Markel Ormazabal: “Espetxetako arduradunak dira ezagutu ditudan lapur handienak”

Markel Ormazabal: “Espetxetako arduradunak dira ezagutu ditudan lapur handienak” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/markel-ormazabal-espetxetako-arduradunak-dira-ezagutu-ditudan-lapur-handienak/@@download/image/83p28markel_1363718729.jpg
2008/03/07
elkarrizketa
Markel Ormazabal: “Espetxetako arduradunak dira ezagutu ditudan lapur handienak”
Markel Ormazabal donostiarra da. Joan den hilean, urtebete egin zuen preso EspainIako Ocañako kartzelan. Markeli sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten, Jarrai-Haika-Segi auziaren harira. Geroztik, ez du Adikune musika taldean jotzerik izan. Ezta Donostiako Piraten mugimenduan parte hartzerik ere. Dena dela, lanean jarraitzen du. Kartzelan bertan. Irakurtzen, idazten, letrak sortzen, marrazten, gogoeta egiten... 

Nolakoa da zure egun bat kartzelan?
Espetxea kudeatzen dutenengatik balitz, ohikeriara kondenatuta geundeke. Lehen gradua ezarria dugun presoak gara eta, honenbestez, gimnasiorako irteerak salbu, ez dugu inolako jarduerarik. Ez tailerrik, ez zinemarik, ez ezer. Bill Murrayren Groundhog day filmean [egunero egun berean esnatzen den pertsona baten istorioa] bezala sentiarazten zaitu espetxeak.

Eguneko lehen zenbaketa 07:30ak aldera izaten dugu. 08:00etan, gosaria, nork bere ziegan. Eta 09:00etan, nahi izanez gero, bi orduz irten gaitezke gimnasiora. Goizeko patio egonaldia bi ordukoa izaten da: 11:00etatik 13:00etara. Gero, berriro ziegara: bakarka bazkaldu, eta arratsaldera arte. Beste bi orduz irten gaitezke, arratsaldean, patiora, baina ordutegi hori urtaroen eta, bereziki, zaindarien esku egoten da; orain, neguan, 16:00etatik 18:00etara ateratzen gaituzte. Ziegara berriro ere, eta 19:30ak aldera afaria, eta hurrengo egunera arte. Hau dena astean zehar; jai egun eta asteburuetan ez dugu gimnasiorik izaten eta ziegan hogei ordu igaro behar izaten ditugu. Hori bai, asteburuetan bisita eta aurrez-aurrekoak izan ohi ditugunez, gaitz guztiak sendatzen zaizkigu... Kar,kar,kar...

Errutina eta denbora dira presoaren etsairik handienak, eta espetxeko arduradunek hori badakite. Beste gauza bat da guk zer egiten dugun horri aurre egiteko. Denok ditugu gorabeherak, baina nik esan dezaket orain artean ez dudala aspertzeko denbora luzeegirik izan. Ikusiko dugu...

[Sarrionaindiak Gartzelako poemak liburan ondorengoa zioen, Territorio librea poeman:

Funtzionarioak zelatan ditugu beti:

bazterretik jarraitzen digute patioan,
atzetik jarraitzen digute komunera,
aurretik jarraitzen digute bisitara,
ateko mirilatik zaintzen gaituzte zeldan
eta gure loa ere zelatzen dute.
Haiengandik ezin dugu aldegin
ez patioan, ez komunean, ez bisita
kabinan, ez zazpigarren loan.
Euskara da gure territorio
libre bakarra.

Euskaraz solasean hasiez gero
hara hor funtzionario bat berehala
ezkutuan gure ondora datorrela.
Zihur ez duela deus ulertzen euskaraz
baina bertan geratzen da zelatan,
espioi filmetako espioiaren moduan.
Dena dela, guk ez diogu euskarazko
lehen ikasgaia ere emanen eta,
gutako batek oharkabean bezala dio:
emukatup tab kogaid erug naedlakezta
ae neztidnufnok nugud.]

Kartzelan, ba al dago funtzionarioen begiradetatik aske den territorio librerik?

