Itziar Ziga: “"Puta izatea lanbide bat da, eta txiroontzako ez da lanik txarrena”"

Itziar Ziga: “"Puta izatea lanbide bat da, eta txiroontzako ez da lanik txarrena”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itziar-ziga-quotputa-izatea-lanbide-bat-da--eta-txiroontzako-ez-da-lanik-txarrenaquot/@@download/image/2009941587itzia_1362569573.jpg
2009/09/04
elkarrizketa
Lander Garro
Itziar Ziga: “"Puta izatea lanbide bat da,  eta txiroontzako ez da lanik txarrena”"
Itziar Ziga urdanga da, puta eta, batik bat, feminista. Errenteriarra izan arren, Bartzelonan bizi da azken urteotan eta hango feministekin elkartzen da, probokazioa armatzat hartuta, generoaren erruz baztertutakoen eskubideen alde lan egiteko.


Taberna batean zerbitzari aritzen da auzo txinatarrean, eta duela gutxi liburua plazaratu du: Devenir perra (Urdanga bilakatzea). Liburuaren aitzakian Euskal Herrian izan da Itziar, amaren etxean, Iruñean. Cafe Vienes tabernan elkartu gara. 

Zer moduz Sanferminetan?
Lanean aritu naiz lagun batzuen tabernan. Aspaldi ez nuen horrenbeste egunez hemen egoteko aukerarik izan, eta oso ongi ibili naiz. Ez dut parranda askorik egin lan egin behar nuelako, baina tira.

Dibertsioaren zentzu iraultzailea defendatzen duzu, ezta?

Noski! Gehien aldarrikatzen dudan gauzetako bat da. Sistema patriarkalak eta kapitalistak, gu baztertzeaz eta zokoratzeaz gain, sufritzea eskatzen digu. Sistemari aurre egiten badiogu, ordaindu egin beharko dugu: dela kartzela, dela txirotasuna, bortizkeria, zorigaitza, samina, paranoia… Nire nortasunak, ordea, gozatzera narama. Uste dut geure mendekurik onena ongi pasatzea, gozatzea, dela; eurek baino gehiago gozatzen dugula erakustea.

Astean zehar edozein egunetan goizeko ordu txikitan etxeratzea oraindik ere gaizki ikusia izatea sinestezina da.

Alde batetik 'arauaren' ikuspegitik dago gaizki ikusia, artaldetxoaren barruan egon beharra baitaukagu, eta artaldeak ongi pasatzen duenean bakarrik egin baitezakegu parranda: lan egun batean goizeko ordu txikitan azaltzen bazara, pertsona kaskarra zara, eta langile eskasa. Bestalde, gerlari txarra zara, mugimendu iraultzailearen ikuspegitik ere.

Nolabait, borrokaren ardiak izatea eskatzen zaigu. Bizitza galtzen dugula iruditzen zait, eta hori oso kontuan hartu behar dugu, boterea beti saiatu baita guri bizitza zapuzten. Borroka guztietan beti izan dira korronteak, oso matxinoak, gudaren baitan ongi pasatzen saiatu direnak. Gu izorratzen saiatzen badira, ez dezagun behintzat gozatzeko eta barre egiteko gaitasuna galdu. Euskal Herrian zehazki oso premiazkoa ikusten dut hau, 'gudarien etikaz' oso bustita gaudelako. Maritxuen mugimendua, adibidez, beti hartu izan da fribolotzat, eta ez da horrela; argi esaten dute euren generoa hankaz gora jarri izanagatik ez direla malko putzu batean biziko.   

Borroka gauza serioa da, ordea.

Bai, baina seriotasunak ez du suminduta egotearekin zerikusirik. Nire lagun batek esaldi bat esan zidan behin, oso barruan geratu zitzaidana: "Eskola garaian Elizaren errepresioa jasan izanagatik beti kexaka dabiltzanak garaituak dira". Eta egia da, hura pairatu eta 20 urtera orduan gertatua deitoratuz jarraitzen baduzu… Alegia, handik atera behar duzu eta plazerrarekin lotzen dugun erruduntasuna uxatu. Geure festa, geure mozkorkeria, geure sexua; horixe da daukaguna. Botereari gu gozatzen ikusteak egiten dio min, eurek ez baitute gozatzeko gaitasunik.

