Lau gurasoko familia

Lau gurasoko familia https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/09/08
erreportajea
Testua: Gorka Ascorbebeitia. Gizadiberri
Lau gurasoko familia
Guraso biologikoek zaindu ezin ditzaketen seme-alabek badute adopzioaz gain beste aukera bat: Harrera familia.


Conchi Alonsok bere adineko nesken ohiko bizitza du. Lanbide heziketako ziklo bat ikasi zuen eta praktikak bukatu bezain pronto hasi zen lanean nagusien egoitza batean. Beste gazte asko bezala, 21 urterekin gurasoen etxean bizi da oraindik, Ortuellan, ahizpa nagusiarekin batera. Conchiren familiak, ordea, ez du familia arrunt batekin zerikusirik.

Ortuellan harreran duten gurasoekin eta ahizparekin bizi da, ama biologikoa Barakaldon du eta aita Kanariar irletan. Hala, hiru odolezko neba-ahizpa ere baditu Bilbo ezkerraldean eta aitaren aldetik hainbat senide gehiago Kantabrian (Espainia). Txikitatik bizi izan da Conchi harrera familia batekin, guraso biologikoek beharrezko baliabideak ez zituztelako bere zaintzari uko egitera behartuak aurkitu zirenetik. "Nire amama amaren egoera ikusita Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizartekintza saileko Umeen zerbitzuarekin harremanetan jarri zen", aitortzen du Conchik. Bost urte zituenean bidali zituzten bera eta ahizpa gaztea Ortuellako harrera familiara. Ahizpa eta neba nagusiak, aldiz, beste familia batera joan behar izan zuten.
Kasu honetan, izapide guztiak BFAk egin zituen, Conchiren familia biologikoa Barakaldokoa delako, baina Euskal Autonomia Erkidegoko beste bi lurraldeetan ere zerbitzu berdintsuak daude. Adopzio arruntarekin alderatuta, harrera familien aukerak baditu bestelako ezaugarriak; adibidez, harrera familiak denbora mugatu baterako dira, eta umeak bere odolezko familiarekin kontaktua edukitzeko eskubidea du.

Txikia zenean, Conchik hamabost egunetik behin ikusten zuen odolezko ama, eta egoera horrek nahastu egiten zuen. "Hasieran estutasuna sortzen zidan nire amarekin egoteak, betebehar moduan hartzen nuelako", gogoratzen du. "Gero, hilean behin arreba eta biok bere etxean lotara gelditzen hasi ginen, eta orain harreman oso ona dugu amarekin", gaineratzen du.

Adopzio arruntarekin alderatuta, badago beste bereizgarri bat: Aldundiko adituek diotenez, familiaren hautaketa umearen ezaugarrien arabera egiten da beti, bere babesa gurasoen nahien aurretik jarrita. Horregatik, umeen beharretara egokitzen diren familia gehiago izateko sarri egiten dituzte familia berriak aurkitzeko kanpainak.

Hemezortzi urterekin
Azkenik, umeak hemezortzi urte betetzen dituenean, harrera familiarekin geratu edo guraso biologikoekin bueltatu erabakitzeko eskubidea du. Puntu horretan ere Conchiren kasua bitxia da: Hemezortzi urte bete zituenean Ortuellako harrera gurasoekin gelditzea erabaki zuen, eta bere ahizpak, aldiz, odolezko amaren etxera, Barakaldora, bueltatzea. "Ia egunero ikusten dugu elkar, oso hurbil bizi baikara, baina egoera oso arraroa da", dio. Harrera gurasoentzako ere egoera oso zaila izan da, "asko kostatu zaie nire ahizpari agur esatea, baina ez dute beste erremediorik izan", eransten du.

Xabier Euzkitzek ere argi du egoera horren aurrean aurki daitekeela etorkizunean. Zarautzen bizi dira bera eta emaztea hamabi urteko ume biologikoarekin, adoptatutako zortzi urteko neskatilarekin eta harreran duten zazpi urteko umearekin. Beroa izena duen Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteko kidea da, eta aurretik, Saharako umeak izan ditu etxean sarritan denbora tarte baterako. Duela sei urte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez, harreran hartu zuen etxeko txikia.
"Hemengo umeak ere errealitate gordinean egon daitezkeela ikusi genuen Donostiako zentro batean", dio Euzkitzek. Behin prozesua hasita, GFAk egin zizkien azterketa psikologikoek "ustekabean" harrapatu zuten. Froga horien helburua familia bakoitza dagokion umearentzako aproposa dela eta behin hemezortzi urte betetzen dituenean gurasoak banaketa onartzeko gai izango direla ziurtatzea da. "Teorian prest gaude umearen aukera errespetatzeko, baina horretara ez heltzea espero dugu; une honetan harreman oso atsegina dugu berarekin", aitortzen du ETBko aurkezleak.

Bien bitartean, Euzkitzek eta emazteak sarri eramaten dute umea aita biologikoarekin egotera. Hasieran harremana "ez zen batere ona" izan, aita biologikoa eurekiko jeloskor agertzen baitzen. "Denborarekin, baina, aitak ikusi du umea hobeto dagoela gurekin, baina hiru edo lau urte behar izan ditu horretarako", dio Euzkitzek.

Conchik dagoeneko atzean utzi du guraso ezberdinen arteko nahaste-borrastea. Hurbilean duen familia guztiarekin harreman "oso ona" du, eta duela urtebete aita biologikoarekin ere harremanetan jarri zen Facebook bidez. "Berarekin oraindik ez dut harreman oso naturalik, Whatsapp bidezko mezuren bat bidaltzen dit noizbehinka", aitortzen du gazteak. Hala ere, aitaren aldetik beste lau neba-ahizpa eta sei iloba ezagutu ditu Kantabrian. "Eurekin harreman oso ona dut, barbakoak egiteko sarritan batzen gara", dio irribarrez. "Ondo pentsatuta, nire amamak erabaki egokia hartu zuela uste dut", dio Conchik.