Ziegatik gimnasiora eta bertatik oso gertu dagoen patiora ez daude hogei metro; aipatutako galeria, patioa eta bisitaldietarako egiten dugun bidea ere kameraz zelataturik daude. Ziegetako burnizko ateek behatxuloa dute, zenbaketetan ikus gaitzaten. Gutunak, telefono deiak eta bisitak zein aurrez-aurrekoak ere kontrolatuak ditugu. Patioan hamahiru lagun elkartzen gara, baina ez denak euskaldunak; lau arabiar eta madrildar bat ere badaude. Beraz, elkar komunikatzeko gaztelera erabili ohi dugu. Euskaldunon artean euskaraz mintzatzen ahalegintzen gara, batez ere ziegetan leihotik leihora izaten ditugun elkarrizketetan. Egunerokoan, alboan ditugun zaindariek ez dute tutik ere ulertzen eta bai, euskara izan daiteke territorio librea. Baina Sarrik dioenaren kontra, oraindik ez dute gure ametsetan sartzeko eta haiek kontrolatzeko modua asmatu. Ametsak ere territorio librea dira. Egin kontu: Aznarren emazte Ana Botella presoei lotan igarotako orduak zigorretik deskontatzearen alde azaldu zen! Zerbaiten jakitun bada... Kar, kar, kar...

Sestaoko Hasi bertso-eskolarako egin dudan bertso honek ere erantzuten dio galderari: Goizero dugu morsea, kin-kan atean iltzea, / esna ez dagoenarekin / zaindaria ez da asea. / Urdinezkoa da hemen / giltza guztien jabea / gogor ekiten diote / atea marruskatzea. / Maindire goxotasunak / eragin dio haserrea, / ametsak baitira nire / gune libre eta askea. / Esnatzean berriz daukat / espetxearen ajea, / ametsek kentzen didate / askatasunan gosea. Kendu, kendu... ez, baina ordu batzuez asetu bai. Gainera, lo egon gabe ere amets egin daiteke, ezta?

Bertso zaharra da ondokoa: Lapur txikiak gastigatzeko, nonahi badago kartzela/ handiak hor ikusten ditut, paseoan dabiltzala… Nolako lapurrak ezagutu dituzu kartzelan?
Lapur txikiz beterik daude kartzelak; handiak, berriz, eskuko hatzekin zenba daitezke, nahiz eta, azken boladan, hirigintza ustelkeria dela-eta ugaritzen ari direla dirudien. Azken horiek interes politikoa oinarri duten operazioak dira, ez dute inola ere lapurreta jazarri nahi. Espetxeak mukuru beterik dauden bitartean, lapur handiak enpresa handietako administrazio batzordeetan eta gobernu gabineteetan daude.

Martutenen egin nituen lau egunetan, auzoko —Donostiako Parte Zaharra— lapur txiki askorekin topo egin nuen. Berezia zen egoera, gehienak ezagutzen bainituen. Hemen, berriz, espetxe barruko espetxe txikiago batean gaudenez, harreman gutxi dugu preso arruntekin. Noizean behin zigortutakoren bat ekartzen dute guregana, gurea zigortuentzako patioa ere badelako. Baina esan bezala, harreman gutxi dugu gainontzeko presoekin.

Ezagutu ditudan lapur handienak espetxeetako arduradunak direla uste dut. Negozio handia mugitzen da kartzeletan. Europako Parlamentuak, adibidez, dirulaguntza handiak ematen ditu presoko. Espetxe bakoitzean saltzen diren produktuek ere interes jakin batzuei erantzuten diete. Eta ehunka presok kartzelan lan egiten dute, miseria baten truke, burnizko piezak edo espetxe ondoko tabernarako Francoren irudia duten poxpolo kaxak egiten. Hamaika kartzela berri egitear daude. Funtsean, gizartearen segurtasuna izugarrizko negozioa besterik ez da. "Espetxeak beraien jabeentzat" zioen Dut taldeak... Horixe, bada.

Joan Bidart preso gaztea bere buruaz beste egiten ahalegindu zela jakin genuen joan den urte bukaeran. Presoak auto-suntsipenera eramatea da kartzelaren egitekoa?
Bergizarteratzea, heziketa, desintoxikazioa... espetxe politikan erabilitako hitz ponpoxoak dira. Baina, inori gomendatzen ez diodan arren, bertan egun bakar bat igarotze hutsarekin, kartzelak gupidarik gabe zigortzeko besterik ez duela balio ohartzen da bat. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideok, gainera, beste zigor bat ere badugu: isolamendua. Dispertsioak senideengandik eta lagunengandik urruntzen gaitu, eta bisitak zaildu egiten ditu. Gutunek, aldizkariek eta antzekoek denbora ematen dute gure eskuetara iritsi baino lehen, bidean galduarazten ez badituzte… Abokatuen gutunak zabalik jaso izan ditugu, hori erabat legez kontrakoa den arren. Lagunen bisitak ere murriztuak ditugu. Isolamendu geografiko, familiar, kultural eta soziala da, eta hamaika aurpegi eta hamaika forma izan ditzake. Gogorrena, hala ere, Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekiko isolamendua izan daiteke. Espetxeratu berri zarela, izugarrizko babesa da alboan kide bat izatea; nire kasuan, egunerokora egokitzeko funtsezkoa. Azken isolamendu mota hori aspalditik ezartzen dute Espainiako espetxeetan, eta Frantzian ere ohikoa bilakatzen ari da Ipar Euskal Herriko militanteen kasuan.