Feminismo femeninoa da zeure liburuaren zutabeetako bat; zertan datza?

Liburuan aipatzen den muturreko feminitatea, nolabait, parodikoa da; zikina, putena, vedetteena, sasietakoa, txiroa, ez Chanel-ena, ez ibiltokietakoa. Gu garenaren erretratua egiten dut, eta aldarrikatzen dut hauxe izan daitekeela borrokarako modu bat. Ez dut esan nahi gure izaera feminismoaren barruan beste izateko modu batzuen gainetik dagoenik. Neska gaiztoek, putek, transexualek, luma askoko maritxuek, horiek guztiek badute feminitate bat ez duena inork aldarrikatzen, ez aintzat hartzen. Baina ez dezala inork nik diodana bueltan datorren korronte sasi-feminista horrekin nahasi, zeinaren arabera feminismoak min handia egin zuen, emakumeen feminitateari eraso egin ziolako… Mesedez! Emakume batzuk borrokan ibili diren urte hauetan, beste emakumeak senarrei mahai gainean bazkaria jartzen ibili dira! Feminitatea aldarrikatzean, muturreko eta bazterreko feminitateaz ari naiz; egin kontu, geure mugimenduaren bidaide nagusiak marimatxoak direla…

`Marimatxoak´ aipatzean, gizonez janzten diren neskez ari zara; ez al da bitxia gizonen aurka egiteko gizonez mozorrotzea?

Nik marimatxoen ausardia defendatzen dut, guztioi ateak ireki dizkigulako. Alde guztietatik iraindu dituzte, desbideratutzat eta okertzat hartu dituzte. Bestetik, gizonezkoen indarkeria pairatu behar izan dute, gizonezkoak marimatxoen aurrean oso mehatxatuta sentitzen direlako, aurrean daukaten emakumeak boteredunaren zeinuak bereganatu dituelako. Denetik dago, noski, genero aldaketan hain urrun joan izanagatik gizonaren zerak bereganatu dituztenak barne. Baina zure galderari erantzunez, esango nizuke niri gehien gustatzen zaidana dela taberna batean sartu eta benetan denetik dagoela ikustea, bakoitzak nahi duen bezala eramaten duela bere feminismoa eta guztiok barku puta beraren barruan gaudela. Elkarri harriak botatzen hasten bagara, sistema, patriarkatua, Eliza, boterea, gobernua, horiek guztiak lasai geratzen dira, lana aurrezten baitiegu.

Liburuan jorratzen duzun beste gaietako bat bortizkeria da.

Ezingo nuke feminismoaz hitz egin bortizkeriaz hitz egin gabe, nire etxean bortizkeria giroa izan bainuen. Nire aita bortitza zen, eta, beraz, emakume guztiek bezala, nolabaiteko bortizkeria pairatu dut neuk ere. Oso emakume gutxi ezagutzen dut bortxaketaren bat, edo bortxaketa saiakeraren bat, edota erasoren bat pairatu ez duenik. Hala gizarteratzen gaituzte gizon-emakumeok, hala izorratzen gaituzte. Baina muturreko emetasunera itzuliz, ezin nuen putekiko bortizkeria ahaztu, izan ere, neska bat oso femeninoa denean, nolabait, bere burua biktima gisa seinalatzen du. Itxura hau daukazu, generoaren barruan hala kokatzen zara, beraz, haren bortizkeria pairatuko duzu, eraso egingo dizute. Feminismoaren barruan muturrera eta putatasunera jotzen dugunok, honenbestez, bortizkeriaren aurrean izan beharreko erantzunak oso garatuta dauzkagu, halabeharrez, ez dugu beste erremediorik izan. Muturreko femeninotasuna izatea, hala azaltzea, eta hala azaltzeko aukera defendatzea arazo iturri handia da. Eta, beraz, irtenbide modu ugari ezagutzen ditugu. Liburuan irtenbide horietako zenbait jaso nituen, halako esperientzia ugari. Konturatzen bazara, oso gutxi ikusten dugu jendarte honetan bere burua defendatzen duen emakumea. Baina bada halakorik, eta ongi dago emakume guztiok ikas ahal izatea.

