Lan munduan aukera bila

Lan munduan aukera bila https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/11/10
erreportajea
Testua: Leire Palacios @annieSdelMono
Lan munduan aukera bila
Gazteek lan munduan sartzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko helburuarekin jaio zen Transcreativa egitasmoa. Kultura eta Sormen Industrien alorrean jardun nahi duten 18-30 urte bitartekoei zuzenduta dago. Sormen Poloetan dinamizatutako formazioa eskaintzen zaie, eta parte-hartzaileek enpresa batek proposatutako egiazko erronka bati irtenbidea aurkitu behar diote.


Urriaren 23an abiatu zuten Sormen Poloetan ardazten den doako formazio programa, eta irailaren 20an amaituko da. Bertan parte hartzen dute ingeniaritza, diseinu, moda, arkitektura, kazetaritza, zuzenbide edota enpresagintzarekin lotutako goi mailako heziketa zikloren bat edo unibertsitate ikasketak burutu dituzten ikasleek. Hala ere, graduko 4. mailan daudenek ere parte har dezakete. Langabetuek zein lanaldi erdian jarduten duten gazteek osatu dituzte oraingoz martxan jarri diren bi taldeak. Kultura eta Sormen Industrien alorrera gazteak gerturatzea da helburua, eta modu horretan enplegua sustatzea. Beste pizgarri batzuk ere izan arren, horixe izan zen programan parte hartzen duen Olaia Juaristi animatu zuena: "Lana aurkitzen laguntzeko beste pauso bat ematera noala iruditzen zait, eta etorkizun laburrean enpresa batean lan egiterakoan ikasitakoa baliagarria izatea espero dut".

Transcreativa egitasmoaren baitan biltzen diren Sormen Poloak, Europar Batasuneko Interreg IV B SUDOE (SOE3/P1/E529) programaren babes ekonomikoa dute. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren proiektu honetan, Euskadiko beste bi bazkide ere badaude: lidergoa daraman Sinnergiak Social Innovation (UPV/EHU), eta Teknalia. Guztira, Akitaniako eta Portugalekoekin batera bederatzi bazkide biltzen ditu egitasmoak, hiru helburu nagusirekin. Lehena, ikerketa akademikoa bideratu aldera, Kultura eta Sormen Industrien mapa orokor bat egitea da. Bigarrena, prototipoen garapenean ardaztuta dagoen sormen enpresei zuzendutako transferentzia teknologikoa. Hirugarrena, pairatzen dugun egoera sozioekonomiko tamalgarriarekin hertsiki lotutakoa, langabezian dauden gazteen artean enplegua sustatzea da, eta era horretan, berrikuntza soziala bultzatzea.

Proiektuan parte hartzeko hautatuak izan diren 35 gazteek, gogotsu eta jakin-minez aurre egingo diete enpresek proposatutako erronkei. Donostiako Zuatzu parkean elkartzen dira astearte eta ostegunetan. Lehenengo taldean hogei pertsonak hartzen dute parte; hamalau neskak eta sei mutilak goizeko 10:00etatik 13:00ak bitartean biltzen dira. Bigarrena arratsaldeko txanda da, eta 15:00etatik 18:00ak arteko ordu tartea hartzen du. Hamabost  pertsonak osatzen dute taldea, zazpi dira neskak eta zortzi mutilak. Bai goizeko txandan zein arratsaldekoan bildutakoek bi enpresak proposatutako erronka errealei aurre egin beharko diete. Goizeko taldeari proposatutako erronka Dantzaz konpainiak plazaratu du, eta arratsaldekoa Euskadiko Ikus-Entzunezkoen Klusterra den Eikenek. Juaristiren aburuz, ez da soilik erronka enpresariala izango: "Erronka pertsonala ere bada, finean, neuk ere ez baitakit zenbaterainoko gaitasuna edukiko dudan enpresa baten beharretara egokitzeko". Ezjakintasunak sorrarazten duen hasiera bateko beldur hori menperatzeko, zein bideari behar bezala aurre egin ahal izateko, laguntza izango dute gazteek. Izan ere, helburua formakuntza da, hau da, ezagupenetik praktikarako saltoa egitea. Hori dela eta, sei urratsetako metodologia erabiltzen dute, ingelesez learning by doing edota solving problems deritzena. Erronka egikaritzeko laguntza hori mentore batek emango du. Izko Cardenal Sinnergiak taldeko kidea da mentoreetako bat. Cardenalek argi du proiektua beharrezkoa dela: "Gazteek alor formatibo akademikoan prestakuntza maila altua daukaten arren, konpetentziak ez dira lantzen hezkuntza zentroetan". Euren lana ezinbestekoa da, izan ere, Sormen Poloa osatzen duten formakuntza taldeak koordinatzeaz aparte, metodologiaren diseinuaz arduratzen dira, baita enpresekin harremanetan jartzeaz eta erronken kudeaketaz ere. Prozesua hasi zein amaitutakoan, konpetentzien balorazioa egiten dute mentoreek. Cardenalen ustez praktikarekin eta hanka sartzeekin baino ezin da ikasi, horregatik, mentoreek taldekide gazteei lagundu egiten diete, baina azken batean, planteamenduei aurre egiteko gaitasuna sobera dutela ikusarazi nahi diete. Gaitasun horren erakusle da 2013an proiektuan parte hartu zuen Amaia Abendañoren adibidea. Zuzenbide ikasketak eginak zituen eta kriminologia amaitzen ari zen Transcreativako Sormen Poloetan parte hartzea erabaki zuenean. Orain, esperientzia bizi ondoren, Abendañok oso balorazio positiboa egiten du: "Transcreativak gure ametsak errealitate egiteko gai garela ohartarazten gaitu. Iniziatiba edukitzen, talde lanean era eraginkorrean lan egiten eta proiektuak diseinatzen irakatsi digute, teknika ezberdinak azalduz, eta ondoren, gure esperientziaren bitartez hauek praktikan jarriz". Gainera Sormen Poloetako egonaldia amaitu eta berehala hiru hilabetetako praktikak lortu zituen: "Denbora horretan, proiektuan zehar ikasitako gaitasunak oso baliagarri egin zitzaizkidan, eta praktikak amaitzean Hernaniko bulegoaren arduradun izendatu ninduten. Orain, bada, nire erronka propioa dut eskuartean".