Gerra politika argia da euskal preso politikooi ezarritakoa. Joani gertatutakoa eta antzekoak ez dira kasualitatea, ongi diseinaturiko politika baten ondorioa baizik. Politika horrek dagoeneko 36 preso eta senide hil ditu.

Hasieran esan bezala, espetxea zigortzeko egina dago. Hemen daramadan denbora tartean, hiru preso arruntek haien buruaz beste egin dute; guk dakigula, bederen. Eta 'bergizarteratzea' eta antzeko hitz ponpoxoek burdin-harian eskegirik diraute.

Zer da gutuna preso baten bizitzan? 

Gutuna gauza handia da presoarentzat. Behin baino gehiagotan irakurri izan dut denbora eta distantzia direla gure bizialdia ulertzeko gakoa. Hau horrela bada, zer esango dugu preso baten bizitzan! Distantzian urrun gaude, ez soilik sakabanaketaren ondorioz; murruak, hormak eta burdin-hariak dira kanpoko eta barruko munduen arteko muga handiena. Errealitate erabat desberdinak izateaz gain, jendartearekiko deseroso dena alfonbra azpian gordetzeko balio du espetxeak: zulo ilunean, urrun. Bestalde, eta hasieran esan bezala, presoa denborari estu loturik dago. Kartzelako egonaldia, zigorra, denbora baita. Eta gutunak, hain zuzen ere, bi elementu horiek eraldatzen ditu: urruntasuna hautsi eta distantzia murrizten du. Hau da, kaleko eguneroko bizipenen eta presoaren artean zubia eraikitzen du, murruez gaindi, eta askotan lagunekin harremana mantentzeko ezinbesteko tresna da; dela bisitak debekaturik dituztelako, dela eurak ere gatibu daudelako. Eta hogei urte espetxean daramatzan kidearentzat are garrantzitsuagoa da, ikuspegi horretatik, gutuna. Denbora ere nolabait xahutzen laguntzen digu, egunerokoaz abstraituz eta jende berria ezagutuz.

Gauza handia da gutuna. Kaleko jendearentzat espetxeko bizitza ezagutzeko aukera egokia ere bada. Kartzelako arduradunek ongi dakite hori, eta askotan adierazi gabeko zentsura ezartzen dute. Aurretik aipatu duzuen Sarrionandiaren olerki liburu bereko testu batek dioenez, "…eta gure gutunak ez dira sekula iristen: helbideko kaleraino ailegatzean karteroa, taberna morera (?) sartu, mozkortu eta gutun guztiak galtzen ditu". Batzuetan bai; ez, ordea, postariaren deskuiduarengatik… Herri gehienetan presoak daude, eta zentsuraren gainetik behin eta berriro saiatuz bada ere, beraiekin harremanetan jartzea gomendatu nahi diet nik irakurleei; ez zaizue damutuko eta eskerra, berriz, ezin azaldu…

Non lortzen da errazago droga? Kalean ala kartzelan? Zer mugitzen da hor barruan, eta nola mugitzen da?
Ezin da esan kalean droga eskuratzea lan nekeza dela. Alderantziz, narkotrafiko sareak, maila guztietan, ongi sarturik daude jendarteko alor guztietan. Eta are gehiago espetxean, preso gehienak hemen droga aferengatik daudela kontuan izanik. Kaleko sarearen jarraipena da kartzela barrukoa. Edo alderantziz. Kalean bezala, hemen ere ez da zaila droga eskuratzea; garestiagoa bai, ordea, hona heltzeko igaro beharreko trabengatik. Hori dena, legez kanpoko drogei dagokienez. Izan ere, espetxeak berak banatutako pilulekin eta "baimendutako" gainontzeko drogekin ere sekulako trapitxeoa izan ohi da. 