Gauez defendatzeko moduak, adibidez...

Bai, jakina! Gauaren defendatzaile sutsua naiz. Asko gustatzen zait gaua. Iruñeko apezpikuak duela hainbat urte esan zuen emakumeak irratiko arrosarioaren orduan itzultzen zirenean ez zituztela kaletik bortxatzen. Baina hori gezurra da, euren etxeetan bortxatzen zituzten, euren aitek eta senarrek. Emakumeak gauez ibiltzeko eskubidea defendatu behar du; bere askatasun esparrua bezala. Gauez ibili nahi badu, ibil dadila. Gaua oso ederra da, eta milaka arrazoi egon liteke kalean egoteko. Bada, hori egiten baduzu, kaletik ibiltzea erabakitzen baduzu, eraso egingo dizute. Are gehiago gona motzez bazoaz, edo ile horia badaukazu. Oso ekintza arriskutsua da eta, beraz, erresistentzia ekintza. Orduan, hori egiten duenik badela jakinda, konta dezala, zabal dezala.

Emakumeenganako indarkeriak dozenaka aurpegi ditu, ordea.

Zalantzarik gabe! Gure bizitzan etenik gabekoa da. Eta indartzeko estrategiak garatzen ditugu, bai norbanakoontzat eta baita taldearentzat ere. Eta honetaz hitz egin behar dugu.

Azken urteotan emakumeenganako bortizkeriaren inguruko jarrera ofiziala asko aldatu da, asko erabili da politikoki; feminismoaren baitan ere, arazo honekin amaitzeko asko hitz egiten da poliziaz, kartzelaz... ezkerreko ikuspegitik, ez al da kontraesankorra?

Niri beldurra ematen dit, eta, hain justu, nire hurrengo liburua honen ingurukoa izango da. Emakumeenganako bortizkeria politikoki erabiltzen dute, eta hori jasanezina da. Politikariek bakarrik biktima gisa nahi gaituzte ikusi eta, horrela euren kontrol mekanismoak areagotzen dituzte. Nik esango nuke feminismoa honi begira dagoela, erne dagoela, zelatan. Lotsagarria da zein gutxi hitz egiten den emakumeon defendatzeko gaitasunaz. Zergatik ez dute eskolan autodefentsa irakasten? Harrigarria da! Emakume asko untxiak bezala hiltzen dira, eta askotan erakutsi dugu emakumeok heriotzaz libratzeko zerbait gehiago egin dezakegula. Emakume askok lortu du gizonen baten atzaparrei ihes egitea. Teknika ugari garatu dira azken 40 urteotan. Baina emakumeei helarazten zaie aldamenean polizia bat izanda egongo direla benetan salbu... Polizia bat! Arren! Noiz izan dira poliziak emakumeontzako inolako laguntza!

Gai honetaz komunikabideetan horrenbeste hitz egiteak badu alde onik?
Bai, badu. Nire etxean halakoak gertatzen zirenean inork ez zuen horretaz hitz egiten. Erabateko isiltasuna zegoen. Ikusten duzunean halako jarrerak ez direla sekula salatzen, ikara sentitzen duzu, terrorea. Orain, ordea, asko hitz egiten da, baina gaizki. Bigarren mailako biktimizazioa egiten ari dira, lagundu beharrean; gizarte zerbitzuetara edo poliziara jo eta ezgai bazina bezala tratatuko zaituzte,  ume bat bazina bezala. Transmitituko dizute zuk ezin duzula ezer egin, sasikume hori zu erailtzera noiz azalduko itxaron besterik ezin duzula egin. Horri bigarren mailako biktimizazioa esaten zaio. Bitan erasotzen dizute.

