Jean Echenoz: Soiltasun zabala

Jean Echenoz: Soiltasun zabala https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/10/06
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre
Jean Echenoz: Soiltasun zabala
Jean Echenoz idazle frantsesa Okzitaniako Orange herrian jaio zen, 1947an. Hainbat hiritan Soziologia ikasita Parisen geratu zen bizitzen 1970. urtean. Idazteko ohitura bazuen arren ez zuen ezer argitaratu 1979a arte. Hainbat ezezko jaso ostean, Les Editions de Minuit argitaletxeak eman zion onespena Le Méridien de Greenwich (1979) nobelaren eskuizkribuari. Gaurdaino,  Echenozen hamasei obra eman ditu argitara argitaletxeak. Era berean, hainbat sari jaso ditu, tartean, Médicis (Cherokee, 1983) eta Goncourt (Je m'en vais, 1999) sariak.


Echenozen estiloa minimalista eta sinbolikoa da oro har; hitz gutxitan asko ikustarazten du. Obren laburtasunean ere nabari da minimalismorako joera hori, soiltasunetik, gehiegi gehitu gabe narratzen baititu pertsonaien joan-etorri eta harremanak. Nobela geografikoak direla esaten da, irakurlea munduan barrena eramaten baitu, batetik bestera, aldiro paisaia zehazki deskribatuz, kontakizunean duen garrantzia emanez. Zenbait lanetan ironia eta umorerako joera ere erakutsi du, horretarako hizkuntza sakonki landuz.

2006 eta 2010 urteen artean idatzi zuen Bizitza imajinarioak trilogiak ekarri zuen Echenoz gure artera, Gerardo Markuletak itzuli eta Meettok argitaletxeak argitaratu baitzituen hiru nobela biografikook: Ravel (2006) Maurice Ravel (1875-1937) konpositore frantsesaren azken hamar urteak kontatzen dituena, Courrir (2008) Emil Zátopek korrikalari txekoslovakiarraren bizitzari buruzkoa eta Des éclairs (2010) Nikola Tesla (1856-1943) asmatzailearen nondik norakoak biltzen dituena. Echenozen hamabosgarren nobela, 14 (2012) aurten argitaratu du euskaraz Meettokek.

Bibliografia hautatua


Le Méridien de Greenwich.
Cherokee.
Je m'en vais.
Ravel (Meettok, 2007).
Lasterka (Meettok, 2011).
Tximistak (Meettok, 2012).
14 (Meettok, 2014).
Caprice de la reine.