Kaleko formula bera erabiltzen dute barruan ere maiz; hau da, "hobe, drogatuta antolatuta baino" edo "kontsumitzen dutenean, gutxienez, lasai egoten dira". 2002. urtean Alcala Mecoko gazteen moduluan egin nuen egonaldi laburrean ohartu nintzen horretaz. Inorentzat oharkabe igaro ezin den moduan pasatzen da droga espetxean eskutik eskura. Askotan, baita kameren eta gariten aurrean ere. Baina, tira, soilik norberaren kalterako bada, arduradunentzat gaitzerdi… Espetxera sartu aurretik inolako droga "gogorrik" probatutakoa ez zen jendea eta pare bat hilabeteko egonaldiaren ostean engantxaturik zegoena ezagutu dut. Askok ez dute ikusten espetxeko bizi baldintza gogorretatik ihes egiteko beste biderik.

Segi gazte erakundekoa izateagatik zaude preso. HBko Mahai Nazionalekoak ere preso dira, 18/98ko auziko ia guztiak ere bai, beste auzi batzuk ere ate joka ditugu… Martin Niemöller apaiz luterar alemaniarraren poesia datorkigu gogora:
"Naziak komunisten bila etorri zirenean,
isilik geratu nintzen,
ni ez bainitzen komunista
(…)
Nire bila etorri zirenean,
Jada ez zegoen protesta egin zezekeen inor".
Euskal Herrian halakorik?
Hitzen esanahien eta definizioen galbideratze ikaragarria dago. Demokrazia ez da sistema hermetikoa, eta berau ez da guztiontzat berdina. Zuzenbide Estatua erdizkakoa izan daiteke, eta baita txarra ere. Are gehiago, aldiro hauteskundeak egiten dituzten estatuek ez dute zertan demokratikoa izanik.

Hau esan ondoren, bi aipamen egingo nituzke. Alemaniako nazionalsozialismoak ez zuen inoiz Weimarreko konstituzio demokratikoa indargabetu; ad hoc egindako legeak eta interpretazioak gehitu besterik ez zuen egin. Eta Guantanamo ez zuten naziek eraiki, beren burua demokratikotzat duten AEBek baizik.

Zuzenbide estatu baten oinarria botere banaketa da, Espainiako Estatuan zeharo hankazgora dagoen printzipioa: lehenik jarraitu beharreko estrategia politikoa zehazten dute, eta jarraian, justizia haren arabera egokitu. Gurean ere, Haika-Segi, 18/98, Batasunaren aurkakoa eta beste hainbat ad hoc eginikoak dira; euskaldunontzat propio eginak. Hau da, zuzenbideak ezinbestekoa duen orokortasun printzipioa hautsi egiten dute, eta neurrioak esanahi eta ondorio berriak ekartzen dituzte. Beraz, inongo legerik aldatu behar izan gabe, haien interpretazio interesatu hutsarekin, izendatu gabeko salbuespen egoerak ezartzen dituzte. Legeak askatasunaren gramatika izan beharko luke eta, horren ordez, salbuespena arau bihurtzera iritsi dira. Irakeko inbasioa eta AEBetako gobernuaren metodoak gaitzetsi dituen PSOEk Euskal Herria Guantanamo erraldoia bilakatu nahi du. Espainiako demokraziak egunero erakusten digu zer ez den demokrazia. Eta demokrazia izaten jarraitzen omen du.

Abenduan, Burlatan, poliziak "hemen ez dago demokraziarik" oihukatzea debekatu zuen manifestazio batean, eta hala ere, alderdi gehienek eroso jarraitzen dute sistema horren altzoan. Ez, ordea, euskal herritar askok, jakin baitakite eurak direla, gu garela, gudarako egindako salbuespen legeria honen jopuntu: independentistak, herrigintzan edo euskalgintzan aritzen direnak... Indarrean dagoen teoria erakunde terrorista desarmatuarena da. Gainera, nahikoa da poliziak argazki batean agertzen zarela esatea atxilo zaitzaten, Donostiako hainbat gazteri gertatu bezala; ondoren kalean gera zaitezke, baina komisaldegiko tortura egunak ez dizkizu inork kenduko.

Ez gaitezen engainatu, legeen irakurketa berezitu honek ez du mugarik. Gaur estatuentzat arazo ez dena bihar zigortzeko lehentasuna izan daiteke; bide horixe darabilte. Baina ez dira sekula azkenaren bila joatera iritsiko, lehenago haustura gertatuko da eta. Frantziarekiko eta Espainiarekiko haustura.

