Julio Salinas: "Euskaldunak izan ginen Dream Teamaren oinarria"

Julio Salinas: "Euskaldunak izan ginen Dream Teamaren oinarria" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/julio-salinas-quoteuskaldunak-izan-ginen--dream-teamaren-oinarriaquot/@@download/image/salinas_saioa_b_1372946342.jpg
2013/07/08
elkarrizketa
Testua eta argazkiak: Saioa Baleztena
Julio Salinas: "Euskaldunak izan ginen  Dream Teamaren oinarria"
1988ko maiatzaren 4ean iritsi zen Johan Cruyff (Amsterdan, 1947) Bartzelonako Futbol Klubeko entrenatzailearen aulkira, eta errotik aldatu zuen taldea. Euskal jokalariak izan ziren aro berri haren zimenduetako bat, tartean, Julio Salinas (Bilbo, 1962) bera.


Ordura arteko emaitza onenak lortu zituen Bartzelonako Futbol Klubak 80ko hamarkadan. Andoni Zubizarreta atezaintzan mantendu eta Unzue, Goikoetxea, Bakero, Begiristain, Lopez Rekarte eta Julio Salinas fitxatu zituen Holandako entrenatzaileak. Cruyffen dream team-a zen.

Aurre-zentroaz arduratu zen garai hartan Julio Salinas, eta 68 gol sartu zituen Barçaren elastikoa jantzita. Deustun jaio zen, baina San Andres auzoak toki garrantzitsua du bere bihotzean, bertan bizi izan baitzen 20 urtez. Guztira hamazazpi denboralditan jokatu zuen lehen mailako sei talde desberdinetan eta, hemezortzi urte bertzerik ez zituenean, Athletic Clubeko behe mailako kontratua sinatu zuen; bere lehen ametsa bete zuen, eta gutti behar izan zuen 1992an talde berarekin debutatzeko. 1988tik 1994ra bitarte, Cruyffen hamaikakoaren pieza garrantzitsua izan zen eta, gerora, Gijongo, Coruñako, eta Japoniako Yokohama Marinos klubetan aritu ondotik, Euskal Herrira itzuli zen erretiratu aurreko bi denboraldiak Alavesen jokatzera. Gaur Bartzelona du bizitoki eta Kataluniako Telebistako Efectivament futbol saioan eta RAC1 irratian dabil lanean. Bartzelonan elkartu gara bere ibilbidearen inguruko errepasoa egiteko eta, ustekabean, Patxi Salinas –anaia– ekarri du, Athleticeko jokalari ohia eta Sant Andreu futbol taldearen entrenatzaile berria.

Uste duzu Barçak harreman berezia duela Euskal Herriko futbol taldeekin?
Kataluniak eta Euskal Herriak antzekotasun ugari dituzte idiosinkrasian. Testuinguru bertsuan bizi izan gara, berezko hizkuntzaren berezitasuna dugu eta, finean, antzeko erronkak bilatzen ditugu. Hori futbolean ere sumatzen da, Kataluniako zein Euskal Herriko taldeek etxekoen alde egiten duten apostuan, adibidez. Azken batean, nortasunaren adierazgarria da.

Hori izan al zen dream team-era hainbertze euskaldun ekartzearen arrazoia?
Ez dut uste. Euskaldunok dream teamera sartzeko giltza Javier Clemente izan zen. Javik harreman ona zuen orduan presidente zen Nuñezekin eta, honek aholkua eskatu zionean, gehien gustatzen zitzaizkion jokalarien izenak eman zizkion. 80ko hamarkadan Athletic Club talde potentea zen eta Clementek ongi ezagutzen zuen. Realak ere momentu ezinhobea bizi zuen Bakero, Txiki, Goikoetxea eta konpainiarekin. Clementek izenak mahai gainean jarri zituen, Barçak aldaketa beharra zuen, eta denak sartu ginen.

Nola bizi zenituen zuk urte haiek?

Momentu gazi-gozoak pasarazi zizkidan Atletico de Madrid klubean aritu ondotik iritsi nintzen Bartzelonara. Bilbora itzultzekotan egon nintzen, baina Athleticek ez zuen espero nuen aldaketa egin, eta azkenean, Bartzelonakoa suertatu zitzaidan. 25 urte bertzerik ez nituen eta txundituta iritsi nintzen hona, ezin nintzen zoriontsuagoa izan. Betidanik izan naiz anbizio handiko gizona. Iritsi aurretik ezarri zidaten famaren gainetik, lorpenak eskuratuko nituela sinetsita sartu nintzen FCBn, eta etxean bezala sentitu nintzen, euskaldunak baikinen dream teamaren oinarria.

