Iñaki Aliste: "Pertsonaiek adina protagonismo duten etxeak marraztea gustatzen zait"

Iñaki Aliste: "Pertsonaiek adina protagonismo duten etxeak marraztea gustatzen zait" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inaki-aliste-pertsonaiek-adina-protagonismo-duten-etxeak-marraztea-gustatzen-zait/@@download/image/inaki_aliste_sl_1367827966.jpg
2013/05/06
elkarrizketa
Irudiak: Iñaki Aliste, Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena
Iñaki Aliste: "Pertsonaiek adina protagonismo duten etxeak marraztea gustatzen zait"
Bazter exotikoenetako medioen arreta piztu du Azpeitiako seme honen zaletasun bitxiak: telesail arrakastatsuetako etxeak behatzen ditu detaileraino, ondoren eskuz egindako plano kasik artistikoetan irudikatzeko.


Sareko irudi bilatzailean "Iñaki Aliste" idatziz gero, apartamentu ezagunen errepresentazio koloretsu eta zehatzez beteko zaigu pantaila. Sukaldea, egongela, pasilloa, logelak... txokoz txoko xehatzen ditu mundu zabaleko familia askorenean telebista gurutzatuta egunero sartzen diren etxeak. Hogei urte eman ditu barnealdeak diseinatzen, baina langabezian dago orain eta iaz modu anekdotikoan hasi zenak egunean hamalau eta hamasei ordu lapurtzen dizkio erraz. "Gaur beste bi enkargu heldu dira... agobiatuta nabil, denbora gehiegi kentzen dit, baina ondo doa negozioa. Orain, hau da nire bizimodua".

Izan ere, gurean bere argazkirik eta erreferentziarik kostata topatu badugu ere, nazioartean ez dira gutxi berrogeita bi urteko azpeitiarraren lanaren berri zabaldu duten hedabideak, eta eskaerak ere hamaika herrialdetatik iristen zaizkio. "Finlandiatik, Malasiatik edota Japoniatik idazten didate, harrituta nago zabalpenarekin", dio. Ez du argazki kamera aurrean jarri nahi eta autoerretratu pare bat bidali digu, Simpson avatar bat ez ezik. Bere aurpegia ez bezala, lehenengoa Interneten eskegi zuenetik, Alisteren sinadura daramaten aleak sonatu bilakatu dira; hogeita bost inguru urtebete eskasean.

Noiz hasi zinen tankera honetako lanak egiten?
Uste dut orain dela laupabost urte egin nuela Frasier telesailekoa, besterik gabe, kapritxo gisa, zalea nintzelako eta, gainera, apartamentua zoragarria iruditzen zitzaidalako; plano batean errepresentatuta ikusi nahi nuen, ideia orokor bat egiteko. Orain dela urtebete arte ez nuen besterik egin, lagun batek, Sex and the City-ren jarraitzaile sutsua, Carrie Bradshawren etxea marrazteko eskatu zidan arte. Gero esan zidan ezin zitzaidala Friends-ekoa faltatu... eta horrela gaur arte. Ez zen planifikatua izan, gertatzen joan da, eta lanbide bilakatu zait.

Oso originala.
Tira, ez dut uste bakarra naizenik munduan. Begira, iragan uda hasieran hau guztia aireratzen hasi zenean, kasik nire marrazki denak erretiratu zituzten Deviantart, RedBubble eta Etsy webguneetatik, copyright salaketaren bat tarteko; denak Frasier telesaileko hori izan ezik. Pentsatu nuen ekoiztetxeek edo banatzaileek aldarrikatutako irudi eskubideen odoriozko zerbait izango zela, eta berriro ere onartzea lortu nuen. Baina berehala kendu zituzten beste behin. Azkenerako, jakin nuen bazela Brandi Roberts izeneko andre bat telesailetako set-en planoak saltzen dituena Fantasyfloorplans atarian, eta berak salatu ninduela bere lanak plagiatu nituelakoan bla, bla, bla... Frasier-ekoaren aurka ez zuen zer eginik bere webgunea martxan jarri baino lehenagokoa zelako. Edozein kasutan, kontu honek dirua eta denbora galduarazi dit. Gainera, plantilletatik abiatuta modu baldar eta sinplean egindako lanak dira bereak, akatsez josiak. Eta, hala ere, ni salatzeko adorea du.

