Ideien egikaritze aroa

Ideien egikaritze aroa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ideien-egikaritze-aroa/@@download/image/jazar_01_1396513261.jpg
2014/04/07
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Ideien egikaritze aroa
Asmamena eta sormena nahitaezko bilakatu diren garaiotan, berauei bide emateko espazio autogestionatuak hedatzen ari dira gurean. Sormen laborategien inguruan zerbait gehiago jakiteko, hastapenetan diren bi proiektutara hurbildu gara.


Azken hamarkadetan Europako hainbat herrialdetan sormenari loturik garatu diren esperientzia multzoei sormen laborategiak deritze. Esperientziok, baina, oso anitzak izan dira, sorkuntza-eremu independente guztiak ez direlako industriagune zaharretan kokatzen, eta era berean, leku horietan garatutako esperientzia guztiek ez dutelako eredu berbera jarraitzen. Dena den, badute zerbait komunean: herritarrek iniziatiba propioz eta gainerako herritarentzako garatu eta kudeatutako sormen eremuak dira, beren ideia, proiektu eta egitasmoak aurrera eraman eta zabaltzeko espazioak. Eta kasurik gehienetan, eraberritutako eraikin zaharretan daude.

Euskal Herrian, krisi ekonomikoa indarrez sartu zenetik, ikaragarri ugaritu dira sormen laborategiak; jatorria, baina, 70eko hamarkadako Alemanian dute. Kolektibo artistiko eta kulturalek lantegi zaharrak okupatu zituzten orduan; titulartasun publikoko eraikinak ziren arren, kolektiboak arduratzen ziren haien kudeaketaz, eta jarduerari eta laguntza-publikoari esker finantzatzen zituzten euren ekintzak. Ingalaterran, halaber, halako espazioak sortzen hasi zirenean, kultur mugimendu eta enpresek hartu zuten haien gaineko ardura, baina Frantziakoek finantziazio publikoarekiko menpekotasun handia garatu zuten.
Gurera etorrita, bilakaera motelagoa izan dela agerikoa da: demokrazia-aldiaren hasieran kultur arloko areto eta topaguneen gabezia itzela zen, eta 80ko hamarkadan kultur etxeak, auzo etxeak eta udal antzokiak eraiki zituzten udalek, espazioak egokitze hutsak programazio oparoa eta ikusle andana erakarriko zituela uste izanda. Urteak aurrera, kulturaren diskurtsoa aldatuz joan zen, turismoa erakartzeko baliabide bilakatu arte; ekipamenduek erakargarritasun sinboliko handia eskuratu zuten, eta administrazioak programazioaren monopolioa bereganatu zuen.

Egun, ordea, eredu horren mugak agerian geratu dira, aurrekontuak gero eta murritzagoak direlako eta sistema horrek politika berriak egiteko baliabideak hipotekatzen dituelako. Ondorioz, herritarrei proiektuak garatzeko diru-laguntzak eta espazioak eskaintzen hasi ziren duela bospasei urte instituzioak, eraikin zaharretan oinarrizko inbertsioak eurek egin ostean. Kudeaketa erabiltzaileen esku utzi zuten, noski. Eta laguntza haiei esker, hainbat sormen laborategik argia ikusi zuten.

Azken hilabeteetan, halaber, urrats bat gehiago eman eta instituzioetatik askatuta, proiektu berriak loratzen hasi dira hainbat euskal hiri eta herritan. Tartean, Jazar eta Undermount, izaera eta helburu propiodun laborategiak. Haiekin izan gara.

Espazioaren banaketa


Jazar:
Proiektuaren garapen espazialerako hiru oinarri arkitektoniko hartu ditugu kontuan. Batetik, definizio-eza edo malgutasuna, eraikina aldaketetara moldatu eta behar ezberdinetara egokitzeko gai izan behar delako. Bestetik, espazio iragankorra da, bertan denbora laburrez egongo baikara, PSIS -Udalaz Gaindiko Plan Sektoriala- exekutatu bitartean, eta ondoren beste norabait joango garenez, arkitektura ekologiko eta ekonomikoa baliatu dugu. Eta hirugarrenik, sorkuntzatik haratago, herritarren parte hartzea errazteko eremu bat osatu dugu. Dena den, eraikina publikoari zabaltzeko tramiteetan ari gara oraindik.