Harremanik mantentzen al duzu Zubi, Txiki, Bakero, Alexanko eta besteekin?

Txiki eta biok elkarrengandik 500 metrora bizi gara. 80ko urte haietan ere herri berean bizi ginen Sergi, Xavi eta hirurok. Txikik kluba utzi zuenean padelean eta golfean aritzeko gelditzen ginen, eta afariren bat edo bertze ere antolatzen genuen tarteka. Zubi, orain, guttiago ikusten dut. Bistan da hiri honek ezin hobeki zaindu gaituela, eta hemen geratu gara euskaldunok.

Goiz egokitu zinen, baina zerk bultzatu zintuen katalanez telebista eta irratsaioetan aritzera?
Hainbertze urteren ondotik oraindik behar bezala ahoskatzen ez dudan arren, saiatzen naiz. Katalana euskara baino hagitz errazagoa da; okerrena da bertakoak, kanpotarra zarela dakitelako, zuzenean gazteleraz hasten direla, baina saiatzen naiz. Kuriosoa da, aspaldi atera nintzen Euskal Herritik, baina euskal doinua beti bezain azpimarratua daukat!

Euskaraz solasten zara?
20 urte nituenean AEKn hasi nintzen. Hiru ikasturte egin nituen, astean hiru egunez joaten nintzen bi orduko saioak egitera. Euskaraz solasten hasi nintzen, ahal bezala, baina, erosoen sentitzen hasi nintzenean, Atletico de Madridera joan nintzen. Orain 50 urte ditut eta gero eta zailagoa zait euskaraz aritzea. Euskal Herria maiz bisitatzen dudan arren, bizitzak Kataluniara ekarri nau, futbola utzi nuenean hemengo emakume batekin ezkondu nintzen eta bizitza hemen egin dut.

Euskalduna eta kataluniarra bai, baina Barçakoa ala Athleticekoa?
Athleticekoa eta Barçakoa. Momentuaren araberakoa eta jokoan dagoenaren araberakoa izaten da, baina biei opa diet hoberena. Jendeari ulertezina iruditzen zaio hau. Euskadin Barçakoa naizela diote, Bartzelonan Athleticekoa, eta Madrilen zer naizen ere ez dakidala!

Zaila izango da zure seme-alabek euskaraz ikastea...
Athleticeko himnoa buruz dakite, eta ederki gainera! Baina noski, Katalunian jaio dira eta, Euskal Herrira maiz joaten diren arren, euskara Bartzelonan ikastea zaila da. Bertze kontu bat litzake aitak euskaraz egingo balie, baina ez naiz behar bezala moldatzen. Hori bai, Bilbo, Athletic eta Euskal Herria bihotzean daramatzate!

Zein harreman duzu gaur Euskal Herriarekin?
Erabatekoa. Ez dut euskaraz egiten baina euskalduna naiz. Aitak 84 urte ditu eta Bilbon bizi da, gainera. Gu hilabetean behin joaten gara, udan hilabete bat ematen dugu han eta, gainontzean, posible dugun guztietan ere eskapo egiten dugu. Kontua da nik orain Bartzelonan dudala lana; Euskal Herrian, berriz, ez dut inongo aukerarik.

Gustatuko litzaizuke Euskal Herriko eta Kataluniako federazioak nazioartean ikustea?
Izugarri, eta ikusiko ditugu! Guk ez dakit, baina ondorengoek ziur! Horren adibide argia da orain Gibraltar-ek lortu duena: Gobernuko buruak traba guztiak jarri baditu ere, sartu dira, eta guri ere iritsiko zaigu eguna, selekzio guztiek baitute nazioartean independenteki jokatzeko eskubidea.

Politika eta futbola ez omen dira nahastu behar. Nola bizi duzu zuk binomio hau?
Futbola politika egiteko bide bat da, eta indar handia du gainera. Politika hutsak ireki ezin ditzakeen bideak irekitzen ditu futbolak, eta gauza anitz lortu daitezke horrela. Katalunia erabakitzeko eskubidearen aldeko urratsak egiten  hasi da, eta Madrildik trabak besterik ez dira heltzen. Futbol klubek egiten duten aldarrikapena, zentzu horretan, garrantzitsua izan daiteke.