Ezinezkoa da, ezin da, ezarri diguten sistema hauekin demokrazian bizi. Geurea behar dugu, eta orain: Euskal Demokrazia. Niemöllerrek euskaldun izan nahi luke, baita Bertol Bretchek ere. Izan ere, gure herrian, pertsona bat eramanez gero, bi, hiru... hamaika lagunek betetzen dute hark utzitako tokia.

Nola aurre egiten diozu denborari? Zein liburu dituzu eskuartean? Zeintzuk irakurri dituzu azken boladan? Idazten duzu?
Isolamendu modulu honek ezarritako errutina hausten ahalegintzen gara. Baita lortu ere; kideen arteko harremanak ahalbidetzen du hori.

Patioko orduetan, goiz edo arratsalde, kirola egin ohi dugu. Saskibaloirako saskiak baino ez ditugu, baina zakarrontziekin inprobisatutako zementuzko zelaian futbitoan, edo adreiluz josiriko horman palan ere aritzen gara. Euria egin ez badu, noski; hala bada, patioan korrika biraka ibiltzea beste aukerarik ez dugu. Eta partidak zirraragarriak izaten dira benetan; gure artean, bada ohorea ere jokoan galdutako jendea... Kar, kar, kar

Ziegetan, ordea, norberak aurre egin behar dio denborari. Eta bai, asko irakurtzeko aukera dut orain; hirunaka ere izaten ditut liburuak eskuartean! Poesia, nobela eta beste irakurketa mota batzuk nahastu egiten ditut. Oraintxe Bukowskiren Poema antologia, Koldo Izagirreren Teilatuko izarra eta Stewart Homenen El asalto a la cultura ditut ohe alboan. Dena dela, ziega horren txikia da, ezen dena dudan ohe alboan... Kar ,kar, kar. Azkenaldian, bestalde, Galsan Tschinag-en Dojnaa, Xabier Silveiraren A las ocho en el Bule, hainbat egileak —tartean Ulrich Brand edo Toni Negri— idatzitako Contrapoder. Una introduccion eta Groucho Marxen beraren Groucho eta ni irakurri ditut, besteak beste. Alboko kidearen ziegan Joseba Sarrionaindiaren Hnuy illa nyha majah yahoo aurkitu eta gustura irakurri nuen berriro ere.

Hemen nagoenetik marrazteko zaletasuna berreskuratu dut. Postalak ez ezik, hamaika kamixeta ere marraztuak ditut. Eta idatzi ere egiten dut. Gehienbat, nola ez bada, gutunak. Irutxuloko Hitzan Loretopetik atalean idazten jarraitzeko aukera eskaini zidaten, eta Donostiako Piraten mugimenduarentzat ere eginak ditut hainbat artikulu. Denbora librean bestelakoak ere idazten ditut, baina haiek bikotekidearentzat edo niretzat gordeak dauzkat... Kar, kar, kar. Eta noski, telebistak ere lapurtzen dizkigu orduak.

Zu kartzelan zeundela Donostiako Intxaurrondo auzoko Letaman gaztetxea bota zuten. Zer sentitu zenuen albistearen berri izan zenuenean? Nola oroitzen dituzu urte haietan gaztetxean izandako esperientziak?
Aldez aurretik idatzitako kronika baten gertakaria izan da Letaman bota izana. Aspalditik —hilabeteak, ia urteak— zuen asmo hori Udalak. Jakitun nintzen, eta hala ere, ezintasuna sentitu dut. Oro har, espetxean egonda, inguruan, kalean… gertatzen diren gauza gehienekin ezintasuna sentitzen duzu; gertatzen direla irakurtzen duzu, edo kontatzen dizute, eta ezin duzu ezer egin, edo ia ezer ere ez.

Gure belaunaldiak ezagutu ditu gaztetxeak Donostian. Auzo gehienetan, nirean salbu: Rutilita, Iztueta, Etxe Urdina, Antiguakoa, Loiolakoa... Parte Zaharreko saioak modu berean amaitu dira: kolpeka. Ondorioz, gaztetxeekin nik izandako harremana beste auzo batzuetan izan dut, eta gehienbat, Intxaurrondoko Letamanekin eta Egiako Ametsenearekin. Lehenarekin, agian, koadrilako lagun batzuek bertan ikasi zutelako ikastola zen garaian, edo okupazioan parte hartu ez nuen arren, lehen une haietan, oso urrun ez genbiltzalako; okupazio mugimenduaren ateak zabaldu zizkidan proiektu hark nolabait. Gerora, musika taldearen entsegu leku izan zen lau urtez. Ordu asko pasatu ditugu bertan.