Emakumeen aldeko gizon "heroi" asko agertu da azken aldian...
Bai, gogoratu zaitez Neira maisuaz (Neirari ez diote iturgin esaten, maisu esaten diote; hori ere adierazgarria da). Gizon honek emakume bat defendatu zuen. Hala da, eta hala onartu behar dugu. Asko pozten naiz osatu izanagatik. Hau esanda, zera galdetu nahi nuke: zenbat emakume defendatu behar izan dira gizon baten erasoaren aurrean? Milaka! Baina heroia bera da, Neira jauna! Zergatik? Zergatik ez da hitz egiten egunero euren burua defendatzen duten emakumeez? Nire liburuan aipatzen dut kasu deigarri bat. Joan zen gizon bat bere emazte ohia erasotzera aizkora batekin, eta emakumeak labanaz akabatu zuen. Nor da emakume hori? Ez dakigu. Ez dugu hartaz ezer entzun! Saiatu naiz han eta hemen galdetuz emakume haren berri izaten, baina ez dut ezer aurkitu. Akaso auzipetu egin zuten. Begira zenbat orri bete dituen Neira maisuak, emakumeen salbatzaileak, eta zenbat bete dituen emakume honek. Eta ez ahaztu eredu ona dela, izan ere, senar ohia hil ez balu, bera zatekeen hildakoa! Orduan bai, orduan agertuko litzateke telebistan! Gaixotu egiten nau honek guztiak: gizonek erasotzen gaituzte, eta gizonek defendatzen gaituzte... ezin dugu geure bizitzaren protagonista izan!

Zergatik esaten diozu zure buruari urdanga?

Iraina geureganatzeko modua da, batetik. Geure buruari emagaldu, urdanga, puta esaten diogu. Badago joera bat pentsatzeko matxismoaren atzaparretatik libratzeko puritanismora jo behar dugula, ia moja bilakatzeraino, sexualitatea gizonen kontua balitz bezala. Guk ez al dugu bada sexualitaterik? Geure buruari urdanga esanda, geure desira aldarrikatzen dugu, geure dibertsioa, eta geure amorrua, baina ikuspegi alproja batetik, zikina, lohia, muturrekoa eta txiroa, ze urdanga batek ezin du pija izan, urdangak auzoetakoak gara, mugaldekoak.

Zeure liburuan aipatzen duzu urdanga bilakatzea etxean bizi izandakoaz libratzeko modua izan zela; orduan bizitakoaz libre sentitzen al zara orain?

Bai. Ez dut traumatik hitz egiten, gainditu izanaren amorrutik baizik. Txikitatik ikusi izan dut banpiresa itxura hau liberatutako emakumearena bezala, bere patua erabakitzen duen emakumearena bezala. Etxean gizon batek bortizkeria giroa sortzen duenean, berak erabakitzen du noiz egingo duzun barre eta noiz negar. Hortik ateratzeko, emakumeak aske izan daitekeela ikasi behar du. Nik sentitzen dut emakume markatua naizela, baina horretaz harro nago, gauza txarrak positibo bihurtzen ditudalako, nire alde erabiliz, ez nire kontra. Nik bortizkeria antzemateko sena oso garatua daukat,  eta ez nuke ezergatik aldatuko. Hori bortizkeria asko ikusita ikasi dut, noski.

Eta zure ama, libratu al da?

Nik uste nire amak baduela barruan zerbait esperientzia hartatik salbu geratu zena, ukitu gabe. Badirudi barrutik lizundu ezina dela, garaiezina. Beregandik asko ikasi dut. Lortzen du ongizate burbuila batean bizitzea, eta garrantzitsua da hori.

Liburua irakurri al du?

Bai, asko gustatu zaio. Oso pozik dago nik liburua idatzi izanaz, eta berari eskaini izanaz. Hasiera batean galdetu nion ez ote zen ezeroso sentitu gure etxeko kontuak haizatu izanagatik eta erantzun zidan etxeko kontuak nireak ere bazirela eta banuela haietaz hitz egiteko eskubidea. "Arraioa, nolako kaña daukan zaharrak!", esan nuen. Negar egin nuen egun hartan. Amaren ikuspegitik, ordea, bere alaba naizenez, eta babestu behar nauenez, esan zidan beste hainbat kontu isiltzea ere baneukala. Adibidez, drogatzen naizela, edo larrutan mundu guztiarekin egiten dudala, edota nire bikotekidea transexuala dela aldarrikatzea... ni baztertuko nauten beldur da, eta ikuspegi horretatik esan zidan, ez purismotik.

Gizakion bereizketa generikoa arbuiatzen duzue?

