Krisi sozio-ekonomikoa eskola porrot arriskua areagotzen ari da

Krisi sozio-ekonomikoa eskola porrot arriskua areagotzen ari da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/krisi-sozioekonomikoa-eskola--porrot-arriskua-areagotzen-ari-da/@@download/image/ggg_1421060284.jpg
2015/01/15
erreportajea
Victor Gutierrez Sainz: Gazteen Gurutze Gorriko Autonomi Zuzendaria
Krisi sozio-ekonomikoa eskola  porrot arriskua areagotzen ari da
Hiritarrak baliabide ekonomikoen falta pairatzen ari dira; gabezia hori seme-alabak dituzten familietan nabaritzen da bereziki. Gainera, gabezia materiala hazteak haurren eta gazteen urrakortasuna areagotzen du oinarrizko beharretan: hezkuntzan zein elikaduran.


Horixe nabarmentzen du Gurutze Gorriak gizartearen gaineko analisia egiteko hiruhilabetero zabaltzen duen aldizkariaren zazpigarren zenbakiak.

Gazteen Gurutze Gorriak (GGG) arazo horri aurre egiteko Eskola Arrakasta proiektua jarri zuen martxan 2012. urtean, eta ordutik, gure boluntarioak eskola-laguntza eskaintzen ari dira gure lurraldeko hemeretzi udalerritan: Gurutze Gorriko Batzordeetan edota ikastetxeetan.

Gazteen Gurutze Gorria 18 eta 30 urte bitarteko gazteez osatutako Gurutze Gorriaren gazte saila da. GGGren ekintza nagusia haur eta gazte ahulenez arduratzea da; helburu horren barnean dugu Eskola Arrakasta proiektua. Egitasmoaren xedea gizarte zailtasunak pairatzen ari diren ume eta gazteek eskolan arrakasta izan dezaten laguntzea da, uste baitugu pertsona horien eskola prozesuaren sarbide eta irisgarritasuna hobetzeko, gizarteko garapena sustatzeko eta autonomia pertsonala indartzeko horixe dela modurik egokiena. Hala ere, beste mota bateko ekintza osagarriak ere badaude Eskola Arrakasta proiektuan: balioen heziketa, bizimodu osasungarria edota aisialdiaren sustapena, adibidez.

Edonola, Eskola Arrakasta proiektua aurrera eramateko giza baliabide asko behar dira; horretarako, 120 boluntario baino gehiago daude gure lurraldeko hiru probintzietan ume eta gazteei eskolan ematen dizkieten etxerako lanak egiten laguntzen, ikasketa-trebatasunak lantzen edota aisialdia sustatzen.