Maika Makovski: «Biziraupen sena duten artista zintzoak behar ditugu»

Maika Makovski: «Biziraupen sena duten artista zintzoak behar ditugu» https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maika-makovski-biziraupen-sena-duten-artista-zintzoak-behar-ditugu/@@download/image/maika-20_1403873219.jpg
2015/03/04
elkarrizketa
TESTUA: Saioa Baleztena @SaioB
Maika Makovski: «Biziraupen sena duten artista zintzoak behar ditugu»
Egungo musikagintza arakatuta, zaila da Maika Makovskiren (1983) parekorik
topatzea. Aita mazedoniarra du eta ama andaluziarra, baina bera Palman (Herrialde Katalanak) jaio zen. Suitzako barnetegi batean koxkortu ondoren New York izan zuen bizitoki, 22 urte besterik ez zituenean, eta orain, Bartzelonan da.


Bizitokiz aldatzera ohituta zaude baina, nongotarra zara?
Edonongoa. Egia esan nahiko mazedoniarra sentitzen naiz, iaz ezagutu nuen familiaren herrialdea, eta liluratuta itzuli nintzen.

Aurrerantzean behintzat Bartzelonan jarraituko duzu, ezta?
Hasiera batean bai. Egia esan, New Yorketik iritsi nintzenean gogorra egin zitzaidan. Bakarrik joan nintzen Bartzelonara, eta hasieratik argi izan nuen bakarrik bizitzeko munduan dagoen hiririk okerrena zela. Denbora gutxi behar izan nuen, hala ere, bertako estimuluek harrapatu eta txipa aldatzeko.

Gaztetxoa zinenean jaso zenuen zure lehendabiziko saria, eta duela aste batzuk jaso zenuen orain arteko azkena.
Berezia izan da Forest abestiaren bitartez MAX saria irabaztea, beste gremio bati dagokiolako, batez ere. Antzerkian egin dudan lan oro erronka handia izan da niretzat beti. Horregatik, harro jaso dut, sorpresaz iritsi delako gainera.

Bidaiatu dezagun denboran. Nola hasi zinen musikara gerturatzen?
Zaila da jakitea! Nire aitak betidanik musika tresna ugari jo izan ditu, eta gertutik jarraitu izan dut txikitatik. Pianoa jotzen hasi nintzen lehendabizi, eta kantak idazteari, berriz, gaztetxoagoa nintzenean ekin nion, hamabi urte inguru izango nituen. Nire kontutik gitarra ikasten hasi nintzen, eta ordukoak dira lehendabiziko abestiak.

Nola bizi zenuen musika garai hartan?

Nire ideiekiko ilusio ikaragarria nuen. Musikan jarraituko nuela aurreikusten nuen orduan, eta ogibidea asko idealizatzen nuen, gehiegi! Oraindik ezezaguna zitzaidan musikagintzaren errealitatea, eta ez nuen inondik inora imajinatzen gerora egingo nuen ibilbideak zenbateraino harrituko ninduen.

Hel diezaiegun zuzenekoei. Azken urteetan maiz ikusi zaitugu Euskal Herritik, otsailean azkenengoz. Oker ez banago, Hell Doradorekin harreman berezia duzu.
Bihotzeko aretoa dut Hell Dorado. Kontzertu bat ongi ateratzeko behar den guztia egiteko gogoa dute beti, lan bikaina egiten dute eta gainera, sekulako jendea da! Areto guztiek eredutzat beharko lukete Hell Dorado.

Busti zaitez. Toki askotan jo duzu, baina nola sentitu izan zara Euskal Herrian?
Gure bigarren etxea da, hortaz, hitzak sobera daude. Hor hobeto ulertzen gaituzte gainontzeko leku gehienetan baino...

Gogoratzen al duzu Euskal Herrian jo zenuen lehendabiziko boloa?
Plateruenan izan zen, 2006an. Nire lehendabiziko bira zen, eta hain beldurtuta nengoen ahotsa ere galdu nuela. Hortaz, halaxe igo nintzen agertokira, larruzko galtzak jantzita eta tea eskutan.

Konposatzerako orduan, zein da zure inspirazio iturri nagusia?
Inguratzen nauten pertsonak, eta zenbaitetan baita filmak, liburuak edota albisteak ere. Baina gehienbat bizitzak berak inspiratzen nau, amodio zintzoak, ingurukoentzat dena ematen duen jendeak, honek betirako iraungo ez duela gogoratzearen malenkoniak eta, batez ere, orain hemen egotearen pozak.

Konposatzean inguruak eragiten dizula entzun dut. Konposizio dinamika zehatzik jarraitzen duzu edo modu naturalean ateratzen zaizu?
Anabasa orokorra alboan dudala bizi naiz, eta aurretik jakin ezin den moduan idaztea dut gustuko. Gorputzak eskatzen didan bezala idaztea maite dut. Oldarkorra naiz horretan.

Zein da taldean jarraitzen duzuen lan dinamika?
Etxean idazten ditut nire kantak, eta ondoren lokalera eramaten ditut. Han egokitzen ditugu zuzenean jotzeko, eta kontzertuetan izan behar duten horretan bilakatzen dira. Hori, edo zuzenean estudioan sartzen gara eurekin –kantekin– jolastera.