Hainbat arrazoi zirela medio, ez nuen gaztetxeko asanbladan parte hartzeko aukera izan, baina bertako musika talde gisa, beharra izan denean, prest egon gara beti laguntzeko, eta jaialdi ugari ere antolatu ditugu. Ez dakit zein erakarpen zuen niregan Letamanek, baina parranda izanez gero eta bertaratuz gero... akabo! Gazte mugimenduan lanean igarotako azken urteetan, beste edozein gai baino gusturago jarraitu ditut okupazioari eta gaztetxeei buruzkoak.

Ahalgarritasun ikaragarria duen borroka izateaz gain, aldatu nahi dugun sistema hankazgoratzeko praktika ezin hobea da. Donostian agerikoak ziren hutsuneak, baina esperientzia zinez aberasgarriak ere izan dira. 2007an gaztetxerik gabe geratu da hiria, eta borroka horretan, orpoz orpo aritu garen lagun asko espetxean gaude orain. Baina gazteon beharrei aterabiderik eskaintzen ez zaien bitartean, mugimendua geldiezina izango da. Presta daitezela alkateak... Kar, kar, kar...

Zure buruan, Adikune-ko kanta berriei bueltaka zabiltza? Hitzak prestatzen, melodiak irudikatzen, kontzeptuak pentsatzen aritzen zara?
Egia esan, eskuetan gitarrarik izan gabe zaila da. Entzuna dut alboko patioan gitarra hotsa, eta baimena eskatua dut eduki ahal izateko. Alferrikako saioa, ordea. Egia esan, ez nuen gehiago espero, baina ahaleginean temati jarraitzeko asmoa dut!

Hitzak prestatzen banabil. Hemengo melodia bakarra burdinezko ateak ateratzen duena da, kontzeptuak ere lau horma barruan daude, baina idazteko agortzen ez den inspirazio iturria da espetxea. Momentuz, Adikuneko gainontzeko taldekideek badituzte beren proiektuak, eta horretan dabiltza buru belarri.

Musikherria proiektuko kide zara. Barruan, baduzu kanpoan ateratzen ari diren musika disko eta proiektuen berri?
Gure lehenengo maketa Musikherriarekin kaleratu genuen, Gaztetxe Bira eta Durangoko Rock Maratoian aritu ginen, baina taldekideen denbora faltarengatik ez dugu proiektuan parte hartzeko nahi adinako aukera izan. Azken ekarria Durangoko azokarako errepresaliatuek eta musikariek elkarrekin kaleratutako CDan parte hartzea izan da. Bertan, Fernan Elejaldek eta biok letra bat egin genuen, eta Korunba taldeak musikatu du.

Musikherria azken urteetan Euskal Herriko musikagintzan sortutako proiektu interesgarrienetako bat izan da. Gero eta musika talde gehiagok hautatzen dute autoekoizpenaren bidea, eta Musikherria sekulako bozgorailua da haientzat. Kapitalismoaren logikan kultura merkantilizatzen ari da, eta horren aurrean, kultura herritarra edo popularra sustatu beste biderik ez dagoela uste dut. Adikune ere sorkuntza modu berriak eta alternatibak garatzearen aldekoa izan da betidanik. Herri bat ez da inoiz aske izango bere kultura libreki garatzen ez badu. Hau da, herriak berak herriarentzako kultura sortzen ez badu.

Proiektu berriei dagokienez, ahal dudan heinean bederen, jarraipen zorrotza egiten ahalegintzen naiz. Lagunek bidalitako aldizkariez gain, kideen artean ere badaude musikazaleak,  eta albisteak eta fanzine zein musika aldizkariak eskutik eskura ibiltzen dira. Hilean, gutxienez, lau musika aldizkari irakurtzen ditut.

Zein kontzertutara joan nahi zenuke orain, ahal izango bazenu?
Hori galdera! Oraintxe, Space Girls-en Madrilgo kontzertuan ere gustura nengoke... Kar, kar, kar... Serio jarrita, zerrenda luzea osa nezake, luzeegia. Gure aurkako ebazpena kaleratu eta astebetera, Izaera eta Neubat taldeekin aritzekoak ginen, Loiolako gaztetxean. Kontzertu horixe gorderik dut oraindik. Bestalde, urte luzez Lisabö oholtzara berriro noiz igoko zain egon ondoren, espetxean harrapatu nau itzulerak. Gutxienez, txiripaz edo, Ezlekuak azken lana lortzeko aukera izan dut. Ederra! Azkenik, eta itzulerekin jarraituz, Anestesia, Kashbad eta Deabruak Teilatuetan zuzenean ikusteko gogoz geratu naiz. Baina ez horiek bakarrik, zerrendarekin jarrai nezake eta:  Turbonegro, Queens of tfdhe Stone Age, Explosions in the Sky... Euskal Herrian biran ibili dira.