Undermount:
Aretoa zoragarria da, erraz iristen da bertara, eta zaindutako estetika arduragabea duela esan genezake. Itsasoak du lehentasuna, inguruko paisaiak, ahuntzek, lekuaren historiak… Ingurua bera inspirazio iturri da, oso lasaia. Baina ez dugu kultur etxe bilakatu dadin nahi, beste lekuetan egiten ez diren eta dugun espazioak ahalbidetzen dizkigun ekintza txikiak egitea baita gure asmoa. Oso gustura gaude, orain arte bisitari eklektiko eta alaiak, ero samarrak gainera, hurbildu zaizkigulako kultura garaikideari loturiko proposamenekin.

Epe laburrean, zein helburu duzue?


Jazar:
Garapen artistikorako espazio bat sortzea, lan, ideia eta ametsen laborategia; esperimentu pertsonal eta kolektiboak garatzeko harremanak bultzatzea; eta herritarrei kultur proposamen berriak helaraztea.

Undermount:
Mintegiaren ideia da gure proiektuari hoberen egokitzen zaiona, ideiak, formak, dinamikak eta artea sortu eta desagertaraztzen dituen espazioa baita gurea. Undermountek ziklo bat izango du, ez dakigu laburra ala luzea izango den, baina ez ditu aurrez ezarritako erritmoak eta moldeak jarraituko, eta kultura bizia den heinean, hazten jarraituko du. Autogestioaren bidetik, ikastaroak, jaialdiak, kontzertuak antolatzen jarraitu nahi dugu, gure egitura eta antolaketa mantenduz, eta diru-laguntzak eskatzeko aukera aztertu dugun arren, oraingoz ez dugu egin. Finantzaketa gutako bakoitzaren esku dago. Horregatik, truke artistikoa delakoa bultzatzen ari gara, diziplina anitzetan diharduten pertsonek, bere gaitasunak baliatuz, hainbat orduko zerbitzuak eskaintzea, eta trukean beste horrenbeste jasotzea.

Zer dira Jazar eta Undermount?


Jazar:
Proiektuak sortu, landu eta elkarbanatzeko espazio bat da Jazar, sortzaile eta artistek euren lanak, ideiak eta ametsak garatzeko laborategia. Espazio bat zeinetan esperimentu pertsonal eta komunak garatuko diren, jakintzaren elkartrukea indartuz. Egun Jaso Ikastola zaharrean gaude, Iruñeako Etxabakoitz auzoan, eta eraikina eraberritzen ari gara publiko orokorrari ateak ireki asmoz. 70 bazkide gara, kulturaren, artearen eta sormenaren arlo desberdinetako profesional eta amateurrak, eta elkarte bat sortu dugu.

Undermount:
Undermount Donostiako Igeldo mendian dagoen 200 metro karratu inguruko espazio "magikoa" da, berau artez eta musikaz betetzeko helburuz elkartu ziren bost lagunek iazko urrian abiatu zuten proiektua. Gure helburua oilategi izandako eraikin honetan aisialdirako aukera ezberdinak eta kultur alternatiba berriak eskaintzea da. Frank Zappa musikariak zioen kultura ofiziala zugana hurbiltzen dela, underground kulturara zuk hurbildu behar duzun bitartean, eta ideia horri eusten diogu guk.

Nola sortu ziren?


