Itsaso Gutierrez (ON): "Musika indarra da niretzat"

Itsaso Gutierrez (ON): "Musika indarra da niretzat" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itsaso-gutierrez-on-musika-indarra-da-niretzat/@@download/image/10380968_691918_1418044148.jpg
2014/12/08
elkarrizketa
Saioa Baleztena / @SaioB
Itsaso Gutierrez (ON): "Musika indarra da niretzat"
Durangoko Azokaren azken txanpan murgilduta, eta auto ekoizlearen plazan lau egunez egon ondotik, arratsaldeko 17:00etan aurkeztuko du gaur ON taldeak ‘Zein’ bilduma berria.


2012an sortu zenuten ON, baina nola suertatu zen?
Jauko bariken taldea utzi nuenean Keike eta Xarma taldeetan gitarra jotzen aritu nintzen urte batzuetan, baina, etxeko txokoetan nireak askatzeko abestu ohi nuen, eta horietako hainbat kanta kaleratzea erabaki nuen. Gitarra jotzeaz gain, beti izan baitut doinuei hitzak jartzeko premia, eta musikari hitzak idazteko irrika.

Zertan aldatu da taldea sorreratik hona?
Heldutasunean. Lan handia egin dugu disko hau prestatzen. Ekhi eta Ekaitz musikari bikainak dira. Arduratsuak eta inplikatuak. Pasio handiz bizitzen dugu hirurok ON. Eta itsaso berean nabigatzen dugu, korronteen kontra baina elkarrekin.

Zertan desberdintzen da ON aurretik aritua zinen taldeetatik?
Jauko barik talde gaztea zen, hasiberria eta inozentziaz betea. Bederatzi urtez aritu ginen Euskal Herriko ehunka txokotan eta Europatik bi bira egin genituen harrera ezin hobeaz. Gogorra egin zitzaidan oso, taldearen desagertzea, baina aurrera egin nuen, eta gitarra jotzen Keikerekin aritzeko aukera suertatu zitzaidanez. Ederra izan ziren ere urte horiek. Oso Keike zalea nintzen garai hartan eta plazer handiz hartu nuen aukera hura. Haren amaieran, ibilbide laburra izan zuen Xarmarekin aritu nintzen, vaina niretzat ON ezinbestekoa izan da. Nirea niretzat defendatu behar dudala erakutsi didan taldea baita. Nire beldurrak, konplexuak eta kezkak alboratu eta ditudan gogoak, desirak eta beharrak asetzeari ekiten lagundu didana. Musika  indarra da niretzat. Ausardia, borroka, aldarria eta hitza.

2012an kaleratu zenuten zuen lana, eta orain, oker ez banago, bigarrena. Nolakoa izan da azken lanaren grabazio prozesua?
Xanperekin Koba estudioan egin dugu bigarren lan hau ere. Grabazioa arina izan zen,  ilusio handikoa. Xanperekin lan egitea gauza handia da. Pasioz ONkidetzat hartzen du bere burua. Kantak ulertu, sentitu eta barneratzen ditu. Eta bihotzez murgiltzen da egiten duen lanaren emaitzan. Oso pozik gaude egin duen lanarekin.

Zuen musika rock melodikotik abiatzen da, baina zein izan dira zuretzat erreferentzia nagusiak?
Erreferentzia ugari ditut, ziur asko. Anitza da entzuten dudan musika, estilo, hizkuntza, mezu eta generoari dagokionez. Instanteak eta nire barne gogoak agintzen du horreta. Izan ohi dut barruak ukitzen didaten kantekin berezko obsesio bat, eta  horiekin jira eta bira aritu naiteke...

Aurtengo gune berria da auto ekoizlearen plaza eta hantxe izango dira zuen diskoak salgai lau egunez. Nola baloratzen duzu gune berri honen sorrera?
Aukera ona da lanak autoekoizten ditugunontzat. Durangoko azoka, euskal kulturaren azoka plazaratzeko gune bada, ezinbestekoak dira egun alternatiba berriak bilatzea eta eskaintzea. Bertan, gutxi batzuk gauden arren, Musikazuzenean standean badira autoedizioaren apustua egin duten hainbat talderen lanak. Merkatu eskaintza aberatsa dugularen seinale, eta harro egoteko arrazaoirik ez zaigu falta!
 
Nola baloratzen duzu zuk euskal musikaren zirkuitua?
Talde ugari jaiotzen dira baina bideari ekiteko oztopo ugari daude. Ohiturak aldatu direla esango nuke, eta kontzertuak eskaintzeko erraztasun gutxi daude. Ezagunak ez diren taldeak ikustera joateko joera gutxi dago. Kanten zaleak bihurtzen ari gara, eta ez taldeen zale!