[Gossip Girl, Twin Peaks, Roseanne, Mad Men, The Sopranos, Bewitched, The Simpsons, Golden girls, Sex and the city, Cheers, Frasier, The Nanny, Friends, The Apartment (Billy Wilder, 1960), Psycho (Alfred Hitchcock, 1960), The Party (Blake Edwards, 1968), Down with love (Peyton Reed, 2003), Home alone (Chirs Columbus, 1990), Up (Bob Peterson eta Pete Docter, 2009) eta Breakfast at Tiffany’s (Blake Edwards, 1961) dira Iñaki Alistek oinarri hartu dituen telesail eta filmetako batzuk].

Ikus-entzunezkoak asko gustatu behar zaizkizu... ala?!
Batzuk bai, beste batzuk ez. Oro har, luze jo duten eta amaitu diren telesailetan jartzen dut arreta, eduki duten arrakasta dela-eta beren set-ak ezagun bilakatu dituztelako eta, batez ere, ibilbide luze horri esker etxeetako bazter guztiak erakutsi dituztelako. Dena dela, ez pentsa kapituluak behin eta berriz modu obsesiboan ikusten ditudanik! Filmetako etxeekin ere egin dut lanen bat eta baten batek bideojokoren bateko etxeren bat aipatu dit, baina momentuz horrek ihes egiten dit.

Ustekabean lanbide bilakatu zaizula esan didazu.
Bai. Ez dakit zergatik eskegiko nuen Frasier-eko aurreneko hura... beste zaleekin partekatzeko, suposatzen dut. Pentsa, Deviantartera igo nuen bertan printak saltzen direnik jakin gabe! Beraiek arduratzen dira inprimatzeaz eta saltzeaz, eta egileoi %20 ematen digute. Inongo lanik eta gasturik galdatzen ez didan diru-sarrera da hori, eta gainera, bestelako sare sozialetan ere baditut argitaratuta, eta hauen bitartez jasotzen ditut eskaera gehiago. Ez dakit zenbat iraungo duen honek, baina, oraingoz, bizirauteko lain ematen dit, bizitza sozialik gabe utzi nauten lanaldi amaigabeei esker, jakina. Harrituta nago zabalpenarekin... Sex and The City-ko Carrie Bradshawrena Facebookera igo nuenean, errekorra apurtu nuen 48 ordutan 100.000 ‘Atsegin dut’ jaso zituelako. Eta gero eskaera uholdeak heltzen dira: hamabi Australiatik egun berean, 300 norbegiar jarraitzaile egiten zaizkit bat-batean...

Ze jende mota jartzen da zurekin harremanetan?
Ba, normalean, telesailen jarraitzaile sutsuak, edo hauei zer edo zer pertsonalizatua eta berezia oparitu nahi dietenak. Kamiseta edo taza batek ez bezala, horrelako plano zehatz batek, interpretatzeko gai bazara behintzat, kasik telesailera itzuli, etxean sartu eta interaktuatzeko aukera ematen dizu.

Eskaeren artean, harrigarriren bat?

Harrigarriak baino gehiago, batzuk ezinezkoak. Twilight sagako "dena" eskatu izan didate, edo pertsonaia kuttunaren etxearena, kontuan izan gabe agian eraikina ez dela kapituluetan agertu ere egin. A Game of Thrones moda-modan dago orain, eta askok gazteluak marraztea nahi dute, eraikin puska horiek! Edo Harry Potter-en Hogwarts gaztelua, nahiz eta %1 ere ez dugun ikusi filmean! Gero, tipikoa da helbidea idatzi nahi izatea, edo detaile pertsonalen bat, eta badira hainbat eskaera interesgarri momentuan egin ezin ditudanak baina etorkizunerako zerrenda luze batean apuntatzen ditudanak.

Eta erosle harrigarririk?
Ba, begira, New Yorkeko Guggenheim museoko zuzendaritzako kide batek The Golden Girls-en etxearen planoa eskatu zidan. CSI telesaileko gidoilari batek Friends-eko bat eskatu zidan eta BBCko hiru langilek ere egin zidaten enkargua aldi berean.

Telesailetako zuzendari edo aktoreei bidaliko dizkiezu, ezta?
Orain arte ez zait bururatu... Batek baino gehiagok esan dit Matt Groenning-i igorri beharko niola zer edo zer, baina ez dakit nola iristarazi ere. Gainera, beharbada eurak dira interes gutxien dutenak kasik buruz ezagutzen dituztelako etxeak eta, bestalde, nork daki, nire kontra etor daiteke copyrighten kontura eta abar, beraz...

Oso garesti kobratzen dituzu?
Txikiak 50 eurotan, ertainak 75 eurotan eta handiak 100 euroren truke. Kontuan izanda ale bakoitza marrazteko bakarrik 10 edo 15 orduko lana behar izaten dudala, ez pentsa kontuak borobilegi ateratzen zaizkidanik...

