Ines Bengoa: "Entzuteko arazo gehiago dago kontatzeko baino"

Ines Bengoa: "Entzuteko arazo gehiago dago kontatzeko baino" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ines-bengoa-entzuteko-arazo-gehiago-dago-kontatzeko-baino/@@download/image/ines_bengoa_1_1370522193.jpg
2013/06/10
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena
Ines Bengoa: "Entzuteko arazo gehiago dago kontatzeko baino"
Kontalari profesional honek edukitzen duen publikoak ez darama pardelik; helduei zuzentzen dizkie ipuinak.


Ahozko narrazio saioak ez ezik, gorputz komunikazioa lantzeko tailerrak, antzerkia, gidatutako bisita antzeztuak eta adierazkortasunarekin zerikusia duen ia guztia probatu eta egiten du Ines Bengoak (Santa Cruz de Tenerife, 1973). Parekidetasunaren auziarekin beti konprometituta, Zer daramagu emakumeok poltsoan? ipuin sortarekin dabil orain batetik bestera.

Ipuingintzaren eta helduen artean bakea bideratzeko ardura sentitu duzu, ala ez da hain zaila egiten duzuna?
Egia esateko, helduentzako ipuinak kontatzen hasi nintzenean ez nekien oso ondo ze harrera izango zuten; egitea erabaki nuen nik helduei hitz egiteko gogoa nuelako. Egia da oso leku gutxitan prestatzen dituztela tankera honetako programazioak, eta uste dut horregatik ez direla hurbiltzen, ez dagoelako ohiturarik; ez dut uste ez zaizkienik ipuinak gustatzen. Are gehiago esango nuke: lehenengo aldiz etortzen dena gehiago ikusi eta entzuteko gogoz ateratzen da.

Zertan desberdintzen dira umeei zuzendutako kontakizunak eta beste hauek?
Gaia, kontatzeko modua, erabiltzen den hizkera eta hiztegia izan daitezke bien arteko desberdintasun nabarmenenak. Dena den, badira ipuin batzuk adin tarte zabala onartzen dutenak eta, kontatzeko modua moldatzen bada ere, ipuin bera oparitu diezaiekezu haur eta helduei.

Edozein kasutan, ze osagarri bildu behar ditu, zure ustez, ipuin on batek?
Helburu bat bete nahi duen protagonista ezinbestekoa da, gatazka ere behar da, eta bukaera argia eta zehatza izan behar du istorioak. Hori dena, noski, kontaketa erritmo egokiaz lagundu behar da.

Eta kontalari trebeak?
Kontalariak  jarrera irekia izan behar du entzulegoarekiko, entzuteko giroa sortu behar du eta kontatuko dituen istorioak maite behar ditu ipuinak    behar duen pasioa transmititzeko.

Zein da zuk bezala ipuin kontalari profesionala izan nahi duenaretzat formakuntza egokia?
Niri behintzat asko lagundu zidan antzerkigintzan aritzeak. Hala ere, ipuin kontalari guztiak ez datoz mundu horretatik, batzuk hitza maite dutelako ari dira honetan, eta oso ondo gainera. Beraz, nik uste dut ahozkotasuna lantzen duen ikastaroren batean formatzea oso lagungarria izan daitekeela. Edo ipuin kontalari tailerren bat, idazkera lantzekoren bat, antzerki tailerra adierazkortasuna askatzeko… Eta beste kontalariek nola egiten duten ikustea ere oso gomendagarria iruditzen zait, ikusle izanda ere asko ikasten delako. Eta gero, aritzea jakina, ondo kontatzeko kontatuz praktikatu behar baita.

Emakumeok poltsoan daramagunaz hizketan zabiltza azken aldian. Zer daramazu zuk?
Buf! Gauza pila bat! Ene! Ni neu ere harritu nintzen poltso barruan begira hasi nintzenean. Baina esaten ahal dizut hor daramadan gauza bakoitzak istorio bat duela atzean, eta hori dela saioan kontatzen dudana.

‘Berdintasuna Maite Dugulako’ ipuin saioa ere ari zara mugitzen, koedukazioaren aldekoa. Zer kontatzen duzu?
Bai, haurrei zuzendutako saio hau Emakumeen Nazioarteko Egunerako eskatu zidaten eta, osatzeko, nork bere buruari zor dion errespetuaz hitz egiten duten istorioak bilatu nituen, iruditzen zaidalako hortik hasi behar dugula besteekiko errespetua ere zaintzen. Beraz, horretaz aritzen naiz, baina beti umore kutsuarekin, ez dudalako inor aspertu nahi eta, gainera, umorea ezinbestekoa delako bizitzako gauza serioei buruz hitz egiteko.

Kontalari ala entzule hobea zara?
Buf! Ez dakit nik neuk balora dezakedan hori, dena den esaten ahal dizut entzule ona naizela. Entzutea biziki gustatzen zait, istorio on bat kontatzen didaten artean.

Eta, oro har, kontalari ala entzule hobeak topatzen dituzu kalean?
Esango nuke, kalean, entzuteko arazo gehiago dagoela kontatzeko baino. Denoi gustatzen zaigu gertatu zaigun zerbait kontatzea, baina adi entzutea ez da hain erraza.

Kostatzen da publiko heldua ipuin emanaldi batera erakartzea?
Hasieran esan bezala, programazio eskasa dago eta ohitura falta handia. Horretaz aparte, helduoi kosta egiten zaigu guretzat denbora bilatzea. Baina hau, zinez, modu ezin hobea da gure buruarekin egoteko eta lagunekin tarte atsegin bat konpartitzeko. Probatu, eta esango didazue!