Donostiako Piraten mugimenduan ibilia zara. Urrunetik, nola bizi izan duzu Aste Nagusiko piraten abordatzea? Inoiz baino jende gehiago izan da aurten, eta komunikabideetan oihartzun handia izan du…
Jai herrikoien aldeko abordatzearen bosgarren urtea zen, eta nola irtengo zen jakiteko gogoa eta irrika nuen. Egunean bertan, goizez, telefonoz hots egin eta kaian muntaketa lanetan ari ziren lagunekin hitz egin nuen. Atzealdeko jai giroa ere entzun nuen. Eta irrikari inbidia txotxolo moduko batek hartu zion lekua. Kar, kar, kar... Horrela igaro nuen Aste Nagusia!

Zer aldaketa ekarri diote piratek Donostiako Aste Nagusiari?
Donostiarren zati handi baten eskariari bide eman besterik ez dugu egin. 80ko eta 90eko hamarkadetako saioen ondoren, eta urte batzuez isilpean egon ondoren, jai herrikoien aldeko aldarrikapena aireratu da berriro ere. Egindakoak arrakasta izan badu, bestelako jai eredu batean oinarritutako eskaintza garatu delako izan da. Herritarren eskaria besterik ez zen.

Eta aldaketa nagusia, argi dagoenez, Aste Nagusian programa bat baino gehiago egotea izan da. Horretan datza, gure ustez, jaiaren balizko arrakastak; eskaintzaren aberastasunean. Herriko jaiak kulturaren adierazpide direla ulertuta, gaur egungo kulturaren ezaugarri nagusia sinkretismoa dela ikusten dugu: mestizajea eta tradizioak nahastea. Erroak zeintzuk diren ahaztu gabe, baina Sarrionandiak dioen bezala, erroak ez dira hersteko, baizik eta beste erro batzuetara irekitzeko. Izaera hori, partehartzean oinarritutako ereduaren mantuan bilduta, oraingo Aste Nagusi elitista, kosmopolita eta burgesa eraldatzeko bidean jarri dugu. Poliki-poliki bada ere. Aldaketa hori beharrezkoa da. Lan asko dago egiteko.

Noiz izango dira Donostian Bilboko Areatzakoen moduko txosnak?
Lehenik eta behin esan beharra dago Donostiako Aste Nagusian txosnak daudela. Hori bai; gero eta gutxiago, eta eragile guztiok bete ezin ditugun baldintzez beteriko halamoduzko zozketa baten ondoren antolatuak. Nik dakidala, aurten zazpi jarri dituzte Pasealeku Berrian eta Saguesen.

Horixe da Udalaren tranpa: Kaian, Bulebarrean, Zuloaga Plazaren inguruan eta Pasealeku Berrian izandako gune herrikoiak zapuztu ondoren, txosnen aldeko aldarrikapena ahultzeko asmoz, txosnak haren egitasmoa balitz bezala aurkeztu izana. Baina, nire ustez, fartsa hori desagertzear dago. Izan ere, urtez urte gero eta agerikoagoa da jaiaren kudeaketa enpresa pribatuen esku geratzen ari dela. Aipatuko ez ditudan bi enpresen txosna berde-gorriak ikustea ohikoegi bihurtzen ari da. Donostiako kultur ekitaldi garrantzitsuenetan ere, berdin; kultura salgai jarri du alkateak.

Nabarmendu nahi nuke txosnena ez dela, orain artean, Piraten mugimenduaren aldarrikapen nagusietako bat izan. Aurten, lehen aldiz —eta kontatu didatelako eta irakurri dudalako dakit hau—, gune bat eskatu diote Udalari. Dena dela, gune herrikoi bat txosnetatik haratago doan herritarrentzako elkarlekua da; benetako jai eskaintza osatua garatzeko bitarteko hutsa, hiriko kale guztiak jai gune erraldoia direla ahaztu gabe.