Kontaidazu ba, nola egiten dituzu? Zein da prozesua?
Hasteko, argitu behar dut, urte luzez barnealdeak diseinatu ditudanez, zentzumen espaziala oso garatua dudala eta erraztasun berezia dudala gauzak buruan irudikatzeko; horrek asko arintzen du lana. Nolanahi ere, lehenengo urratsa telesailetako set-en irudiak eskuratzea da eta, horretarako, argazkiak bilatzen ditut eta kapituluak deskargatu ere bai. Baten bat falta bazait edo, adibidez, komuna zein kapitulutan ikus dezakedan jakiteko, bigarren mailako lokalizazioak izaten baitira aztertzen zailenak, foro espezialduetara jotzen dut, eta jarraitzaileek errazten didate informazio hori.

Baina, oso-osorik ikusten dituzu kapituluak?
Ez. Erreproduzitzaile bat erabilita, kurtsorearekin azkar-azkar pasatzen dut kapitulu bakoitza lokalizazioak aztertzeko interesgarriak zaizkidan uneak edo minutuak markatuz. Arratsalde batean egin dezaket aurreneko gainbegiratu hori. Ondoren bai, atzera itzuli eta arretaz begiratzen ditut: distribuzioaren, proportzioen eta dimentsioen inguruko datuak hartzen ditut eta, honekin, lehen eskema bat egiten dut, segidan plano tekniko edo arkitektoniko batean zehazten dudana. Anotazioz beteriko orriz inguratuta amaitzen dut! Ze kapitulutan ageri den pasillo bat edo beste, zeinetan goiko solairua, sukaldea... Hasierako horretatik bigarren plano bat egiten dut, neurriak are gehiago xehetuz eta elementuak gehituz. Benetan, ezinezkoa da hau ordutan neurtzea, batzuetan lastategian orratza bilatzearen parekoa izaten da eta...

Gero behin betikoa marrazten hasten zara, ezta?
Bai. Behin oinarria edukita, berriz ere irudiak begiratzeari ekiten diot, oraingoan altzariei, koloreei, oihalei eta, oro har, apainketari erreparatzeko. Hau konplikatu samarra izaten da denboraldi asko eduki dituzten telesailen kasuan, atrezzoa asko alda daitekeelako urte batetik bestera. Guztia dudanean, bozetoari heltzen diot, eskalan. Detaileak arkatzez perfilatzen ditut ondoren, bolumena har dezaten. Hirugarrenik, tintaz pasatzen dut guztia; tituluak eta helbideak-eta ere idazten ditut orduan. Laugarrenik, koloretan margotzen dut: leihoak, lurra, argiak, itzalak, azulejotako erreflexuak... prozesu luzea da...

... eta beti eskuz.
Beno, batzuetan softwarea erabiltzen dut azken ukituren bat emateko, batez ere renderizatuak oso errealistak izaten direlako... baina eskola zaharrekoa naiz eta eskuz marraztea gustatzen zait. Gainera, iruditzen zait horrela egiteak epeltasun berezi bat ematen diela marrazkiei, plano tekniko eta perfektuek ez dutena. Uste dut, bestalde, jendeak apreziatzen duela, batez ere garaiotan, kutsu artistiko hori.

Zenbateraino heltzen da zehaztasun maila?
Sarera igoko ditudan planoak Din A4 edo Din A3 tamainan egin ohi ditut oso eskaner normaltxoa daukadalako. Aldiz, enkarguz eta poster tamainan –50 x 70 zm– marrazten ditudan horietan, logikoa denez, eskala handiak detaile gehiagorako aukera ematen dit. Hala ere, apartamentuaren edo etxearen dimentsioak ere badu zerikusirik: zenbat eta eraikin txikiagoa, orduan eta eskala handiagoa eta, beraz, errepresentazio fidelagoa. Aukera dudanean behintzat, gustatzen zait altzarien formekin zorrotza izatea, egur tonalitate ezberdinak fidelki islatzea, baita tapizen edo gortinen kolore eta estanpatuak ere; zaleek apreziatzen dituzten elementu eta detaile esanguratsuak txertatzeko ahalegina egiten dut, konplizitate-keinu gisa: esate baterako, Friends-eko terrazako portzelanazko zakurra, edo Holly Golightly-ren gitarra bere etxeko leiho alboan.