Erabakitzeko eskubidearen aldekoa zara?
Mundu guztiari dagokio, inongo zalantzarik gabe, libreki adierazteko eskubidea. Bide demokratikoen eta hauteskundeen bitartez erabakitzen dugun bitartean, erabakitzeko eskubidea, egokia bakarrik ez, funtsezkoa da.

Futbol federazioetaz ari garela, Euskadikoan ez ezik Espainiakoan ere aritu zinen. Orduz geroztik, ohikoa da "Salinasek bezala" golak sartzearen aipua. Jendeak zu horrelako kontuengatik oroitzeak nekatzen al zaitu?

Inola ere ez. 50 urte ditut eta oraindik nire izena aditzen da. Europako Futbol Txapelketa bitan eta mundu mailako hirutan hartu nuen parte, eta hiruetan sartu nituen golak. Oker ez banago, mundu osoko hamabi jokalarik bakarrik lortu dugu halakorik. Horregatik diot, garrantzitsuena dela, hobeki edo okerrago, hainbertze urteren ondotik niri buruz solasten jarraitzen dutela. Athletic Clubeko nire generazioari erreparatuta, gehienak non dauden ere ez daki jendeak...

94ko munduko txapelketa hartan Pagliucaren kontra egindako jokaldiaren inguruan galdetu gabe ezin naiz gelditu...
Dezente koskortu nintzen jokaldi horretan... Baloiari ostikada jo eta atezaina alde batera bota zenean, hankan jo zion eta kanpora atera zen zoritxarrez. Zorte pixka bat eduki izan banu eta hanken artetik pasa izan balitz, jokaldi bikaina egiteagatik gogoratuko ninduten. Baina futbola hori da, eta horrelakoak partida guztietan gertatzen dira. Jokaldi horrek finalerditik kanpo utzi gintuen, baina aunitz ikasi nuen. Beti aipatu izan dut pozik egoteko, aurretik negar egitea ezinbertzekoa dela...

Alboan duzu Patxi anaia. Bartzelonako Sant Andreu klubak fitxatu berri du entrenatzaile gisa. Zertan lagundu diezaiokezu zuk?

Bera da ona eta ni naiz txarra, hortaz, nire gomendioak soberan daude. Daukadan abantaila bakarra lotsagabekeria da, horrek mediatikoki ate anitz ireki dizkit. Baina teknikoki berak balio du gehiago. Hedabideetan eskaini diezaiokedan guztia ematea da nire helburua, jendeak balio duena ikusi eta bere aldeko apostua egin dezan.

Entrenatzailearen aulkian ikusiko zaitugu noizbait?
Entrenatzailearen bizimodua gogorra da, hiri batetik bertzera saltoka ibili behar izaten dute eta nik ez dut hori nahi. Bi seme-alaba ditut eta haurrak koskortzen direnerako ni erretiratzeko egonen naiz. Klub baten erraietan aritzea gustatuko litzaidake, idazkari tekniko gisa adibidez, baina zentzu horretan inork ez du nire aldeko apusturik egin, eta horregatik nago komunikabideetan, hemen baitute nirekiko interesa –barrez–.

Amaitu aurretik: aldaketa garaia bizi du Athletic Clubak. Nola ikusten duzu Llorente eta Javi Martinezen irteera?
Taldearentzat onena nahi dudalako azpimarratzen ditut hobetu daitezkeen gauzak: kudeaketa txarra egin dute, eta tamalez, izar handiak galdu dituzte. Javi Martinez nola joan den ikusteak pena izugarria eman dit. Gauza anitz eman dizkio berak klubari eta ate handitik irten behar zuen, merezi bezala. Osasunan zebilenean hartu genuen sei milioiko klausula ordainduta, eta berak ordaindu beharrekoa ordaindu du alde egin ahal izateko. Klubak, nire ustez, merezitako agurra eman eta ateak irekita utzi behar zizkion. Llorenterenarekin, berriz, zalantza anitz gelditzen zaizkit. 28 urte ditu eta taldeko burua izan zitekeen Athleticen. Arazo ekonomikoengatik ez zen izan, dirutza eskaini baitzioten, baina auskalo! Azken finean, penagarriena bi jokalari handi hauen kontuarekin klubaren irudia kaltetu izana da. Kontratuak behar bezala itxi eta kudeaketa egokiagoa egin behar zuten.