Gainera, gainontzeko herrietako esperientzietatik ikas daitekeen arren, nahiago izan diegu Donostiako bertako esperientziei erreparatu. 80ko hamarkadan jai batzorde herritar osasuntsua aritu zen Aste Nagusian, eta badugu, beraz, nora begiratu. Jaiaren funtsak edo oinarriak herri edo hiri horren berezko izaera izan behar du. Argi dago Donostiak berezko izaera duela. Hortaz, etorkizunean gunea ere halakoa izango da, ez Bilbokoa baina hobea edo okerragoa; berezkoa baizik. Eta orain arteko martxan jarraituz gero, ez dut urrun ikusten aukera hori. Torlojuaripare bat bira eman besterik ez dugu —ez duzue— egin behar.

Jai herrikoien alde lan egindakoa zara. Zein bide hartu beharko luke mugimendu horrek benetako jai herrikoiak lortzeko?
Ez dut uste gomendioak emateko egoera onenean nagoenik. Mugimenduaren nondik norakoen jarraipena egiten dudan arren, egunerokotasunetik aldenduta egoteak azterketa egokia egiteko elementuak lapurtzen dizkit. Gainera, konfiantza osoa dut lanean ari diren piratengan... Zer gutxiago! Baina galderak eskainitako aukera baliatuko dut, noski. Kar, kar, kar…

Botereak, eta Donostiako Udaleko arduradunek bereziki, askotariko proposamen politikoak bere egiteko gaitasuna du (dute). Aurpegia zuritzeko edo herri mugimendua indargabetzeko soilik bada ere, herritarren aldarrikapenak apaindu eta bere egiten dituzte, eta haien defendatzaile sutsu bilakatzen dira. Txosnen aferan gertatu bezala. Eta ondo legoke hori, baldin eta egiazko borondatez egingo balu. Orain ere arrisku beraren aurrean dago jai herrikoien aldeko mugimendua. Poliki-poliki, Donostiako Udala parte hartzearen bandera nola jasotzen ari den ikusten ari gara, eztabaida foroak sortuta, tailer sasi-partehartzaileak antolatuta... Horren aurrean aukera bakarra dago: benetako mugimendu kontrakulturala sortzea eta eraikitzea. Jasan edo sostenga al dezake botereak eraldaketa oinarri duen eta arrotza zaion kultura? Ez dut uste.
Guk eskaitzen dugunak ez du antzik Udalak eskaini dezakeenarekin. Horrek bihurtzen gaitu ezinbesteko jaiaren antolaketan. Eta, Donostiako Piraten kasuan, mugimenduaren indarra aste osoko jai eskaintza osatua eta aberatsa aurkeztea da. Programa partehartzailea eta herrikoia aurkeztu, herritarron eskaria ageriago utzi eta ereduen arteko talka ahalbidetu behar da. Nire uste apalean, horrela baino ez dugu lortuko Aste Nagusian herriari dagokion tartea.

Bestalde, ezin ahaztu 2006ko Aste Nagusian 40 eragilek baino gehiagok aurkeztutako manifestua. Presio bide aparta da hori Udalera jotzeko orduan. Balizko herri batzorde baten hasiera ere izan daiteke. Baina hori eragileen esku dago.

Markel Ormazabalen kuttunak



Liburua: Manual de guerrilla de la comunicacion,  (grupo autonomo a.f.r.i.c.a. Luther Blisset/ Sonja Brünzels): “Epaiketan borrokara eragin izana leporatu ziguten, eta fiskal jaunari leial, liburu hau aukeratu dut. Gainmodernismo globalizatuaren komunikazio/ inkomunikazio sisteman eragiteko ezinbesteko eskuliburua. Irudimena da boterea”.
Idazlea: Ezinezkoa zait bakar bat aukeratzea, baina Martxel Mariskalen testuak oso gustukoak ditut, esaterako.
Musika: Refused-en The shape of punk to come. “Oraindik ere, espetxean egonda ere, nerbioa hiltzen lagundu eta irribarre bat lapurtzen didalako”.
Zinema: Robert Rodriguezen Sin City. “Komikizale porrokatua naiz eta. Kalean igarotako azken urtean gehien ikusi dudan filma da. Eta nire ustez, zinemara eramandako komiki baten egokitzapen onena”.
Festa: San Sebastian eguna. Dudarik, ala?
Komikia: Kristalezko hiria. Paul Austerrek idatzia eta Paul Karasik eta David Mazzucchelik egokia. Frank Miller eta Hugo Pratt-en komikiak ere ikaragarriak dira.