Labrit, bizitzari so

Labrit, bizitzari so https://www.gaztezulo.eus/albisteak/labrit-bizitzari-so/@@download/image/17p14-1_1370345882.jpg
2002/03/01
elkarrizketa
Labrit, bizitzari so
Labrit kantariak "Nori egin so" izeneko bigarren diskoa plazaratu zuen iazko Oihuka diskoetxearekin. Usurbildarra lehendabiziko lanean baino esparru zabalagoetara ireki da oraingoan: pop rocka, funkya eta erritmo latinoak, esaterako.

Kantu bat egiterakoan, zeri egiten diozu so?
Bizitzari eta bere inguruko gauzei: sentimenduei edota tarteka zabaltzen zaizkigun bideei, esaterako. Batzuetan bide bat irekitzen zaigu eta ez dakigu norantz jo. Zenbaitetan erraza da erabakitzea, eta besteetan buruhaustea. Horrelakoetan kaosa sortzen da.

Kantuetan, askotan zure sentimenduak husten dituzu. Jendaurrean horrela biluzteak ez al dizu lotsarik ematen? 

Sentimenduak adierazteak ez du lotsarik eman behar. Finean, beste norbaitek ere konpartitu dezake sentimendu hori, eta hori ona da. Mundu honetan emakumearen gorputza oso jipoitua dago, eta abesti batean diodan bezala, barrena jorratu behar dugu eta kanpokoa alde batera utzi.

Diskoko kantuak Baldin Bada taldean aritutako Dani Riañorekin batera egin dituzu. Nolako elkarlana izan da?
Dani nire lagun bihurtu da. Horrelako une politetan, gitarrekin jolasean hasi ginela, abestiak sortu ziren. Konpartitutako une horietakoak izan ziren, baina bapatean sortuak. Bizitzak hainbat bide ekartzen ditu, eta horietaz baliatzen jakin behar da. Dani oso musikari ona da.

Zer du disko honek aurrekoak ez zuenik?
Erritmo biziagoak, batez ere. Gainera, erritmo biziago horiek izugarrizko ahalmena ematen diete hitzei. Erritmo latinoak daude, pop rock pixka bat, reggae… nahasketa polita. Lehen diskoa itzaliagoa zen, melodia aldetik. Aurrera egiten dudan heinean, nire burua ezagutzen ari naiz: Labrit ezagutzen.

Disko honekin, helmuga non jarri duzu?

Helmuga musika munduan jarraitzea da, eta euskaraz abestuta, errekonozitua izatea. Horrek ez du esan nahi beste hizkuntza batean kantatzeko ematen ez dudanik, ingelesez, esaterako.

Euskararen aldeko kantu bat dago azken diskoan. Horrelako asko behar al dira oraindik?

Bai, mordoa. Euskararen alde egiteko modu bat abestea da, jendeak horrela entzun egingo du eta. Borroka piloa egin behar dugu oraindik.