Jessica Chastain: Urre gorria

Jessica Chastain: Urre gorria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jessica-chastain-urre-gorria/@@download/image/jessica_chastai_1359555646.jpg
2013/02/04
erreportajea
Aitor Abaroa
Jessica Chastain: Urre gorria
Arrakastaren bideak bihurgune asko izan ohi ditu. Gailurrera heldu direnek hori diote. Pazientzia, etengabeko lana, pausoz pauso joatea. Esaera zaharrak dioen legez, arin eta ondo usoak hegan, ezta? Kontrakoa dioenik izango da, ordea.

Entzun ohi da legeak, estatistikak eta ohiturak desobeditzeko, apurtzeko eta aldatzeko daudela. Bi ikuspuntuak balantzaren alde banatan jarri, eta jo dezagun zalantza existentzialen paradigma den The Tree of Life (2011) filmera.

Lehenengo aukera defendatzeko hautagaia Terrence Malick zuzendaria litzateke. Lankideen artean errespetatuenetakoa den maisu honek sei film estreinatu ditu 40 urte luzeko ibilbidean. Maisuari kontra egin diezaiokeena, ostera, Jessica Chastain aktorea. 2011n Malicken esanetara pantaila handian ezagutzera eman eta urte berean zazpi film estreinatu ditu. Eta ez edonolakoak.

Horietako batzuk aipatzearren: The Tree of Life urteko filma izan zen, onerako edo txarrerako, eztabaida sutsuenak piztu zituen lana, maisulana edo bluffa. Ukaezina, aldiz, filmean Chastainek erakutsitako argia. The Debt thrillerrean, Helen Mirren erreginari 30 urte kentzeko ardura beregain hartu zuen ilegorriak. Take Shelter drama psikologikoa urteko ekoizpen independenterik laudatuenetakoa izan zen. Eta The Help draman egindako lanagatik bigarren mailako aktore onenaren sarirako izendapena jaso zuen Chastainek mundu zabaleko sari nagusienetan, Oscar, BAFTA eta Urrezko Globoak tartean. Lan horiei guztiei esker, urteko aktore berririk onenaren saria eman zioten AEBetako kritikari elkarte ia guztiek.

Eta gero, Zero Dark Thirty (2012). Osama Bin Laden harrapatzeko operazio militarraren nondik norakoak azaltzen dituen filmeko protagonista da Chastain, AEBen etsai publiko nagusiaren ezkutalekua aurkitu zuen CIAko agentea. Tiro, bonba eta suzirien gainetik distira egiten duen emakumea. Aktore dramatiko onenaren Urrezko Globoa eskuratu du jada. Eta Oscar jaunaren estatuatxoa irabazteko hautagai nagusia da. Veni, vidi, vici. Egin apostu!

Nortasun Agiria


Izena: Jessica N. Howard.
Jaioteguna: 1977-03-29.
Jaiolekua: Kalifornia (AEB).
Lagunik onena: Jess Weixler aktorea.
Aktore kuttuna: Isabelle Huppert.
Film maitatuena: The English Patient (Anthony Minghella, 1996).
Telesail gustukoena: The Sopranos.
Maite du: Ukelelea jotzea.
Gorroto du: Aktoreekin ateratzea.