Iosu Isaias: "Isuo Sasiiaren sorkuntzak askatasuna ematen dit"

Iosu Isaias: "Isuo Sasiiaren sorkuntzak askatasuna ematen dit" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iosu-isaias-isuo-sasiiaren-sorkuntzak-askatasuna-ematen-dit/@@download/image/iosu_dikoitza_1409661038.jpg
2014/09/08
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @annieSdelMono
Iosu Isaias: "Isuo Sasiiaren sorkuntzak askatasuna ematen dit"
Zarauzko Putzuzulo Gaztetxearen jaiotzak herriko hainbat gazte musika
taldeak sortzera animatu zituen 2005etik aurrera. Garai hartan sortu zuten
MKT taldea, eta abeslari Iosu Isaiasek (Zarautz, 1987) bakarko bideari ere
ekin dio, Isuo Sasiia izenpean. Bakarlari soil eta intimistak
laster plazaratuko du bigarren diskoa.


Noiz hasi zinen musika jotzen?

Hamasei urterekin hasi nintzen ni baino zaharragoa den amaren gitarra batekin. Berak gaztetan gitarra jotzea atsegin zuen, eta abandonatuta zuen instrumentua berpizteko nahiak bultzatu ninduen. Betidanik sentitu izan dut musikarekiko kuriositatea.

Zure lehenengo taldea MKT izan da. Nola sortu zen talde hori?
Beste asko hasi ziren bezala, gu ere institutuan hasi ginen talde bat sortzearekin amesten, eta halaxe egin genuen. Zarauzko gaztetxearekin harreman estua geneukan, izan ere, MKT sortu genuen urte berean jaio zen Putzuzulo. Herriko gazteen artean kristoren giroa zegoen, gauzak egiteko gogo handiarekin geunden denok eta gure adineko jende askok sortu zuen taldea. Jotzen apenas genekien orduan; nik gitarra kaskar jotzen nuen eta Ikerrek (baxu-jotzaileak) esate baterako lokalean hartu zuen instrumentua aurrenekoz. Bateria-jotzaileak, Gorkak, Inorrez taldean jotzen zuen.

Gogo handia bai, baina ezjakintasunetik abiatu zineten, beraz. Zenbat kostatu zitzaizuen diskoa ateratzea?
Asko. 2009an atera genuen aurreneko diskoa; bost urte baino gehiago behar izan genituen.

MKT taldean zenbiltzan bitartean zure bakarko proiektuari heldu zenion. Nola jaio zen Isuo Sasiia?
Modu naturalean jaio zen Isuo. Nahiz eta lokalean MKTkoekin jotzen jarraitu, etxean gitarra espainola jotzen eta kantatzen segitzen nuen. Asko gustatu izan zaizkit beti kanta soilak. MKT baino beranduago hasi nintzen Isuo Sasiia bezala, agian, beranduago ausartu nintzelako jende aurrera ni bakarrik ateratzera.

Ausardiaz ari zarela, Isuo Sasiia zer da, Iosu Isaias askatzeko maskara bat?
Bai, izan daiteke. Izena horrela jarri nion, nire buruaren transformazio bat delako, nire gauzak beste modu batera espresatzeko. Nire izaeraren beste espresio bat da. Isuo Sasiiaren sorkuntzak askatasuna ematen dit.

Isuo Sasiiak nola sortu zuen bere lehenengo diskoa?
Abestiak sortzen nindoan, eta denek zuten antzekotasun estrukturala. Denbora luzez aritu nintzen, eta orduan joera nuen gizartean pentsatzeko, inguratzen gaituen mundu honetan. Egia esan buelta dezente ematen nizkion, eta hori da diskoan zehar islatzen dena.

Aurreneko diskoan zure kezkak bihurtu zenituen letra. Bigarrenean?

Disko kontzeptualagoa da, ideia zehatz batetik abiatu zelako. Liburu batean deskubritu nuen txinatar poema sorta bat, hamar poemak osatua: Idiaren zaintzari buruzko hamar estanpak. Ikusi nuen horrekin disko bat egiterik bazegoela, baina ez nekien gai izango ote nintzen hain hertsia den abesti segida bat egiteko. Abesti solteak egin nituen, eta diskoa pixkanaka osatzen joan zen. Abestiek moztuta dagoen haria osatzen dute, alegia, baten bukaera hurrengoaren hasiera da.

Eliarekin (txirularia) kolaboratzeko aukera nola sortu zen?
Zarauzko Gaztetxean ezagutu nuen. Bera valentziarra da, eta Zarautzera etorri zen bizitzera. Arraio irratia ezagutzeko gogoa sartu zitzaion, eta lagun batzuekin ni irratian nengoen egun batean agertu ziren. Deskubritu genuen biok musikariak ginela, ni momentu horretan diskoa sortzen ari nintzen eta iruditu zitzaidan zeharkako txirula oso ondo geratu zitekeela. Ez neukan pentsatuta beste musikaririk agertzerik, baina bera ezagututakoan proposatu egin nion, eta ideia gustatu zitzaion. Elkartu ginen eta berez atera zen. Oso emozionantea izan zen.

Lehenengo diskoan gitarra eta akordeoia entzun genituen. Bigarrenean, aldiz, gitarra eta zeharkako txirula izango dira protagonista. Eta ahotsari dagokionez, lehenengoan bezala, zure amama kantatzen entzungo dugu?
Kar-kar-kar. Ez, oraingoan ez da azalduko. Aurreko diskoaren bukaeran abesten nuen kanta zati bat berak irakatsitakoa zen, eta horregatik bururatu zitzaidan bera kantatzen eta esaldiren bat esaten jartzea. Baina oraingo honetan ez, eta pena ematen dit egia esan. Baina ez dakit nola sartu amona disko honetan! Hurrengorako utzi beharko dugu.

Zure musika autoekoiztua da, eta gainera, disko fisikoak eskuz lantzen dituzu, pieza bakanak dira. Beste bideren bat jorratzerik pentsatu duzu?
Egia esan, ez da hautu kontzientea izan. Esan bezala, niretzat erreferenteak Zarauzko gaztetxean ibiltzen diren taldeak dira, eta hona leku askotatik heldu da jendea DIY filosofiarekin. Beti gustatu izan zait disko formatu estandarretik ateratzea, hau da, eskuz egindako gauza singular eta bereziak lantzea. Asko atsegin ditut etxean egindako gauzak, bai edizioa, baita grabaketak ere; sortzailea bere etxean horretan lanean imajinatzen dut, eta kontzeptua asko gustatzen zait, oso natural eta espontaneoa da.

Non zaude erosoago, musikari bezala edo poeta moduan?
Espresatzeko momentuan biek egiten dute topo puntu batean. Bai letrak, bai musika, espresatzeko modua dira. Nire buruarentzako zaila da ezberdintzea. Idazten dudanean ez naiz abesti batean pentsatzen ari, baina amaitzen dudanean pentsatzen dut: "horri, doinu hori doakio". Jende aurrean agertzen naizenean musikaria naizenez horrekin identifikatzen naiz gehiago, baina poesia ere idazten dut.

Etorkizunerako zein asmo duzu?
Orain arte bezala jarraitzea. Disko berria nahiko prest daukat, eta oraintsu bezala jarraitu nahi dut: ilusioarekin kanta berriak egiten jarraitu, sortu eta hortik zehar musika jo, jende berria ezagutu… Eta MKTrekin ere badugu asmoa zerbait berria egiteko.