Zer galdetzen zaio emakume bati haurdun dagoenean? Ea barruan daramana neska edo mutila den. Bada joera pentsatzeko genero bereizketa betidanikoa dela, baina berria da. Honen aurka sortu zen queer mugimendua, New Yorkeko kaleetan (ez giro akademikoan). Gaur  egun Mendebaldeko ospitaletan umeei sekulakoak egiten dizkiete, ume horrek bere sexua ongi garatua ez daukala ikusten dutenean. Alde batera edo bestera hormonak ematen dizkiete, hau edo beste izan daitezen, neska edo mutila izatea baino ez baita onartzen geure gizartean. Nik intersexual horietako bat baino gehiago ezagutzen dut, eta sekulako amorrua daukate barruan, txapuzak egin baitzizkieten hankartean. Duela gutxi AEBetan auzi bat irabazi zuten intersexualek, eta lortu dute eskubidea euren historia klinikoa ezagutzeko, zehazki zer egin zieten jakiteko. Ez dugu ahaztu behar hau dena interesengatik dagoela horrela diseinatua, batzuk alde batean eta besteak beste aldean edukitzeko.

Ezkerreko jende asko prostituzioaren kontra dago, emakumearen gorputzaren esplotazioa delako; zein iritzi duzu zuk?

Emakumeen gorputza esplotatzen dela? Eta beste emakumeen gorputza ez al da esplotatzen? Eta gizonezkoena? Etxean edo taberna batean lan egiten duenak, ez al du bere gorputza esplotatzen? Zer gertatzen da sexuarekin? Zergatik ezin da sexuaren eta diruaren arteko trukea onartu? Non eta gizarte kapitalista batean, non dirua eta sexua obsesio diren... zer gertatzen da hor? Puten inguruko mafiaz hitz egiten da, baina nork bultzatzen du mafia hori? Kapitalismoak eta atzerritarren legeek! Zein da, bada, arerioa? Ezagutzen ditudan putak, ekintzaileak guztiak, egoera kaskarrean lan egiten duten puten eskubideen aldeko borrokalari sutsuak dira. Baina puta guztiak erasotzeko argudio gisa erabiltzen da puta hauek nolako baldintzetan egiten duten lan, eta nola bizi diren. Baina nork ahalbidetzen du egoera bere horretan geratzea? Gobernuek! Bestetik, puta izatea lanbide bat da, eta txiroontzako ez da lanik txarrena, ikusi besterik ez dago txiroontzako nolako lanak izaten diren, denak higuingarriak eta jasangaitzak.

Zure liburu aurkezpenean Vero izan zen, puta ofizioz; zer esaten du bere lanaz?

Ez du esaten bizitza idilikoa duenik. Batzuetan  Bartzelona futbol taldearen zelai ingurura joan behar du, eta ez du beti asko irabazten. Beste batzuetan bai. Baina puta ez bada, zerbitzari aritu behar du tabernaren batean, orduko zazpi euro irabazten... Orduan, dio: zer arraio ari naiz hemen? Zazpi euro orduko! Banoa!

Bitxia da zenbat kezkatzen garen puten osasunagatik, eta euren eskubideengatik, eta zer gutxi egiten dugu euren alde...

Puten eskubideen inguruan hitz egiten den bakoitzean, puten bizitza zailtzeko egiten da, euren lana erasotzeko, setiatzeko. Zer gertatzen da putak kaletik ateratzen dituztenean? Horrek zerbaitetan laguntzen al die? Hor atzean estrategia bat dago: putak eta emakume zikinak biktima bilakatzen ditugu, eta, modu horretan, beste emakumeek dena irentsi behar dute, ustez luxuz bizi direlako. Zer gertatzen da etxeetan, ordea? Puta batek gizonezkoa behin ikusten du, baina emakumeek gizonezkoak etxeetan dituzte, egunero!

Itziarren kuttunak:



Liburu bat: Good morning, midnight (Jean Rhys).
Film bat: Death proof (Quentin Tarantino).
Abesti bat: Tatuaje (Concha Piquer).
Jakia: vichisoise. porru-krema hotza.
Arropa: koktel soinekoa.
Osagarri bat: peineta.
Emakume bat: Laura Bugalho. paperik gabekoen aldeko trans aktibista.
Gizon bat: beatriz preciado. filosofoa.
Amets bat: has gaitezen patriarkatua suntsitzetik