Ligatzeko arropa

Ligatzeko arropa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ligatzeko-arropa/@@download/image/sexuak02_1403868092.jpg
2014/07/07
erreportajea
TESTUA: Ander Lertxundi. Bitxigorria
Ligatzeko arropa
Konturatu zara ligatzeko asmo edo itxaropenak dituzunean sarritan berdin janzten zarela?


Soinean daramagunak aldatu egiten gaitu. Ez gara berdin janzten lanera joateko, kirola praktikatzeko edota ligatzeko.

Udan gehiago ligatzen dela esaten da, eta herrietako jaiak, beroa edota arropa gutxi eramatea aipatu ohi dira arrazoi nagusitzat. Hala ere, zorionez, udatik kanpo ere ligatzen da, eta gehiago edo gutxiago estali arren, oro har, arropari garrantzia handia ematen diogu; bai gureari eta baita besteenari ere. Koloreekin jolastuz ikusgarriago edo ezkutuago azal gaitezke, eta bada jantzien aukeraketak zortean eragin positiboa izateko gaitasuna duela pentsatzen duenik ere.
Behin kamiseta, alkandora, galtza, soineko, galtzerdi, galtzontzilo edo kulero jakin batzuk jantzita ligatu ostean, berriro arropa berarekin ateratzea ohiko jokaera da. Jantziak ez du zertan polita izan, edo ligatu nahi duzun horren gustukoa; batzutan, aurretik izandako esperientzia onak ‘izotza apurtzeko’ balio izana nahikoa da behin eta berriz janzkera bera errepikatzeko.
Atzera begiratuta, jende asko konturatzen da ligatu zuen egunean zeraman arropekin atera ohi dela, ordura arte horretaz ohartu ez bada ere. Kointzidentzia hutsa den edo ez pentsatzea errepikapen kopuruaren araberakoa izaten da.

Segurtasun iturri
Arropak errepikatzen ditugun aldien kopurua handia bada, kasualitatea alde batera uzteko bestekoa, jantzi horiek segurtasuna ematen diotela ondorioztatzen dute askok. Hain zuzen ere, arropa horiekin gustura eta seguru sentitzeak berak eragin zuzena izan dezake gure jarrera eta jokaeretan. Horren harira, Suediako Uppsalako Unibertsitatean hainbat ikerketa egin dituzte. Adibidez, emakumeen kasuan, eurenak ziren arropekin trakets, apain eta eroso jantzi zitezen eskatu zieten, eta aurpegien argazkiak atera zitzaizkien, espresio neutrala eskatuta eta argazkietan arropak ikusi gabe. Ondoren, gizonei eskatu zieten aukeratzeko emakumeetako bakoitza zein argazkitan iruditzen zitzaien zegoela erakargarrien. Eta gizonen gehiengoak emakumeak apain jantzita zeuden argazkiak aukeratu zituzten. Ikertzaileek zera ondorioztatu zuten: gure itxurarekiko nola sentitzen garen azaleratu egiten dugula, horretaz jabetzen ez bagara ere.
Beraz, segurtasuna erakutsiko dugu gustuko dugun gorputz zatia nabarmentzen dugunean, edota atsegin ez ditugunak ezkutuan mantentzerakoan. Era berean, gure nortasunarekin bat egiten duten jantziek ere segurtasuna eman ohi digute, garen bezala aurkezten baigaituzte besteen aurrean.

Itxaronaldi erotikoa
Sedukzioaren bidean, itxarotea, bilatzea eta seduzitzea zein seduzitua izatea oso gozagarria izan daiteke, batzutan elkartze erotikoa bera baino gozagarriagoa. Apaintzea eta bestea seduzitu eta erakartzeko prestatzea itxaronaldi horretan koka dezakegu, eta erritu horiek gozatzeko aukera gure esku dago.
Arropa kontuetan badirudi besteen gustuak baino garrantzitsuagoa dela janzten dugunarekin gu gustura izatea, azken finean, geuk erakarriko dugu eta ez soinean dugunak.

Filosofia apaingelan



Sade. Txalaparta

Donatien Sade (1740, Paris – 1849, Charenton kartzela). Sadeko Markesa. Edo Markes Jainkotiarra. Edo Sade, huts-hutsik. Sadismo hitzaren jatorrian dagoen pertsona ia-ia fikziozkoa. Haragizkoa. Panfletarioa. Estatuaren eta haren arrazoien arabera, zoroa eta pornografoa. Debekatua eta isilarazia, kartzela-eroetxean hila. Madarikatua bezain miretsia. Imitatua. Makina bat leiendaren motibo. Idazle, zinegile eta askotariko artegileen sormen-iturri. Kasik ezinbestekoa da hil baino lehen haren orrialderen batzuk irakurtzea. Plazera eta mina, mina eta plazera: Markesa. Edorta Jimenez

"Adin eta sexu guztietako atseginzaleok, zuei eskaintzen dizuet lan hau: elika zaitezte hemengo irizpideez, zuen irriken alde mintzo baitira; irrika horiez baliatzen dira moralzale zorrotz eta ergelak zuek izutzeko (…). Irrika zoragarri horiei jaramon egin soilik; haien ahotsa izango da zorionera gidatuko zaituzten bakarra.

Bitxigorriaren iradokizuna:
1. Iluntzean, hartu gazazko zapi batzuk eta eraiki errezel bat zure ohean.
2. Itzali argi guztiak eta piztu kandela batzuk logela girotzeko.
3. Hartu liburua, oheratu eta murgildu istorioan.