Taldeaz ari garela, gitarristaz aldatu duzue maiz. Lehendabizi Xarim Arestè, ondoren Oskar Benas eta orain Rubén Martínez. Zenbateraino eragin dizu horrek?
Xarim joatea izan zen kolperik gogorrena, lehendabizikoa izan zelako, eta hein batean, berak sortu zuelako bandaren soinua. Oso indartsuak sentitzen ginen bere ondoan, eta dena martxa hartzen hasi zenean alde egin zuen. Garai hartan Oskar Benas zen bera ordezkatu zezakeen bakarra. Eta berarekin bizi izan genituen gure bira urterik onenak. Oskarrek bere bidea jarraitzea erabaki zuenean, berriz, Ruben zen bera ordezkatzeko gai zen bakarra; musikari aparta da. Eta gauza bat esango dizut: Makovskiekin ez da sekula pertsona itzela ez denik izan!

Zure apostua Maika Makovski izan da betidanik, baina lan paraleloak jorratu dituzu antzerkian ere. Orain, ba al duzu norabide horretan proiekturen bat martxan?
Ez, orain disko berrian zentratuko naiz.

Antzerkian egin zenuen azken lanean Juan Echanoverekin aritu zinen. Nolakoa da berarekin agertokia konpartitzea?
Zoragarria. Uste dut edonork dakiela Juan pertsona itzela dela. Ez hori bakarrik, aktore-instituzioa da, eta gauero, hain gertutik, hura antzezten ikustea eskola izan zen niretzat.

Bestalde, jakin dut superstiziosa zarela... Horrek ba al du eraginik zure lanean?
Kar-kar. Ez pentsa, kontrolpean dut!

Eta topikoekin jarraituta, oker ez banago, komunikabideekin harremanetan egotea ez da gehien maite duzuna.
Duela zenbait urte baino hobeto daramat orain. Nire lanaren parte dela ikasi dut, eta ahal dudan heinean egokitzen saiatzen naiz, besterik gabe.

Krisiak gogor jo du musikagintza. Zuek nola daramazue?
Krisiak musika zigortu zuen gainontzeko sektore guztien aurretik. Nik zortea dut garai onegirik ere bizi izan ez dudalako, eta ondorioz, ez dut zerekin konparatu. Hala ere, oso konplikatua da gaur egun proiektu zail eta polit bat aurrera eramatea. Birak egitea oso garestia da, eta luxurik gabeko proposamenak mantendu behar dira. Izugarri gustatuko litzaidake hogei lagun biran eramatea, edo hamar, edo zortzi, baina furgonetan bost sartzen gara, eta hala ere zenbaitetan zaila da zenbakiak behar bezala ateratzea. ‘Txaparroia’ aguantatu behar da. Ez dago besterik.

Zer behar du testuinguru honetan musikaren merkatuak?
Musika zertxobait maite duen jendeak benetako proposamenak espero dituela uste duen horietakoa naiz. Hortaz, biziraupen sena duten artista zintzoak behar ditugu!

Krisiaren eraginez musika ekoizteko modu berriak nagusitu dira. Zuek adibidez, crowdfunding finantziazio sistema erabili duzue disko berria egiteko. Nola joan da?

Hala da, crowdfunding bitartez eskuratutako diruarekin aterako dugu disko berria. Zuzeneko berezia izatea nahi dugulako egin dugu horrela, eta binilo edizio mugatua izango da. Azal bakoitza nik marraztutako koadro batekin egingo dugu, hau da, eskuz egingo ditut banan-banan. Horrek ilusio berezia egiten dit.

Noiz ikusiko du argia?

Azaroan estudioko lana amaituta edukiko dugu, eta otsailean argitaratzea espero dugu.

Eta amaitzeko, udaran nondik ibiliko zara?

Aurtengoa lasaia izango da, denbora luzez izan ez den eran. Kontzertu bat edo beste badugu itxita, baina gehienbat disko berrian zentratuko gara.

Maikaren kuttunak:


Biran zoaztenean furgonetan hutsik egiten ez duen diskoa: Irratia entzuten dugu. Gustu ezberdinegiak ditugu...

Zure jarraitzaileek pentsatuko ez luketen baina gustukoduzun taldea: Mila bider errepikatu izan ez banu, prince.

Ahotsa zaintzeko sekreturik baduzu? Ez. Kontzertua hasiaurretik berotu ere ez dut egiten. Ahotsa zaintzen hasi beharko nuke...

Disko, liburu eta pelikula bana: Galdera hausegada bat da. Tira, Dirty Mind (Prince, 1980) diskoa, The Greapes of Wrath(John Steinbeck, 1939) liburua eta Ultimo tango a Parigi (Bernardo Bertulocci,1972) filma.

Agertokira igo aurretik behar duzu: Lasaitu, kontzertuanpentsatu eta egin behar dudanarekiko errespetua (eta ez beldurra) sentitu.

Eta kontzertua amaituta: Desagertu.

Kontzertu guztien artean bakarrarekin gelditu beharkobazenu? 2013ko abenduaren 29koa, hell doradon. bira luze baten amaiera izanzen, eta oskar benasen azken kontzertua.

Zein ez zenuke sekula errepikatuko? Santanderreko diskotekabatean jo genuena, aretoan itoginak zeuden, margo usainarekin mareatzen gineneta gainera, bertaratu zen jendeari ez zioten sartzen utzi.

 


SAREAN


facebook.com/maikamakovski