Koldo Soret (Niña Coyote eta Chico Tornado): "Urriko lehen astean erdituko dugu diskoa"

Koldo Soret (Niña Coyote eta Chico Tornado): "Urriko lehen astean erdituko dugu diskoa" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koldo-soret-nina-coyote-eta-chico-tornado-urriko-lehen-astean-erdituko-dugu-diskoa/@@download/image/nina_coyote_chi_1378464226.jpg
2013/09/09
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena, Argazkiak: Galder Izagirre
Koldo Soret (Niña Coyote eta Chico Tornado): "Urriko lehen astean erdituko dugu diskoa"
Azken urteetako euskal banda erranguratsuenetan ezagutu ditugu Koldo Soret (Surfin Kaos, Utikan, Mugatik, Chico Boom) eta Ursula Strong (Zuloak, Las Culebras). Donostiatik San Frantziskora joan zirenean erein zuten "ia konturatu gabe" aurki argia ikusiko duen proiektuaren lehen hazia.


Noiz eta nola jaio zen Niña Coyote eta Chico Tornado proiektua?

Duela bi urte inguru San Frantziskon pasa genuen denboraldian. Musika jo gabe denbora luzea generaman, eta bertako musikariekin elkartzen hasi ginen lokaletan. Ursulak Culebrasek hastapeneko garaietan bateria jotzen zuen, eta azken boladan albo batera utzia zuen arren, bertan berreskuratu zuen praktika. Hala ere, proiektuaren norabidea San Frantziskotik bueltan finkatu genuen.

Hasitakoari jarraipena eman zenioten Donostian.
Bai. Fermin Muguruzak buruan zuen proiektuaren berri eman zion Ursulari —Zuloak dokumentala—, eta bateriari egurra ematen hasi zen taldea aurrera ateratzeko; hura bide beretik jarraitzeko aitzakia bat izan zen. Hala, aurrez egindako kanta batzuk jo, inprobisatu eta grabatu egin nituen nik, eta emaitza gustatu zitzaigunez, proiektuari forma ematea erabaki genuen.

Taldearen izenak ere San Frantziskoko iturrietatik edango du...
Hala da. Kaliforniako desertuan ginela, egun batean Ursulari Niña Coyote deitu nion, eta izenarekin gelditu zen. Nik berriz, San Frantziskoko lokaletara lehen aldiz joan ginenean, hilabete eta piko neraman jo gabe, eta dena probatu nahi nuen: bateria, gitarra, baxua… Kristoren monazoa neukan, eta lagun batek Chico Tornado ezizena jarri zidan.

Hitzak, hala ere, euskaraz dira.
Bai. Taldearen izenarekin, finean, garai bateko bizipenei keinua egin diegu edukiarekin bat datozelako, baina letrak euskaraz idatzi ditugu.

Tira, zer aurkituko dugu diskoan?
Hitz gutxitan deskribatzea oso zaila da, eta etiketak jartzea ez zaigu batere gustatzen. Diskoa nahiko irekia da estilo aldetik, eta entzuleak ukitu rockeroak, soinu desertiko pisutsuak eta erritmo gogorrak aurkituko ditu bereziki.

Kolaborazioak ere eduki dituzue...
Zuloak taldeko neskek kanta bateko koroak egin dituzte, eta Ferminek ere zatitxo bat sartu du; gainera, beste abesti bateko hitzak idatzi ditu, Arkaitz Kanok eta Juritz Apaolaza nire lagun-minak egin bezala, eta Zigor Bz-k ere zenbait soinu sartu ditu.

Noiz erdituko duzue?
Urriko lehen astean.

Aurkezpenaren pistarik aurreratuko diguzue?
Oso berezia izango da. Zuloak-ek Gazteszenan egingo duen azken kontzertuan, irailaren 27an, joko dugu guk gure lehena. Hor hasi besterik ez gara egingo, eta gero, egurra!

Euskal Herritik kanpo ere ariko zarete?
Bai, kanpora joatea da gure asmoa. Mexikon eta Kalifornian kontaktuak ditugu eta, oraindik datarik ez dugun arren, bertara heltzea gustatuko litzaiguke. Bi garenez, gainera, kanpora joatea errazagoa zaigu, gastuak murritzagoak direlako.

Zein tarte edukiko du aurrerantzean Sareak zuen ibilbidean?
Gaur egun, bereziki inportantea da leiho hau aprobetxatzea; jende askorengana heltzen gara eta jarraitzaileekin konexio zuzena dugu. Kaliforniako bira egiten badugu, adibidez, etxekoek egiten dugunaren berri izatea oso garrantzitsua da, eta egun hori posible da.

Zenbateraino zigortu du krisiak euskal musika?
Musikarien lan prozesua erabat aldatu da. Sareak abantailak ekarri dizkigu, baina ondorio kaltegarriak ere bai, esaterako, diskoen salmentan. Dena den, musikariok bizi dugun aldaketarik handiena kalitatearena da; lehenago edonork zuen diskoetxe bat atzetik, eta estudio hobeagoetara ailegatu zitekeen. Edizioa gehiago zaintzen zen, eta orain berriz, krisiaren eraginez, musikariak du prozesu guztiaren ardura; taldeak dena jarri behar du, eta guztiek ez dituzte, zoritxarrez, aukera berberak.

Eta zuzenekoetan, zein da sumatu duzun aldaketarik nabarmenena?
Udaletxeek ez dute dirurik. Lehen kontzertuak antolatzeko dirua mugitzen zen, baina egungo zuloak taldeek ordaintzen dituzte. Dirurik ez badago, diskoetan puntako kalitatea lortzeko zailtasunak daude. Hala ere, musikalki bai, musikalki kalitate berbera mantentzen dugu, zalantzarik gabe.

Sareak eskaintzen dituen abantailak zenbateraino dira garrantzitsuak egoera honetan?
Musikarion lanaren hedapena erraztu du Sareak, eta eskaintza erabat hazi da, baina, arrazoi beragatik, Sarean dauden egitasmo guztien artean nabarmentzea zailagoa da. Diodan bezala, hainbat abantaila ditu: etxean grabatu dezakegu, Interneten ezagutzera eman eta diru gutxirekin emaitza oso onak eskuratu. Baina, niretzat oso garrantzitsua da garai batean bezalaxe, dendara joan eta disko guapo bat esku artean edukitzea.

Aurrerantzean, zein da zuen erronka nagusia?
Surfin Kaos taldearen Goizalde surrealistak diskoaren bira, berez, duela bi urte amaitu genuen, baina beti bezala, birak amaitu arren entseatzen eta kontzertuak ematen jarraitzen dugu. Aurten ere aukerak suertatu zaizkigu, eta emanaldi bat edo beste egin dugu. Hala ere, Zuloak irailaren amaieran bukatuko da, eta ordutik aurrera Niña Coyote eta Chico Tornadorekin jarriko gara buru-belarri.