, besteak beste erlijio mailakoak, nafarrak erasotzailetzat jotzeko #konkista1512

6. Espainiarren kontrako matxinadak ugariak izan ziren, eta 1521. urtean espainiarrak behin behinean kanporatzea lortu zuten #konkista1512

7. Noainen espainiarren nagusitasun militarra independentziari eusteko borondatearen gainetik inposatu zen #konkista1512

8. Konkista deitu zioten ordukoek gertatutakoari, baina gerora itun gisa aurkeztu da, gertatutakoa ezkutatzeko #konkista1512

9. Nafarroako Erresumak bizirik jarraitu zuen Baxe Nafarroan, Frantziak indarrez hartu zuen arte #konkista1512

10. Iraganaren irakasgai argia: espainiar eta frantziar agintariek ez gintuzten txori maite, horregatik moztu zizkiguten hegoak #konkista1512