Jazar:
Iruñeako hainbat artista kulturaren aldeko apustua egiteko asmoz bildu ziren lehenik. Pixkanaka, ahoz-ahozko komunikazioaren ondorioz, lagun gehiago elkartu ginen Jazar proiektua definitu eta garatzeko, eta taldea handituz eta aldatuz joan da, egun 70 bazkide baikara. Bizi dugun egoera ekonomiko kaxkarra tarteko, kultura bigarren maila batean geratu dela uste dugu, eta guk kontrako apustua egin nahi dugu, sormena eta sorkuntza bultzatu. Erabili gabeko espazioei erabilera berri bat eman eta hiriarekiko lotura lantzeko helburua dugu, jendarteari artea iritsarazteko. Funtsean, artisten eta hiritarren, hiriaren eta eraikinen elkarrekintzak, partekatzeak eta harremanak bultzatu nahi ditugu.

Undermount:

Laura Díez argazkilari eta zeramikagilea, eta Marta Fernández Caballero bitxigilea lanerako espazio bila zebiltzan, eta Andrea Apalategui, Óscar Martín eta Patricia Fernández gauzak antolatzeko gogoz ginenez, elkartzea erabaki genuen. Egia auzoko soto moduko bat alokatzekotan genbiltzan, baina taldeko bi Igeldoko areto honetaz oroitu ziren, eta hutsik jarraitzen zuenez, jabeekin hitz egin eta bertan sartzeko baimena eman ziguten. Lan gogorra egin ostean, eta hamaika lagun eta ezagunen laguntzari esker, abenduaren 7an festa handi batekin inauguratu genuen espazioa, zuzeneko musika, dantza, errezitaldiak eta era guztietako efektuak ez ziren falta izan.

Zein motako jarduerak egiten dituzue?


Jazar:
Era guztietakoak, norberak nahi duen proiektua, ideia edo lana bakarrik edo beste norbaitekin landu baitezake hemen. Oro har, hiru motako espazioak bereizten ditugu: komunak, pribatuak eta tailer espezializatuak. Lehenak bazkide guztiek erabili ditzaketen jangela eta sukaldea dira; eraikinaren beheko solairuan daude, eta artista eta bisitarien elkargune dira, sormenerako, harremanetarako, elkarrizketarako eta esperimentaziorako aukera ematen dutelako. Espazio pribatuak, ordea, proiektu artistikoak modu indibidualean garatzeko guneak dira, eta bazkide batek ala talde batek erabili ditzake, pribatuak baitira. Tailer espezializatuak, azkenik, gai artistiko jakin bat garatzeko sortutako espazioak dira. Funtzio artistiko konkretu bat dute, eta edonork erabili ditzake bertan jarduerak antolatzeko. Argazkigintza tailer bat ere izango dugu, Fab-Lab laborategi bat, estanpazioa garatzeko beste bat, eta egurra lantzeko azken bat. Espazioaren banaketa bazkide guztien artean erabaki dugu; horregatik, guk geuk sortutako proiektua da honakoa, gure nahi eta beharrak aldatu ahala egokitzen joango dena. Baita bazkide berriak sartzen diren heinean ere.

Undermount:
Urte osoko agenda prestatzen ari gara, hizketaldiak, irakurraldiak, arte tailerrak, antzerkia, dantza, kirolak, musika, jaiak, zinea eta beste hainbat jarduera barneratuko dituena. Garagardo tailer bat antolatu dugu Burgosko bi artisauren laguntzaz, San Tomas egunean txistorra beganoa eta sagardoa eskaini genituen, erregetako opila egiteko ikastaroa ere egin genuen, baita koadernaketari buruzkoa ere. Víctor Herrero, Skifire, June Calsor, Joseba Irazokik… kontzertuak eskaini dituzte, eta outlet eta bigarren eskuko produktu azokak egin ditugu. Kutxa Kulturren programazioaren baitan, halaber, haurrei zuzendutako sormen tailerrak egin ditugu, eta zenbait igandetan pelikulak ikusi eta haien inguruan hitz egiteko elkartu izan gara, manta azpian bilduta. Datozen hilabeteetan xaboiak, sushia eta poesia egiten ikasteko saioak antolatuko ditugu, ingelesezko elkarrizketak, baita Barzinen kontzertua ere. Etorkizun hurbilean, Olatu Talka jaialdian parte hartuko dugu.