Material berezirik erabiltzen duzu?
Ez pentsa! Betikoak: kalitatezko kartulina zuria oinarri gisa, arkatzak eta borragoma, rotringak tintaz pasatzeko, koloretako arkatzak margotzeko, eta agian errotuladoreren bat detaile edo testuren bat gehitzeko. Ikusten duzunez, edonork etxean eduki dezakeen eskola materiala da.

Imajinatzen dut makina bat huts edo gazapo harrapatuko duzula kapituluak behatzen...
Pfff! Logeletako ate askoren atzean hormak besterik ez daude, leihoak agertu eta desagertu egiten dira... Hala ere, hankasartze handienak animazio munduan ikusi ditut. Adibidez, Simpson familiarenean, goiko solairuko logelak etengabe aldatzen dira lekuz eta sotora daraman eskailera non dagoen edo nondik ateratzen den ere ez dago argi. Hortaz, marrazteko, erabaki arbitrario asko hartu behar izaten ditut, nahiz eta gero zale batzuk kexatu egiten diren; batzuk taliban modukoak dira eta ez zaie buruan sartzen telesailak asmatuak direla eta kontraesanak etengabeak direla. The Flintstones familiaren etxea egin nahiko nuke, baina izugarrizko alperkeria ematen dit pentsatzeak kanpotik roulotte tamaina duen etxea ikaragarri handia dela barrutik... oso dekoratu koherente gutxi dago, zinemarako moduan grabatzen diren horiek salbu.

Aizu, atentzioa eman dit aukeratzen dituzun telesail guztiak Estatu Batuetakoak direla. Zergatik?
Tira, agerikoa da ekoizpen estatubatuarrek menderatzen dituztela telebista parrillak, eta telesail hauek mundu zabalean ikusten dira; bere garaian, Friends edo The Golden Girls bezalakoak ia pop kulturaren elementu bilakatu ziren. Aldiz, izendatuko zenidake Portugalgo edo Sueziako produkzio arrakastatsuren bat? Tristea da baina TV movie txekiar batean oinarritutako planoek Txekiar Errepublikan bakarrik edukiko lukete arrakasta –eskaera jaso berri du bertan ia-ia sinbolo nazional bilakatu den telesail baten gainean egiteko lan–, aldiz, The Big Bang Theoryk mundu osoan ditu zaleak, eta horiek erosle potentzialak dira.

Eta etxeak ze irizpideren arabera aukeratzen dituzu?
Eraikin ikoniko eta enblematikoak bilatzen ditut, jende askorentzat hurbilekoak edo kasik familiakoak direnak, egunero-egunero beren bizitzetan sartzen direnak. Ez zait axola politak ote diren ala ez eta, filmeen kasuan, ia-ia pertsonaia bat gehiago diren etxeak marraztea gustatzen zait, The Apartment-ekoa edo The Party-koa kasu.

Gurean ere badira etxe enblematikoak; ‘Aupa Etxebeste!’ (Asier Altuna eta Telmo Esnal, 2005) filmekoa datorkit burura, adibidez. Marraztuko zenuke?

Euskal Herritik oraindik ez dut enkargurik jaso, baina planteatu liteke, noski. Espainiatik bai, Tele5 kateko La que se avecina-koak jarri dira nirekin harremanetan, uste dut webgunean eskegitzeko nahi dituztela. Eta Sony Pictures-etik ere idatzi didate, Breaking Bad eta House of Cards telesailen DVD edizioaren harira.

Hasiera-hasieran kontatu dizkidazu Fantasyfloorplans atariko jabearekin izandako gorabeherak. Zuk babestu al dituzu zure lanak?
Orain arte ez dut jakin nola egin eta dirurik ere ez dut eduki, baina bai, erregistro pertsonalarena abiatu dut eta copyright sasi-erregistroarena ere bai.

Hainbesteko lanak jaso al du errekonozimendurik?
Ez dut errekonozimendu bila egiten. Webgune batzuetan, hori bai, laudorioz betetako artikuluak argitaratu dituzte, eta sare sozialen bitartez ere nire ego zaurituari bultzadatxo bat ematen dioten iruzkin baikorrak iristen zaizkit. Baina ez dut askoz gehiago espero. Nire herrian, Azpeitian, dominaren bat jasotzeko sasi-balentriaren bat egin behar duzu kiroletan, gero alkateak hartzen zaitu eta, asko jota, El Diario Vascoko Azpeitiko kartan agertuko zara. Baina oso gutxi mugitzen naiz eta... batez ere, ez dut uste egiten dudanak meritu handia duenik. Ez dut uste artea denik ere; akaso artisautza? Edo Sarean aurki daitekeen gauza bitxi bat, baten bati, zuei adibidez, interesa dakiokeena.